Xabier Terreros gailendu da Nafarroako Bertsolari Txapelketako bigarren final-laurdenean

Xabier Terreros –

Martxoaren 19an Antsoainen jokatuko den finalaurrekorako txartela lortu zuen Lesakako bertsolariak. Ehun bertsozale inguru bildu ziren Auritzeko Kultur Etxean.

Ehun bertsozale inguru elkartu ziren pasa den igandean Auritzeko Kultur Etxean, 43. Nafarroako Bertsolari Txapelketaren bigarren final-laurdena jarraitzeko. Horien aurrean aritu dira kantuan Xabier Terreros, Saioa Alkaiza, Ioar Tainta, Alazne Untxalo, Patxi Castillo eta Joana Ziganda. Lehen parte hartzea izan du txapelketan Zigandak. Iker Mundiñano aritu da gai-jartzaile zereginetan.

Saio puntugarriaren ostean, Xabier Terrerosek eskuratu du puntu gehien, 321,5 , eta hortaz, martxoaren 19an Antsoainen jokatuko den bigarren finalaurrekorako txartela eskuratu du. Haren atzetik sailkatu dira Saioa Alkaiza, Patxi Castillo, Alazne Untxalo, Ioar Tainta eta Joana Ziganda. Bost bertsolari hauek gainontzeko final-laurdenetako puntuazioen zain egon beharko dute hurrengo fasera sailkatzen diren jakiteko. Osotara, 18 bertsolarik egingo dute aurrera, oraingo 30tatik.

Xabier Terreros

Hurrengo igandean, otsailak 26, jarraituko du Nafarroako Bertsolari Txapelketak. Lakuntzako Kultur Etxean jokatuko da hirugarren final-laurdena, 17:30ean, eta bertan ariko dira Eneko Lazkoz, Aimar Karrika, Oier Lakuntza, Iker Gorosterrazu, Egoitz Gorosterrazu eta Joanes Illarregi. www.bertsosarrerak.eus atarian eskuratu daitezke sarrerak, eta baita Lakuntzako Ogiberri Apur-en ere. Saioaren egunean, gainera, zabalik izanen dira Lakuntzako Kultur Etxeko leihatilak.

Xabier Terreros