Hainbat eta bakarra

Hainbat eta bakarra –

Doinua: Euskal Herriko lur maite hartan

 

Hainbat eta bakarra

 

1.

Ustekabean igaro dira
25 urte handi,
horrela mende laurdena jantziz
gure aldizkariari,
hargatik une ona da bista
luzatzeko emanari…
Nola sortu zen? Zer azaldu du?
Zer jaso du aldiz aldi?
Ea bertsotan esan nezakeen
zer izan den Bertsolari!

 

2.

Aldizkarian azaldu dira
makina bat terrikola,
euren sekretu intimoenak
erakutsiz, hala-nola;
Mañukortaren aurpegiari
bits zuria dariola,
edo anaia dudanak hari
bizarra kentzen diola…
Neurri batean ez al da izan
bertsolaritzaren Hola?

 

3.

Ale batzuen berezitasun
puntuak ez du parerik;
zer esan franko eman digute
horrenbeste animalik!
Amerikara bidaia latza
egin zuten pajaro bik;
azaletara begira ez da
falta zozo zein ardirik…
Ez al da izan bertsolarien
National Geographic?

 

4.

Aldizkariak aski landu du
argazkien sektorea,
bertsolaria bilakaturik
saxofoidun aktorea…
Mikrofonoa alboan utzi
eta hartu tripodea:
Hori posea! Hori irria!
Hori jantzi dotorea!
Irudiz behintzat ez al da izan
bertsolarien Vogue-a?

 

5.

Alerik ale agertu denez
pertsonaien pelotoia,
begiek jaso dute tarteka
gozatzeko arrazoia.
Bertsolariak eder islatzen
jardun da fotomatoia,
ai erakutsi izan balitu
pastela eta turroia…
Horrekin erraz izan zitekeen
bertsolarien playboya!

 

6.

Nola sortu zen aldizkaria
zer pertsonaren gerizan?
Nork jarri zuen magazine bat
bertsolarien bizitzan?
Xanti, Joxean, Koldo, Joxerra,
batzorde sortzaile gisan,
Laxaro eta Andoni ere
ezin ziren urrun izan…
Hoberik nekez sortuko zuten
Vocenton edota Prisan.

 

7.

Sorta txiki hau amaitu nahi dut
egindakoa goratuz
eta gerora jarraitu dezan
aholku bat proposatuz.
Aldizkari bat aldirik aldi
sortzen dela gogoratuz,
aldizkariak segi dezala
bertsolarien enkantuz,
aldi bakoitzak behar dituen
kontuetara moldatuz.

Hainbat eta bakarra
Hainbat eta bakarra