BERTSOLARIYA-TIK (1931-1932) BERTSOLARI-RA (1991-…)

2016-08-10

 

60 urte lehenago argitaratu zen Bertsolariyatik datorkio izena Bertsolariri. Grafian bertan nabari daitekeen ezberdintasun txiki horren atzean hainbat gorabehera garrantzitsu gordetzen dira: garai ezberdinak, testuinguru ezberdinak, bertsolaritza ulertzeko modu ezberdinak… Tartean, bertsolaritzari buruz egin izan den kazetaritzaren bilakaera itzela. Eta, finean, baita antzekotasun batzuk ere.

 
TESTUA: ANTXOKA AGIRRE
ARGAZKIAK: ARTXIBOA

 

Euskal Telebistako aurpegirik ezagunenetariko bat Xabier Euzkitze da, Argiako zuzendari lanetan dabil Estitxu Eizagirre, Euskadi Irratian urteak daramatza Xabier Sukiak, eta, azkenaldian, Maialen Lujanbiok bertatik eskaintzen dituen sinadurak bolo-bolo mugitzen dira sare sozialetan… Basarriren Nere Bordatxotik eta Amurizaren Semaforo gorriarekin hasita, bertsolari andana izan dira, eta dira, zutabegile Euskal Herriko kioskoko egunkari eta aldizkari askotan.

Agerikoa da bertsolaritzak dezenteko eskarmentua duela, dagoneko, idazmakina edo ordenagailua tekleatzen, irratiko uhinetan dantzatzen, telebistako kameren aurrean jartzen; besteak beste, aspaldidanikoa duelako kazetaritzaren ondoan hasitako bidea, irudi lezakeena baino luzeagoa. Egun, Argian Sustrai Colina eta Amets Arzallus kazetari lanetan ikusi izaten ditugun bezala, Basarrik, duela laurogei urte, langintza bera zuen, besteak beste baita Argian ere. Eta Basarrik baino beste berrogeita hamar urte lehenago Joan Bautista Elizanburuk betso jarriak ez ezik, iritzi testuak ere argitaratzen zituen Euskal Erria eta L’Avenir aldizkarietan.

 

Euskarazko kazetaritza eta bertsolaritzaren arteko lotura agerian uzten duen datua: hainbat ikerlanek aipatzen dutenez, euskaraz irrati uhinetan entzun ahal izan zen lehen gauza bertso bat izan zen.

 

Bertsolaritzak eta kazetaritzak elkarren eskutik egin duten bide luze horretan kazetari lanak egin dituzten bertsolariez gain, euren lana bertsolaritzara eman nahi izan duten kazetariak ere izan dira bidegile. Honela, Bertsolariya sortu zen urte haietan, esaterako, Ander Arzelus Luzearrekin batera euskarazko lehen irrati programaren gidaria izan zen Joseba Zubimendi, 1935eko eta 1936ko Euskal Herriko lehen bi bertsolari txapelketen antolatzaile ere izan zen. Eta baita txapelketa haietako aurkezle ere.

Jose Ariztimuño Aitzol aritu zen Zubimendirekin batera, buruz buru, txapelketok antolatzen, eta txapelketaren kronika ere, bertsolaritzari buruzko kazetaritzaren ale bikaina, Bertsolari guduak izenekoa, bien artean atondu zuten. Zubimendik, bestalde, bertsolaritzari buruzko Bertso-miñez artikulu sorta ere argitaratu zuen 1939an.

Euskarazko kazetaritza eta bertsolaritzaren arteko lotura agerian uzten duen datua: hainbat ikerlanek aipatzen dutenez, euskaraz irrati uhinetan entzun ahal izan zen lehen gauza bertso bat izan zen; hain zuzen ere, Zubimendik 1932ko martxoaren 2an Radio San Sebastianeko euskarazko lehen programa horren lehen saioa irekitzeko abestu zuena.

 

Ua, ua emendik, otsa,

Abil azkar, pizkor, abotsa!

Gure izkuntzan agur laztana,

Ludiko euskeldun danorengana (…)

 

Urte haietan hainbatek ekarri zuten bertsolaritza garaiko prentsara ere. Jada aipatu ditugun hirurekin jarraitzearren, Luzearrek El Día egunkariko Euskal Orrian, Zubimendik El Pueblo Vasco egunkariarenean, eta Aitzolek, bertsolaritzari prestigioa emateko egin zen lehen saiakera garrantzitsu haren ideologo nagusia, hainbat mediotan. 

 

Bertsolariya (1931-1932)

Euskal kulturaren loraldi urte haietan sortu zen, esan bezala, Bertsolariya. Altzako inprentaren nagusiak, Juan Jose Makazagak, atera zuen. Inprenta lanetan ezagututako bertsopaperekin zaletasuna sartu, nonbait, eta Euskal-Erriko kanta zarrak, Xenpelar’en bertsuak, Bilintx’en bertsuak eta Txirritaren testamentua liburuxkak atera ondoren, astero, Bertsolariya goiburuarekin, lau orri argitaratzeari ekin zion.

1931ko irailean hasi zen eta 1932ko irailean bukatu, tartean 54 zenbaki kaleratuta. Bertso jarriak eskaintzen zituen, zaharrak eta berriak, urtearen buruan liburu bat osatzeko ideiarekin. Honela ekiten dio bere ideiaren aurkezpenari lehen zenbakian: “Asteroko Bertsolariya izeneko au, atera da zeren ikasi naya edo gogoa dagoen bertsuetarako, eta denbora berian ez dalakoz xamur lengo bertso zar eder ayek billatzen nolanai (…) Geyenian gertatzen dana, zere lagun edo adiskideari eman irakurtzeko, gero arrek ez digula atzera bihar bezala eman, au da, berriz zu gana eskutaratzeko ondatu edo orri batzuek kenduak (eta au da okerrena) agiyan geyago libururik zugan iritxi ez”. Eta honela jarraitzen du: “Bertsolariya asteroko onen asmoa da bertsolarik ederrenak bildu, eta liburu bikaiñ bat egitea (3.500) zar eta berri urte betean izango ditu gutxienez, lau orrialdi, aurreneko biyak bertso berriyak, eta beste bi bertso zarrak asko aztuta txokoan dauden Xabalategi, Pernando, Udarregi, Xorrola, Ardotx, Xenpelar (…) Txirritak itza eman digu, astero orri bat osoa beteko dubela bere bertso berriyakin eta gañera ondoren, Lexoti, Sailburu, Telleri-Txiki (…) eta gañerako gogo duten guziyak, zarrak eta gaztiak izango dute lekua nai badute idatzi, eta bigaldu (Inprenta de Macazaga Calle Viteri, 32 Renteria)”.

 

Txirritak itza eman digu, astero orri bat osoa beteko dubela bere bertso berriyakin eta gañera ondoren, Lexoti, Sailburu, Telleri-Txiki (…) eta gañerako gogo duten guziyak, zarrak eta gaztiak izango dute lekua nai badute idatzi, eta bigaldu.

 

Urteko harpidetza zazpi pezeta kostatzen zen, urte bukaeran liburua osatzeko tapak bidaliko zirela agintzen zen, eta zenbaki solteak 15 zentimo balioko zituela iragartzen zen. Urtean birritan lau beharrean zortzi orrikoa aterako zela, eta hori 25 zentimo izango zela ere abisatzen zuen. Eta lehen orri hori Txirritaren argazki handi batekin osatzen zen.

Harrigarria badirudi ere, hamaseigarren zenbakiraino hutsik egin gabe bete zuen Txirritak bere hitza. Hogeigarrenetik soiltzen hasten dira bertsolari handiaren bertso berriak, baina, tarteka, berragertzen dira berriro, azken zenbakiraino. Bertsolariak eta bertsoak, bestalde, ez zaizkio faltako Makazagari: Asto guztiak ez dira igualak antza aundia izangatikan, Bedayoko gertaerak; Munduaren asiera eta Aita Eternuaren ejenpluak, Juan Jose Sarasolarena; Lazkauko pelotari neskatx bati jarriak, anonimoa; Ijito antzeko bati, Pello Zabaletak jarriak; Artzai ezkongaientzat, Patxi Erauskiñenak; Sagardua degu ardua baño zarrago, Antonio Berridirenak; Abenduaren 7a, 1688 urtean. Izugarrizko ekaitza edo tenpestadea, eta tximista baten erorketa Donostiako gaztelura, zeñek lertu ondoren, eragin zituan guztizko kalte eta doakabe aundiyak, Bitoriano Iraolarena… Gaztelaniazko batzuk ere badakartza 19. zenbakiak, Comparsa de Caldereros Hungaros izenburupean, eta ‘Organizada por la Juventud Renteriana, para el 2 de Marzo de 1924,’ azpitituluarekin…  Edo 45. zenbakitik aurrera, hainbat astetan, Fernando Amezketarraren pasadizoak ere eskaintzen dira…

Lehen hiru zenbakietan kolore pixka bat sartzen du Makazagak, eta ahal duen guztietan, ez oso sarri, bertsolariaren argazki edo marrazki bat ere ekarri ohi du. Ia zenbaki guztietan ageri ohi da ‘Astero, astero erosi zazu Bertsolariya’ leloa, ‘Erosi zazu Xempelarren bertsuak, bere doñu ta guziyakin jarriyak’ ere oso ohikoa da, eta hamargarren zenbakitik aurrera, askotan, ‘Datorren astean Bilintx’en bertsuak, oso ederrak eta farragarrizkoak, pezeta bana’ ere iragartzen du. Hogeigarrenetik aurrera gaztelaniaz ere egiten du autopromozioa: “Todo el que desee alguno de los números, puede solicitarlo a nuestros vendedores o a Bertsolariya, Viteri 32, Renteria (…)”. Eta 37.ean berriro egiten du nahi duenak bertsoak bidaltzeko gonbita: “…betire ateratzeko morukuak badira”. 330 orri eskaini zituen guztira.

 

1962, 1965 eta 1967ko txapelketak Uztapidek irabaziko ditu. Baina 60ko eta 70eko hamarkadetako bertsolaritzaren inguruko zabalkunde lanaren ildo nagusia Zavala eta Basarri bikotearen eskutik eta euren inguruan antolatuko da.

 

Antonio Zavalak, Makazagak ateratako liburuari Auspoak egindako berrargitalpenean, esplikatzen du Bertsolariya haren ekarpena: “(…) Bertsolariya ateratzeari utzi zionean, azal dotore batzuk zabaldu zituen Makazaga’k, asterokoa enkuadernatu eta gorde al izateko. Bazekian, bai, arek, bere lana liburugintza zala, aldizkari bat argitara ematea baño gehiago (…). Garai artan, garbizalekeria indarrean baitzebillen, bertsolaritza, euskera mordolloa erabiltzen zuala-ta, etzan aintzakotzat artzen. Oso bertso gutxi ikusten oi zan jende ikasiaren liburu eta paperetan (…) Bertsolariya asi zanean, urtebete zan Manuel Lekuona jaunak Bergaran La poesía popular vasca itzaldia eman zuala. Andik laster aterako zuan Literatura oral euskérika liburua. Bertsolari-txapelketak ere berealaxe antolatuko ziran (…) Gertaera oiek indar izan zuten giroa erabat aldatzeko, eta bertsolaritza orduan asi zan burua jasotzen. Indar egille izan zan, baita ere, Makazaga’ren eragiña, Bertsolariya batez ere, aren lanik ederrena. Euskararen fruiturik onenetako bat bertsolaritza zala, bilduma horrek erakutsi baitzuan”.

 

Erresistentzia eta hauspotzea

Bertsolariyatik Bertsolarirako ibilbidean paisaia ilunagoak dakusagu jarraian.

Frankoren kolpe militarrak errotik moztu zuen euskal kulturaren loraldia, eta  lehen bi bertsolari txapelketa haiek ez zuten jarraipenik izango hogeitaka urte pasatu arte. Bertsolaritzaren inguruko kazetaritzari ere negu gorri eta luzea etorri zitzaion. Aitzol, esaterako, 1936an hil zen, fusilatuta, eta Zubimendi 1939an, Bidasoaren beste aldean, gerrak utzitako barne zaurietatik osatu ezinik.

Egon zen, ordea, neguko kanpamenduetatik erresistentziari ekin zionik ere. Luzearrek, esaterako, bost urte kartzelan egin ondoren, Iparraldera pasa eta Euskadi Irratia martxan jarri zuen berriro, Donibane Lohitzunen, 1946an. Teodoro Hernandorenak, —aurreko guztiak bezala EAJren buruzagitzakoa–, 1933an Euzkadi filma zuzendu eta ekoitzitakoak[1], Iparraldera ihes eginik, sekulako bultzada eman zion bertako bertsolaritzari. 1945-46an herri guztiak miatu zituen bertsolari bila. 1947tik aurrera, hainbat sariketa eta txapelketa antolatu zituen urtero. Parisera ere eraman zituen bertsolariak (1958 eta 1961) euren artea ezagutarazteko… Urte horietan guztietan Hernandorenak ez zion bertsolaritzari buruzko testuak argitaratzeari utzi: lehenengo, Herrian; geroago, El Bidasoan; hurrena, Goiz-Argin, Zeruko Argian edo Anaitasunan…

Basarri izan zen bertsolaritzari buruzko kazetaritzaren beste erresistente bat. Joxe Mari Iriondok osaturiko haren kazetari lanen bilduman 30eko hamarkadan argitaraturiko ia bostehun testu daude jasota. 1937an, Bilbo faxisten esku erori zenean, Iparraldera ihes egin zuen hark ere. Baina Landetan basomutil gisa aritu zen hiru urteetan ere ez zion publikatzeari utzi. Politika kontuetan etsitzen hasia, gainera, bertsolaritzari buruzkoek gero eta pisu handiagoa izango zuten.

 

Eginek, Deiak, Diario Vascok eta Argiak orrialde gehiago eskainiko dizkiote bertsolaritzari txapelketaz txapelketa. Lehia sortuko da euren artean, eta orri gehiago ez ezik, ikuspuntu gehiago eskainiko dituzte, genero guztiak luze eta sakon landuaz…

 

1940an Hegoaldera bueltatu zenean, atxilotu eta, lehenengo, Salamancara, gero Madrilera, Mirandara, Oiartzuna eta, azkenik, Afrikara eraman zuten, Batallones de Trabajadores-etan lan behartuak egitera. Hiru urte egin zituen horrela, baina orduan ere ez zion idazteari utzi. Eta publikatzeari ere lasterrera berrekin zion: 1946an, La Voz de Españan; gero Zeruko Argian, GoizArgin eta Arantzazun; eta, azkenik, El Diario Vascon aritu zen. 1949rako, irratira ere itzulia zen, Radio San Sebastianera, eta hamarkadak egingo zituen horretan ere. Komunikabide horietan (eta horietatik kanpo ere) bertsolaritzaren alde egindako lana azpimarratzen du Aita Karmel Urrutiak, 1960an argitaratu zen bertsolariaren Kantari nator bertso bildumaren hitzaurrean: “Bertso-mamiari, bertso-gaiari begiratu ezkero, berak jaso du bertsolaritza gaur duan maila ederrera… berak altxa du gaur eguneko edozein gai erabiltzeko diña izatera… berak eraman du bertsolaritza periodiku eta radioetara”.

Frankismoaren atzaparra zerbait irekitzen hasia zen, pixkanaka, eta, 1960an, berriro ere bertsolari txapelketa antolatzeko baimena eman zioten Euskaltzaindiari. Bertsolaritza hasia zen garai ilunenak atzean uzten. 1961ean, Antonio Zavala izeneko jesuita gazte batek ‘Auspoa’ bildumari ekin zion. 1954tik ari zen han eta hemen bertsoak biltzen, eta, 1964an, euskaltzain eta Herri Jakintza eta Bertsolaritza batzordeen buru izendatu zuten. 1960an Basarri txapeldun izendatu zutenean, bera epaimahaian zegoen.

1962, 1965 eta 1967ko txapelketak Uztapidek irabaziko ditu. Baina 60ko eta 70eko hamarkadetako bertsolaritzaren inguruko zabalkunde lanaren ildo nagusia Zavala eta Basarri bikotearen eskutik eta euren inguruan antolatuko da. Lehenengoaren ‘Auspoa’ bilduma 360tik gora izenburu argitaratzera iritsiko da denborarekin (nagusiki bertsoak eta bertsolarien biografiak jasoz). Zavalak La Voz de Españan eta El Diario Vascon ere argitaratuko ditu bertsolaritzari buruzko testu dezente. Basarrik izaera handiko tarte finko bat lortuko du El Diario Vascon, eta bi pertsonaia horien edota bataren bildumaren eta bestearen egunkariko tartearen gerizpean bertsolari eta kazetari gazteago batzuek ere egingo dute bidea. Joxe Mari Iriondok, inguru horretakoa baita, bi hamarkada horietan Loiolako Herri Irratian bertsolaritzaren inguruan egindako kazetari lana, esaterako, garrantzitsua izango da.

 

Aro Modernoa eta haize berriak

1980ko Amurizaren txapelak hasiera eman zion bertsolaritzaren aro modernoari. Kantaera berri bat eta bertsolaritza ulertzeko modu berri bat ekarri zituen Etxanokoak.

Euskal kazetaritzari zegokionean ere aldaketa garaiak ziren haiek. 1976ko martxoaren 27an, Loiola, Donostia, Iruñea eta Bilboko Herri Irratiek, egun beteko euskarazko programazioa, tartean bertso saioak, eskaini zuten 24 orduak euskaraz izeneko ekitaldian, eta Anaitasuna, Zeruko Argia eta Goiz Argik Euskal Prentsaren Urtea deitu zioten urte hari, aldarrikapen gisa. 1977ari, aldiz, Euskal Egunkarien Urtea deitu zitzaion, urte hartan sortu baitziren Deia eta Egin egunkari abertzaleak…

Euskaraz idazten hasi zen kazetari belaunaldi berriak ere gogoan zuen bertsolaritza. Elixabete Garmendiak, esaterako, honakoa dio Kazetaritza Euskaraz: Oraina eta Geroa izeneko liburuan: “ (…) noizbehinka gaztelaniaz emango genituen manifestuetako ahapaldi korapilotsuenak, itzultzeko gai ez-eta. Uztapideren Lengo egunak gogoan edo Sasoia joan da gero argitaratu berriak dastatzen genituen mirespenez, hor kazetaritzarako ere balio zezakeen kontaera bat bazegoela sumatuz, baina ez genekien hizkera hura gure kontatu beharretara egokitzen”.

Belaunaldi horretako kazetariak hasiko dira bertsolaritzari buruzko jarraipenaren testigua hartzen eta, gutxika, kazetaritza egiteko molde berriak, Basarri eta Diario Vascoren inguruko eskola zaharretik ezberdinak, Amurizak irekitako aro berriarekin sintonia handiagoa dutenak, gailenduko dira.  

 

Hitzetik Hortzerarekin telebistan izandako arrakastaren eraginez, urte haietan bertsolaritza masa fenomeno bilakatuko da, euskararena bezalako kultur komunitate txiki baten baitan eman daitekeena inoiz masa fenomeno izenda badaiteke behintzat.

 

Zavalak, euskaltzaina izanagatik, ez zuen euskara batua onartzen. Belaunaldi berriak euskara batuari helduko dio ezbairik gabe. Zavalaren eta haren inguruko eskola zaharraren hautu haren atzean jarrera tradizionalista hertsi bat zegoen, eta tradizionalismo hark bertsolaritza ulertzeko eta horri buruz idazteko modu jakin batzuk markatzen zituen. Guzti horretatik ihes egiten saiatuko da belaunaldi berria.

Pixkanaka, hurrengo hamarraldiak ekarriko duen aparraldiaren oinarriak finkatuz doaz. Batetik, bertsolaritzak erakundetze modu berri bat gauzatuko du, 1986an sorturiko Bertsolari Elkartearen bidez (gero Bertsozale Elkartea izango dena). Bertso eskolen sarea sendotzea eta txapelketen antolakuntza bere gain hartuko ditu Elkarteak, besteak beste. Bestetik, bertsolari belaunaldi berri batek hartuko du protagonismoa, eta, bertso eskoletatik iritsitako lehen bertsolari gazteen belaunaldiarekin batera, maila harrigarri bat erakutsiko du. Eta bertsolaritzaren teorizazioan ere koska berri bat eransten hasiko da hamarkadaren bukaerarako Andoni Egaña, Joxerra Garzia eta Jon Sarasua hirukotea…

Eginek, Deiak, Diario Vascok eta Argiak orrialde gehiago eskainiko dizkiote bertsolaritzari txapelketaz txapelketa. Lehia sortuko da euren artean, eta orri gehiago ez ezik, ikuspuntu gehiago eskainiko dituzte, genero guztiak luze eta sakon lantzen hasiko dira…

Prentsaz harago, Euskadi Irratian, 1988an, Nikolas Aldaik Iturri onetik bertsotan martxan jarria du, 90eko hamarkadan Eta hitza jolas bihurtu zen izango zena, eta urte bereko abendutik, Elkartearen eskutik eta Joxerra Garzia aurkezle eta gidari duela, Hitzetik hortzera ikus daiteke ETB1en, aurretik Ahotik ahorarekin proba egin ondoren.

Bertsolari (1991-…)

1991ko maiatzean atera zuen Bertsolarik bere lehen zenbakia. 80ko hamarkadako euskarazko kazetaritzaren belaunaldi berriak ekarritakoetatik edaten zuen, haiek muturreraino garatzera zetorren. Zerikusi gutxi zuen, beraz, gerraostean edo 60ko eta 70eko hamarkadetan bertsolaritzaz idatzi zutenen eskolarekin, bertsolaritza ulertzeko moduarekin edo mundu ikuskerarekin, eta are gutxiago gerra aurreko Bertsolariya harekin.

Bertsolariya bertso jarrien bilduma bat zen beste ezer baino gehiago, atalka erosi beharreko liburua, eta Bertsolarik, lehen urteetan bertso jarrien atal bat izan bazuen ere, bertsoan baino bertsogintzan eta bertsolariengan jarri nahi zuen fokua.

Izena Makazagaren lan hartatik hartu zuen, ordea. Ordura arte bertsolaritza gai bakar gisa hartu zuen argitalpen bakarra izanik, eta ordukoaren sorreratik 60 urte betetzen zirenez, nolabait aurrekari gisa hartu eta omenaldi txiki bat egin nahi izan zitzaion.

Antzekotasunak badituzte, ordea, Bertsolariyak eta Bertsolarik. Bien sorreran euskal kulturak eta bertsolaritzak bizi zuten une gozoa litzateke nabarmenena. Bertsolariya euskal kulturaren pizkundea deitu zaion garaian, lehen bertsolari txapelketen atarian sortu bazen, Bertsolari frankismo osteko berpizkundean, bertsolaritzaren aparraldirik handienaren atarian. Izan ere, 90eko hamarkadaren lehen erdian, Andoni Egañaren lehen bi txapelen urte haietan (1993 eta 1997), bertsolaritzaren booma deitu izan zaiona eman zen. Esan bezala, lehenagotik zetozen berrikuntza eta indartzearen neurriaren zantzuk, baina, batez ere Hitzetik Hortzerarekin telebistan izandako arrakastaren eraginez, urte haietan bertsolaritza masa fenomeno bilakatu zela esan daiteke, euskararena bezalako kultur komunitate txiki baten baitan eman daitekeena inoiz masa fenomeno izenda badaiteke behintzat. Bertsolari berri mordoa plazaratu zen, plaza berri pila bat irabazi ziren, bertsozale berri andana inguratu zen plazara…

 

Tradizio askoz zabalago baten katebegi soilak dira Bertsolariya eta Bertsolari. Izatez, bakoitzak bere garaian askoz garrantzi handiagoa izan duten ekarpenak izan ditu alboan. Baina, halere, egin dute euren ekarpena.

 

Olatu bikain hori harrapatzeko unerik aproposenean itsasoratzen asmatu zuen, bada, Bertsolarik. Eta, 25 urteren ondoren, ur gainean dago behintzat oraindik. Bertsolariyari tokatu zitzaion garaian, zoritxarrez, ez zatekeen posible horrelakorik, horrelako ibilbide luzerik.

Urteen joanek erakutsi dute, bestalde, Zavalaren Auspoa ere ez zegoela hasera batean irudi zezakeena bezain urrun. Zavalaren bilketa lanak asko zuen antropologiatik, eta baita historia, soziologia edo literaturatik ere. Bertsolariren kazetaritza lanak ere, neurri handi batean behintzat, bilketa ekarri du, biografien lanketa, antropologia, historia, soziologia eta literatura. Bestalde, ildo horiek jorratzeaz gain, aldizkariak 1998tik 2005era kaleraturiko Bertsolari Liburuak bildumaren bidez Auspoaren testigua ere hartu zen bolada batean, nolabait. Honela, Xanti Iparragirreren (Biziaren azala), Joxe Agirreren (Mozketaren maisua), Jon Lopategiren (Bertso mezularia), Imanol Lazkanoren (Aho bizarrik gabe) eta Jose Luis Gorrotxategiren (Gogoan dauzkadanak) biografiak kaleratu ziren. Baita, Urte beltza izenburupean, 2005ean zenduriko Juan Mari Lekuona, Juan San Martin, Patxi Altuna, Joxe Mari Aranalde, Basilio Pujana eta Pedro Ortuzar Iturrirenak ere[2].

Bukatzeko, azpimarratu beharko da, gaizkiulerturik egon ez dadin, tradizio askoz zabalago baten katebegi soilak baino ez direla Bertsolariya eta Bertsolari. Izatez, bakoitzak bere garaian askoz garrantzi handiagoa izan duten ekarpenak izan ditu alboan. Baina, halere, ezin zaie meriturik kendu: agerikoa da garrantzitsua dela bertsolaritza hedabideetara ekartzeak, bertsolaritzari buruzko kazetaritza horren bilakaerak baduela zerikusirik bertsolaritzaren aurrerabidearekin, eta horretan bi horiek ere eskaini dute zerbait.

 

[1] Euskal Herriari buruz aurretik bi film baziren eginak, Eusko Ikusgayak (1922) eta Au Pais des Basques (1930), baina Euzkadi izango zen (frankistek kopia guztiak erre zituzten arren gidoia gorde ahal izan zen) bertsolariak zeluloidera eraman zituen lehena.

[2] Bestelako edukiak ere kaleratu ziren. Sail berean Xabier Amurizaren Enaz Banaz eta Agur Sagar Beltzaran eta Joseba Zulaikaren Bertsolaritzaz bi saio, 2003ko Kultur Arteko Topaketei buruzko liburua eta lau hizkuntzatan argitaratu zen Joxerra Garzia, Andoni Egaña eta Jon Sarasuaren Bat-bateko bertsolaritza. Bestalde, gaztetxoei zuzenduriko Zaildu Gabeak sailaren baitan Txirrita, Uztapide eta Fernando Amezketarrari buruzko biografiak eskaini ziren.

BERTSOLARIYA