Ijitoarenak

Ijitoarenak –
Guretzat, haurtzaroan, Txirritak Xabier Leteren, Antton Valverderen eta Julen Lekuonaren ahotsa zeukan. Beren ahotsetik entzun baikenituen Txirritak jarritako bertso zaharrak, tartean, ijitoenak.
Euskal Herria asko aldatu da bertso hauek grabatu zirenetik, are gehiago Txirritak jarri zituenetik. Eta bertso haiek larrututako ijito haien ondorengoek Hernanin jarraitzen dute. Pentsa, biloba bat bertso eskolan ere hasi da eta Txirritaren bertso zaharrak arakatzen hasitakoan, hazkura eragin dioten bertso hauekin egin du topo. Sortu ere beti zerbaiten gainean sortzen denez, arkatza hartu eta bertso zaharren hitzak ezabatzen eta berriak eransten hasi da. Hona hemen emaitza: Txirritak ijitoei, pluralean eta orokorrean jarritako bertsoen erantzuna. Ijitoarenak. Singularrean.
Esplikatzera noa kontuak
Euskaldun jende hoienak
Nola diraden gure artean
Gertatu izan direnak
Beren kuadrilan ibiltzen dira,
Taberna-bueltan gehienak
Okasioa ta eskandaloa
Faltatutzen ez zaienak.
Beren mobil ta zakur ta ume
Dabiltza joan etorrian
Ternua galtzak ta kamiseta
Hutsean negu gorrian
Paparra tente, bularra xuxen,
Beren eskuak gerrian:
Muturra azkar beztuko dute
Sartzen bagera herrian.
Larunbatetan manifetara
Eskera dijoazenean
“arrazismoa bazter dezagun
Jainkoaren izenean”
Diskurtsoak bai luziak baina
ekintza motza azkenean…
susmo guziak gero guretzat
Inor bistan ez danian.
Euskaldunetan gutxi izaten
dira langile antzuak
ahorradore kasta gogorra,
Ta gainera etxetsuak
Antziolan bat, Castron bestia,
Piriniotan batzuak
Sail galantakin ikusten ditut
Dabiltzala gehientsuak.
Tarratatuak dauzkat galtzak ta
jertseak berriz maiztuak
Dirua eurek daukate baina
Gu omen gera gaixtuak
Trenean edo autobusean
Gauzak badaude estuak
Gu ikusita patrikan laster
sartzen dituzte eskuak.
Koherentzia beharrik ere
Ez da izaten hoiekin
Nahiz ta problema duten maitasun
Erromantikoarekin
Juntatzen dira ahal dutenean
Eta ahal dutenarekin
Batzuk elizaz ezkondu igual,
Nahiz dotrinarik ez jakin.
Herri-bizitzan tokatzen bada
guztiok elkar hartzia
zelebre ote geran kontuak
ere badarabiltzia
sutan jartzean probatzen baita
nolakoa dan eltzia
ez da errexa gusto guztiak
elkarrekin ezkontzia.