[Lehiaketa] Zer da bertsolaritza?

Zer da bertsolaritza? –

Gure lehen bertso idatzi lehiaketa antolatu genuen iaz, eta bertso sorta kopuru polita jaso genuenez bigarrena antolatzea erabaki genuen. Oraingoan ere asko izan zarete zeuon sorkuntzak bidali dizkiguzuenak, eta beraz… mila esker parte hartzaile guztiei! Aurrerantzean ere lehiaketa xume honi eusteko haize ufada eman diguzue.

Epaimahaikideak Mikel Mendizabal, Ekaitz Goikoetxea eta Eli Pagola izan dira, eta hartu dute hartu beharreko erabakia.

Sari ederrak jasoko dituzte irabazleek, baina sari handiena, gure iduriko, norberaren bertso sorta marrazki bilakatua ikustea da. Unai Gaztelumendi bertsolari eta marrazkilaria arduratu da ilustrazioak egiteaz.

Agindu bezala bertsoak bidali dituzuen guztiok kamiseta bana jaso duzue etxean.

Zorionak irabazleei, bejondeizuela parte hartzaile guztioi, eskerrik beroenak epaileei, eta agur bero bat sariak banatzeko ekarpena egin duten enpresa guztiei.

Hurrengo urtean gehiago!

 

GAZTETXOEN KATEGORIA, LEHEN SARIA

Kattin Madariaga Apaolaza, Arantza (Nafarroa), 14 urte.

Zarauzko Gela Urdina scaperoomerako lau sarrera eskuratu ditu. Gozatu esperientziaz, Kattin!

 

ZER DA BERTSOLARITZA?

 

Doinua: gure aurreko guraso zaharrak

 

Noizbait galdetu zidaten hauxe

“Ta zer da bertsolaritza?”

Ispilu baten isladan doan

Azal ximurtze bortitza

Ta errekarriz errekarrira

Ibiltzearen baldintza

Ari naizela, ari naizela

Hor doa hurrengo fitxa

Eta abizen soilen aurretik

Izenen bila gabiltza

 

Noizbait galdetu zidaten hauxe

“Ta zer da bertsolaritza?”

Nahiz aitarena izan txapela

Amarentzat nagusitza

Eta prom-prom-prom, gora Puigdemont

Doraemonen emaitza

Txiki izenez, txiki gorputzez

Baina maitasun anitza

Ta futbolean hasi nahi eta

Balletaren zorigaitza

 

Noizbait galdetu zidaten hauxe

“Ta zer da bertsolaritza?”

Mila ideiek bat egitea

Adar askoko zuhaitza

Bakarra balitz bezala bizi

Dagoen bertso bakoitza

Ta zu zeu izan ibiliz soilik

Papera eta lapitza

Batzuentzako afizio da

Niretzako da bizitza

 

Zer da bertsolaritza?
Ilustrazioa: Unai Gaztelumendi

 

Zer da bertsolaritza?