[Ttakun Herren] Ez dut nahi / Baina bai, ezta?
Ez dut nahi –
Ez dut nahi

Doinua: Aita asmo hartu det
“Zer nahi duzu?” galderaz
nekatu xamarra,
“zer ez duzu izan nahi?”
dut lotu beharra…
Ze nahiz senti nezakeen
izateko harra
ja ezingo dut izan
lehengusina zaharra,
ahizpa gaztea edo
alaba bakarra.
Daukadan pausajean,
nabilen langintzan,
berdin jardun oholtzan
zein kazetaritzan,
autoexijentzia
jaitsi banu gisan,
inkoherente behintzat
ez nuen nahi izan
eta continuum bat
da nire bizitzan.
Euskal Herri honetan
zer ez den posible,
politikak hartzen du
horrenbeste bide,
antolatzea sarri
egina dut nire,
baina ez dut izan nahi
(hobe hortik libre)
zinegotzi edota
legebiltzarkide.
Ez nuke niretzat nahi
famagatik fama,
ez nuke gura izan
lanari emana,
langile autonomo,
zein bakarrik ama…
Baina zer egingo dut
(zalantzan narama)
aukera bakar bada
nik nahi ez dudana.
Inork eskatuz gero
zenbait kontu ñaño,
“bai” merkeagoa dut
“ez, ez dut nahi” baino,
joan denak narama
gaurko dudaraino:
noiz esan dut nik ezetz
argi uzteraino?
Eta noiz sentituta
ura leporaino.
Ezetz esan eta maiz
egin baitut kale:
“Inoiz ez naiz izango
zutabe idazle,
ez festibal entzule,
ez pilotazale…”
edo “ez naiz izango
inoiz irakasle”.
Eta gero galdetu,
eta: “Bueno, bale”.
Gertatzen da denborak
paparra puztea,
nerabe irmoaren
zerrak kamustea,
norbaitek ezetzaren
zakuak hustea…
Sorta hau izan bedi
asmo-gorpuztea:
nahiago dut ezetzak
idatziz uztea.
“Kostatzen zait” esaten
nola natorkizun,
nire ezetzak dauka
nahiko kontakizun,
egia-erdi eta
aitzakia lizun…
Erantzuna behartuz
galdetu nahi nizun,
ezetz esaten, Etxahun,
zuk ba al dakizun.
Baina bai,ezta?
Doinua: Bihotz baten ordean
Kantatuko al duzu
gure ezkon jaian?
Jaki prozesaturik
nahi al duzu mahaian?
Hondartzara joango
gara opor garaian?
Bai edo ez erantzun
gu beti ezbaian.
Bai edo ez erantzun
aurrera eta atzera,
berez bada alderik,
goazen azaltzera
bai-tik bai-ra bezala
ez-etik ez-era
ez baita gauza bera
bai eta bai zera!
Esan behar genuke
bai edo ez lasai,
baina sarri ez gara
horretarako gai.
Ez esan gura dugu,
baina orduan, ai…
ezpainen bitartetik
ateratzen da bai.
Eta batzuk eskatzen
ez direnez nagi,
parera heltzen dira
“gonbite” ugari.
Etortzen baitzaizkio
hamaika eskari
ezezkorik ematen
ez dakienari.
Antza guztiok dugu
zeozer haurretik,
baina ausardia galtzen
dugu bazterretik,
berbaz hasi berriak
aho muturretik
ez sarri esaten baitu
bai esan aurretik.
Sarri egonak gara
egoera horretan
eta oso gutxitan
kontrako lurretan.
Eskatzea tokatzen
zaigun apurretan
beti gaude ezezko
baten beldurretan.
Ez esateko aproba
asko huts eginda
denari bai esaten
ibili ezin ba!
Buruari hiru-lau
buelta eraginda
ezin dutesaten dut
ez esan ezinda.
Jardun dut beti ezetz
dionan kateaz
eta ezintasun horrek
dakarren kalteaz.
Baina zintzoa izanda
ni neure parteaz
gutxitan damutu naiz
baietz esateaz.