‘Ahozkotasunaren eta ahozko kultur sorkuntzen didaktika’ uda ikastaroa gidatu du Mintzolak

2020-07-14

‘Ahozkotasunaren eta ahozko kultur sorkuntzen didaktika’ uda ikastaroa gidatu du Mintzolak –

NAIZ.


2014tik geroztik antolatzen den ahozkotasunari buruzko uda ikastaroaren edizio berri bat egin dute atzo eta gaur artean. EHUren laguntzarekin, Mintzolak urtero gai berriak lantzen ditu jardunaldi horietan etorkizuneko ikerketak sustatzeko asmoz.

 

‘Ahozkotasunaren eta ahozko kultur sorkuntzen didaktika’ uda ikastaroa gidatu du Mintzolak

 

‘Ahozkotasunaren eta ahozko kultur sorkuntzen didaktika’ ikastaroa hasi zuen atzo Mintzolak EHUko uda ikastaroen baitan, eta gaur izan du jarraipena. Bertan hainbat ikerlarik bertsolaritza eta ahozkotasuna ikuspegi desberdinetatik aztertu dituzte, gai horien transmisioa egiteko eta etorkizuneko ikerketak abiatzeko hari muturrak emateko helburuarekin.

Ikastaroa presentziala eta online bidezkoa izan da. 2014an antolatu zuten lehen aldiz eta orduztik arrakasta izan duenez, urtero prestatu dute gai desberdinei helduz, ahozkotasuna erdigunean jarriz beti ere.

Atzo Arantxa Hirigoyen Axut antzerki konpainiako arduradun pedagogikoak hasi zuen ikastaroa, eta bere atzetik aritu ziren Gotzon Barandiaran idazle eta kulturgilea, Mikel Artola Bertsozale Elkarteko hezkuntza eragilea, eta Beatriz Egizabal ipuin kontalaria eta klown aktorea.

Amaieran mahai ingurua antolatu zuten botatako ideiei buruz eztabaidatzeko. «Ez zait iruditzen bertsolaritzaren transmisioa Bertsozale Elkartearen ardura bakarrik denik; eta gauza bera beste adierazpideekin ere», azaldu zuen Artolak txanda horretan, «hezkuntzak irekita egon behar du gizartera eta paper garrantzitsua betetzen dugu elkartetik ikasgelara joanda, zerbait ezberdina eskaintzen dugulako, baina hori nola artikulatzen den, erantzun erabatekorik ez dut ikusten, kezka badagoen arren» hezkuntza sisteman ahozko kultur sorkuntzaren transmisioa txertatzeari dagokionez. Saretze hori garrantzizkoa dela iritzi zion Hirigoyenek, eta formazioaren balioa ere nabarmendu zuen: «Antzerki tailer bat ikasiz eta landuz formakuntza proposatzen diegu irakasleei».

«Izugarri aberasgarria litzateke kultur adierazpide guztiak pertsonen garapen integralerako ezinbestekotzat ulertzea» aipatu zuen Barandiaranek, eta, zentzu horretan, kultur adierazpide horietan trebatzeko sormen laborategiak aipatu zituen Hirigoyenek; Mintzolak horretarako tresna batzuk eman ditzakeela ere mahairatu zuen Artolak.

Bigarren eguneko gaiak

Gaur, berriz, Olatz Bengoetxea Soziolinguistika klusterreko tenikariak zabaldu du jardunaldia hezkuntza arautuan dauden ahozko komunikazioan eragiteko aukerak aztertuz. Gero Aroa Murciano irakazle eta ikertzailea gonbidadu dute didaktikari buruz hitz egin zezan, eta ondoren Ainhoa Ezeiza, irakaslea bera ere, ahozkotasunera hurbildu da kultura herrikoien ikuspegitik.

Joxerra Garzia irakasle ohiak hartu du hitza ondoren. ‘Gazteak, eskola eta ahozkotasuna’ hitzaldiarekin, eta amaitzeko denek batera mahai ingurua hasi dute, Karlos Aizpurua moderatzaile zutela.

Ahozkotasuna trebatzeko «aldamioak» zenbateraino eraiki, horixe izan da eztabaidagai mahai-inguruan, besteak beste, ahozkoak duen berezkotasunari eusteko. Horretan, komunikabide publikoek duten ardura mahairatu da: «Hitzak erabili egin behar dira karga hartzeko, eta kargarik ez badago ez dira erabiltzen: nori dagokio sorgin gurpil hori etetea?», esan du Joxerra Garziak.

«Piramide bat ikusten dut hor: goi mailako sortzaileak, idazleak, kasu; tartean, profesionalak, esatariak edota irakasleak; eta hirugarrenean herritarrak. ‘Otto Pette’ hartu eta euskazko sekulako irainak daude. Zergatik goiko erpinekoa ez da beheraino iristen?». Irudi hori irauli eta bestea proposatu du Ainhoa Ezeizak: «Ahozkotasuna kokatuta dagoen kultura herrikoia asko elikatzen da masa kulturatik. Eman diezaiogun buelta horri, eta herritarrak goiko erpinean jarri».

‘Ahozkotasunaren eta ahozko kultur sorkuntzen didaktika’ uda ikastaroa gidatu du Mintzolak
‘Ahozkotasunaren eta ahozko kultur sorkuntzen didaktika’ uda ikastaroa gidatu du Mintzolak