Bertso plaza, toki fisikoaz harago

Bertso plaza, toki fisikoaz harago –

Joanes Marquet, Berria egunkarian.


 

Bertsolarientzat plaza da bertsogintzaren oinarri, bertsoaren eta ikus-entzuleen elkargunea. Koronabirusak eragindako krisiak itxi egin ditu, eta bertsolariek beste ‘plaza’ batzuk bilatu behar izan dituzte.

Bertso plaza, toki fisikoaz harago
Maialen Lujanbio eta Amets Arzallus, ekainaren 5ean Villabonan egindako saioan. GORKA RUBIO / FOKU (BERRIA)

 

 

Plaza eta bertsoa. Askotan elkarrekin doazen bi hitz. Plazari esker elkartzen dira aurrez aurre bertsolariak eta zaleak, eta, neurri handi batean, bertsolaritza elkartze horretatik bizi da. Eremu fisiko bat baino askoz gehiago dela esan daiteke; bertsogintzaren jarduna garatzen den tokia da, eta, toki hori gabe, jarduna desagertu egingo litzateke.

Unai Iturriagarentzat, «inprobisazio jardunaren eta ikus-entzulearen erantzunaren batura gertatzen den tokia da» plaza. «Ez da espazio fisiko konkretu bat, egilearen eta hartzailearen arteko harremana gertatzen den tokia baizik». Ane Zuazubiskarrentzat, berriz, «plaza bertsolaritzaren oinarri da. Plazara banoa, badakit ez dela bakarrik egoteko, jendearekin elkartzeko gunea baita». Bertsogintzaren zentro kontsideratu daitekeela uste du Oihana Bartrak, «plaza pertsonak direla ulertuta», eta entzulerik gabe ez dagoela bertsorik.

Kulturgintzako beste zenbait arlotan plazan aritu arren, kontzeptua beti bertsolaritzarekin lotuta egon da. «Jendaurreko jardunari dagokionez, beste diziplina batzuetan baino gehiago eusten zaio bertsolaritzan plazan jarduteari, nahiz eta gaur egun aretoan askotan ibili oraindik ere», Zuazubiskarren ustez. «Garai batean, kantuak, bertsoak, antzerkiak eta musikak plazan egingo zuten topo, baina gaur egun plazako antzerkia, adibidez, ez da hain ohikoa, eta antzerkia aipatzean ez dugu lotzen plazarekin». Bertsolaritzaren jatorria, beste kulturgintzako esparru askorena bezala, plazatik dator. «Herriko plazak izan dira beti bertso saioen eta jendearen bilgune», adierazi du Bartrak, eta uste du hortik datorrela terminoaren garrantzia. «Saioak tabernetan edo beste toki batzuetan izateaz gainera, plazetan tradizioz egin da bertsotan beti».

Era guztietako plazak

Herriz herri ere asko aldatzen dira plazak. Bertsolariak badaki ez dela gauza bera Amezketan aritu (Gipuzkoa) edo Bilbon aritu. Euskal Herriko txoko bakoitzak baditu bere ezaugarri propioak. «Hainbeste ez aritu arren, aldaketak nabaritzen dira lekuaren arabera. Lekuan lekuko kontuak badira», dio Zuazubiskarrek. Bartraren esanetan, «guztiz aldatzen dira. Bilbon bertan, auzoaren arabera izan daiteke desberdina; Errekalden kantatu edo Santutxun ez da gauza bera». Iturriagarentzat, berriz, «pozgarria da» herriz herri plaza aldatzea. «Gure herriak baditu zenbait ezaugarri: hizkuntza, erregistroak eta erreferentzia kulturalak, eta plaza bakoitzak zentralitate edo periferikotasun bat du. Hazparneko [Lapurdi] saio bat, dituen baldintzengatik, gizarte hizkuntzagatik eta euskara dagoen tokiagatik, ezin da alderatu Gipuzkoako gune euskaldun bateko saio batekin. Erabat desberdinak dira».

Dena den, ez du eremu geografikoak bakarrik aldatzen plaza. Saio motarekin zerikusia duela uste du Zuazubiskarrek, «Plazak ez du zertan zerbait homogeneoa izan. Egoeraren arabera aldatzen da asko. Ez da gauza bera udal batek edo herriko etxe batek antolatutako saio batean kantatu edo bertso poteo batean kantatu». Publikoa aldatu egiten da. «Gaztetxe batean kantatzen baduzu, batez besteko adina 25 urtekoa izan daiteke, baina gero plazara joan eta aitona-amonak dituzu aurrean. Testuinguruak aldatzen du, eta orain, agian, testuinguru gehiago dago».

 

Plaza modu askotara uler daiteke gaur egun; tradizioz herriko plazetan egin den jarduera, beraz, esparru eta formatu desberdinetan garatzen da gaur egun. Gaztetxeak, areto itxiak, bertso poteoak eta bertso afariak zabaldu egin dute plaza. «Nik beti ezagutu ditut», dio Iturriagak. «Orain, beharbada, beste espazio batzuk agertu dira, saio tematikoak eta musikatuak, besteak beste. Nolabait hedatzen ari da». Hala ere, horrek «galdera bat dakar, ohiko jaialdi edo publiko guztientzako formatuaren gaineko kezka. Oso aspaldiko kezka da, eta nik esango nuke ondo egokitzen ari dela egungo garaietara. Hogei urte badaramatzagu jaialdiaren formatua krisian dagoela esaten».

Bartrak ere formatua aipatu du plazaren aldaketei buruz galdetzean, eta formatuak bertsolariaren eta entzulearen jarreran duen eragina nabarmendu du. «Formatuaren arabera, guztiz aldatzen da jendearen jarrera. Errezeptiboago egon daiteke, edo norbera gehiago emateko prest».

Tipologiaz edo formatuaz gain, plazaren bilakaera nabarmena izan da beste zenbait esparrutan. Unai Iturriaga: «Bertsolaritza ez da bizi dugun mundu honetatik isolatuta dagoen zerbait. Aldatu da belaunaldiz, aldatu da generoz, erreferentziaz, eta baita umorez ere». Plazaren «atomizazio edo espezializazioa» gertatu dela uste du, hain zuzen, gizarteak horretara eraman dituelako bertsolariak. Zuazubiskarren iritziz, publiko berri bat dago, «kaletarragoa». Bertsolariak kaletarragoak bihurtu izanak aldatu du plaza».

Plaza berria, ‘online’

Koronabirusa dela eta, plazak hutsik geratu dira denbora luzez, eta bestelako estrategiak bilatu dira bertso saioak eskaintzeko. Bartrak hiruzpalau saio egin ditu telematikoki. «Beste esperientzia bat izan da, baina, hori probatu ostean, garrantzi edo zentralitate handiagoa ematen diot plazaren kontzeptu fisikoari. Inoiz baino gehiago ikusi da bertsolariok plaza behar dugula. Entzulearen feedbacka eta begirada beharrezkoak dira. Hoztasuna ematen du keinurik gabeko entzuleak izateak aurrean, eta nik uste dut balioa eransten ari zaiola aurrekoari, entzulearen berotasunari». Irratian egindako bertso saio batean ere parte hartu du. «Zoramena da zure sakelakoari kantatuz ibiltzea. Nik uste dut proba moduan ondo dagoela, baina guk gure jardunean dugun funtzioaren zentzua galtzen du».

«Maskaradun entzuleei kantatzea arraroa eta pixka bat biolentoa» iruditu zaio Zuazubiskarri. «Lehengo plaza gustatzen zaigu entzulea parez pare eta gertu geneukalako. Ezagutzen dugun plaza edo tarte batean berriro ikusiko ez duguna zenbateraino gustatzen zitzaigun konturatzeko balioko du bizitzen ari garen egoerak».

Iturriagak bi saiotan parte hartu du berrogeialdia amaitu zenetik, baina ez du online bertso saiorik egin. «Udazkenean zer gertatuko den da nire kezka, saio askoko garaia baita bertsolarientzat. Ikusiko dugu egoerari nola egin aurre, zer tresna dauzkagun eta zer sortu dezakegun».

Bertso plaza, toki fisikoaz harago
Bertso plaza, toki fisikoaz harago
Bertso plaza, toki fisikoaz harago
Bertso plaza, toki fisikoaz harago