Ane Labaka: “Bertsolaritzak intelektualetik asko dauka, baina saiatzen naiz lepotik behera asko jaisten”

2018-05-04

Ane Labaka –

Hik Hasi atarian Ane Labakari egindako elkarrizketa.


Ane Labaka: “Ahalduntzeko eta munduan kokatzeko balio dit bertsoak”

 
2018-04-25
BERTSOA DIBERTSIOAREKIN LOTZEN DU LABAKAK, BAINA BAITA SORMENAREKIN ETA AHALDUNTZEAREKIN ERE: “NIRE BURUARI GALDERAK EGITEKO ETA GAUZAK ZALANTZAN JARTZEKO AUKERA EMATEN DIT SORMENAK, BAITA PERTSONA BEZALA GARATZEKOA ERE. ETA HORIXE DA NIRETZAT AHALDUNTZEA”.

 

Ane Labaka
 

Bertsolaria da Ane Labaka (Lasarte, 1992), baina sortzaile ere bada, eta hezitzaile, ikertzaile eta eragile. Euskal Filologia ikasi zuen lehenik, eta Gizarte Antropologiako masterra egin zuen ondoren Bertsolaritzan garatutako umorea(k), genero ikuspegitik izeneko ikerketa-lanarekin bidea amaituz. Orain, berriz, Emakume eta Gizonen berdintasunaren gaineko Masterra ari da amaitzen. Plazaz plaza ibiltzen da bertsotan, baina bertso-maistra ere bada, eta Txakur Gorria taldearekin bestelako sormen-lanak ere egiten ditu: bideoak, antzerkiak, emanaldi literarioak, komikiak…

Bertso-eskoletan eta udalekuetan jarduten zara irakasle lanetan. Alegia, hezkuntza ez formalean. Haurrak eta nerabeak hezteko eta hazteko espazio pribilegiatua izan daiteke, etxean edota eskolan ez bezalako bizipenak izateko aukera ematen duelako. Aldi berean, ordea, eman lezake beste jarduera batzuek baino esfor-tzu intelektual handiagoa eskatzen duela zuenak. Nola bizi duzu zuk bai alde bata eta bai bestea?

Intelektualetik asko dauka, hori jakineko kontua da, baina hala ere ni saiatzen naiz —eta uste dut ber-tso-eskolen kasuan nahiko orokorra dela—, lepotik behera ere asko jaisten. Hasteko, bertso-eskolako dinamikak ez dauka zerikusirik eskola formalarekin, eta nire jardunak ere ez ohiko irakasleenarekin. Adibidez, gu denok borobilean esertzen gara eta ni bat gehiago izaten naiz taldean. Horrez gain, mugimendua eskatzen duten jolas pila bat egiten dugu, edota eguraldi ona egiten duenean kanpora irteten gara. Badakit hezkuntza formaleko eskola orduetan bertsolaritza emateak berak zer-nolako mugak dituen eta horrekin hausten saiatzen naiz. Oso eskola dinamikoak egiten ditugu.

Dinamikotasun eta mugimendu horrek zer eskaintzen die ikasleei?

Nik uste dut ohituta dauden horrekin puskatzeko balio duela. Adibidez, altxa eta erdira ateratzeko eskatzen zaie. Arreta eurengan jartzen da, protagonismoa eurei ematen zaie eta ulertzen dute une horretan eurengan dagoela fokua. Gainera, momentu horretan besteek egon behar dute haiei begira, entzuten. Eta hori oso inportantea da. Nik beti azpimarratzen diet ikasleei bertso-eskolan bertsotan ikastea badela helburu bat, baina gauza guztietan garrantzitsuena entzuten ikastea dela. Ez badugu entzuten ikasten, beste guztiak ez digu ezertarako balio. 

Ikasleak eurak zentroan jartzearekin beraien parte-hartzea bilatzen da?

Bai. Eta horrekin batera niretzat klabeetako bat da eurei hitza ematea. Hain zuzen, hezkuntza-sistema arruntak egiten ez duena. Eta bertsolaritzaren kasuan hori egin beharra daukate. Hasieran asko kostatzen zaie iritzia ematen ikastea, kritikotasuna lantzea eskatzen duelako horrek. Hau eta hori entzun duzu, eta beraz, badirudi zuk ere hau eta hori pentsatu beharko zenukeela eta hori esan. Ados. Baina, benetan zein da zure iritzia?

Kanpotik jasotakoa norbere filtroetatik pasatzeaz ari zara? 

Bai. ‘Eta, nik zer?’ galderari erantzutea litzateke kontua. Adibidez, nahiz eta oraindik ez izan bertsoak osatzeko gai, rol ezberdinetan jarri ohi ditugu ikasleak, eta bakoitzari bizpahiru hitzartze ematen dizkiogu, gaia planteatu ostean. Alegia, antzerkia egingo balute bezala da. Esate baterako: ‘Gurasoek esan dizuete ordu jakin batean etortzeko etxera. Ordua iristear dago eta batek etxera joan nahi du, baina besteak ez’. Horrelako ariketak egitea eta benetan espazioa ematea euren hitza edukitzeko oso inportantea da, horrek balio duelako apurka norbere iritzia osatzen joateko. 

Eskolari egozten zaion uniformetasunaren aurrean —ikasle guztiak berdintzen dituela argudiatuz eta horrek mendeko eta esaneko egiten dituela—, bertsolaritzaren lanketak justu kontrakoa eskatzen du: norbere barrukoa erakustea, besteen aurrean nor izatea, identitate bat eraikitzea, bakantasuna… Pertsona bezala eraikitzeko orduan bertsogintzak haur eta gazteei zein bide irekitzen die?

Nik beste ezeren gainetik kritikotasuna azpimarratuko nuke. Askotan aipatzen da jendaurrekotasuna lantzea eta beste hamaika ere izan daitezke, baina niretzat garrantzitsuena da pertsona bezala garatzeko erremintak ematen dizkizula; jakiteko zuk zer pentsatzen duzun, hausnartzeko, adierazteko bitartekoak ematen dizkizu. Iruditzen zait asko laguntzen duela sentitzen ditugun gauza horiei hitza jartzeko eta kanporatzeko. Hori bertsolaritzak ematen du, atzean sormena dagoen heinean, baina beste edozein sormen-bidek ere eman ahalko luke.

Eta ikasleak nola ikusten dituzu? Kosta egiten zaie adieraztea? 

Ez daude ohituta. Beste eremu gehienetan egiten dutena da jaso, jaso eta jaso. Hori bakarrik. Hezkuntzan ez dago adierazteko espaziorik. Txikitan bai, marrazten duzu eta pozik zaude zuk marraztu duzunarekin. Gero ailegatzen da adin bat marra baten barruan marraztu behar duzuna eta marratik ateratzen bazara gaizki dagoena. Edo testuak modu jakin batean idatzi behar dituzuna eta sormen guztia parametro batzuen barruan egitera mugatzen duena. Eta, gainera, ondo edo gaizki egitera. Hor anulatu egiten da guztiz bakoitzaren adierazpena. Bertso-eskolak behintzat aukera ematen du ezarrita dagoen hori zalantzan jartzeko. Sikiera, ondo edo gaizki horri buelta emateko. 

Horrez gain, uste dut bertsolaritzak hizkuntza lantzeko ere balio duela. Gure kasuan, euskara. Beraientzat guay-a eta jolasteko balio duena gaztelania da. Ludikotasunerako balio duen bakarra erdara da. Eta, bertsolaritzarekin ikusten dute euskararen kasuan ere kontua ez dela bakarrik aditz taulak ikastea eta gramatika egitea, baizik eta bat batean konturatzen dira euskara ere guay-a izan daitekeela, ondokoarekin parteka dezaketen zerbait, lagunekin ondo pasatzeko bidea, jolasteko balio duena… Hori ere sekulako lorpena da. 

Bertsolaritzak jendaurrean izatera, nahi den hori esatera, sentipenei hitza jartzera darama gaztea. Iritzi bat eraikitzea ere badakar, zenbait gairen aurrean posizionatzea eta hori plazaratzea. Segurtasuna eta autoestimua indartzeko balio diezaieke horrek? Finean, ahalduntzeaz ari gara? 

Zalantzarik gabe. Oso zaila da bere buruarengan sinesten ez duen norbait oholtza baten gainera igotzea eta bat-batean aritzea. Maskararik gabe jardutea, askotan, lekuz kanpo sentitzen zaren toki batean. Ez baldin bazaude ahaldunduta eta zeure buruarengan ez baduzu sinesten, horrelako arriskurik ez duzu hartuko. 

Gainera, pertsona bezala garatzeko ere balio du. Lehen aipatu dugu pentsatzen duzunaren gaineko iritzia ematen lagun dezakeela bertsolaritzak, eta horri beste puntu polit bat erantsiko nioke: askotan tokatzen zaizula defenditzea zuk oholtzarik kanpo defendatuko ez zenukeen hori. 

Adibidez, ume edo gaztetxoen kasuan, rol jolas hori jartzen diedanean, ‘udalekuetan zaudete, gaua da eta begiraleek esan dizuete lo egiteko; batak lo egin nahi du eta bestea hor ari da hitz egin eta hitz egin’, eta igual jartzen diezu berez duten joera horren kontrako papera. Alegia, berez lo egin nahiko lukeenari hizlariarena eta alderantziz. Beraiek segituan esaten dute: ‘Jo! Baina hori alderantziz izango litzateke…’. Nik esaten diet bertsolaritzan horrela dela, toka dakizukeela berez arrotza zaizun rol bat, baina oso interesantea dela bestearen lekuan jartzea eta ikustea zuk ere ez duzula zertan beti rol jakin bera izan.  

Gainera, bizitza arruntean —etxean gurasoekin, eskolan, kuadrillan…—jorratzen ez diren gaiak lantzeko aukera eman dezake bertsolaritzak. Bereziki, nerabezaroan, egonezin handiko garai horretan, nola lagun dezake?  

Pertsonalki, niretzat idaztea, oraindik ere bai baina bereziki adin horretan, gatazka garai betean zaudenean, gorputzean aldaketekin… terapia moduko bat izan zen. Eta idatz dezakezu bai prosa moduan, edo bai poesia edo bai bertsotako formatuan. Baina, adibidez, eroso egongo zaren inguru bat sortzea lortuz gero, egin dezakezuna da pentsatzen duzuna adierazi, baina horrez gain, baita ingurukoekin partekatu ere. Ikusi zure gatazka hori besteek nola bizi duten eta horren guztiaren inguruan gogoeta egin. Eta esango nuke bertso-eskolek horretarako espazio interesgarria eskaintzen dutela. 

Orduan zuk izan duzun eboluzio pertsonalak orain egiten duzun profesio honetarako asko balio dizu. Gainera, adinez ere ez zaude hain urruti haiengandik. 

Hala da. Esate baterako, ni neska izanda badakit zenbat kosta zitzaidan bertso idatzietatik bat-batekoetara salto egitea, munduko autoperfekzionistena nintzelako eta buruan bertso bat perfektu eduki arte ez nuelako kantatzen. Nire irakasle izan den Amaia Agirrek kontatu zidan berari berdina pasatu zitzaiola eta orain nik ikusten dut adin horretako ikasle neskekin gauza bera gertatzen dela. Hortaz, horrelako egoeretan, asko balio dit nire ibilbideak, ni ere hortik pasa naizelako. Nik bertsolaritzaren bidez feminismoa ezagutzeko zortea izan nuen. Eta, gainera, ez banuen momentu jakin hartan feminismoa deskubritu, iruditzen zait gaur egun ez nukeela bertsotan jarraituko. 

Plazetarako salto horretan eta lehenengo sariketetan deseroso nengoen, ez nuen nire burua aurkitzen. Gauza askok krak egin izan balidate bezala zen. Ni behea jota nengoen momentu hartan. Gasteizko unibertsitateko lehenengo urtean nengoen. Justu bertso munduko emakumeen topaketa bat tokatu zen Askizun; kasualitatez, joan egin nitzen, eta niretzat erreferente ziren bertsolariak —Uxue Alberdi, Ainhoa Agirreazaldegi…— nire adinean gauza bera gertatu zitzaiela esaten entzun nituen. Eta niretzat hori sekulako astinaldia izan zen, oso bortitza. Asteburu guztia negarrez pasa nuen, oso islatuta sentitu nin-tzen: ‘Hauxe da niri gertatzen zaidana’, esaten nuen nire baitarako. 

Egoeraren kontzientzia hartu nuen eta konturatu nintzen bi aukera nituela: errealitatea onartu eta ezer ez egin, edo egoera hark eskatzen zuen lanketa bat egin, alegia, saiatu gauzak ulertzen, saiatu gauzak adierazten sentitzen ditudan bezala eta saiatu leku bat egiten benetan nik nahi dudan moduan. Eta bigarren bidea hartu nuen, eta orain nire bizipen horietatik bertso-eskolan eragiten saiatzen naiz. 

Eta, orain, justu, neska mordoa dauzkazu eskolan.

Baina hala ere mutilak dira lehenengo kantura ateratzen direnak eta berdin zaienak zer esan jende aurrean, eta ez badute bertsoa bukatzen ez zaienak ezer pasatzen… eta neskak dira negarrez doazenak ez badute bertsoa bukatu.  

Ezinbestean, sormenari bidea ireki beharra ere eskatzen du bertsogintzak. Nola landu daiteke haur eta gazteekin sormena? 

Duela urte batzuetatik bertso-eskolako irakasleen artean eta mintegietan hitz egin izan da pasa beharko ginatekeela bertso-eskolatik sormen-eskolara. Askoz aberasgarriagoa litzatekeelako. Azkenean, dena lotuta dagoela konturatzen gara. Non bukatzen da bertsolaritza eta non hasten da literatura? Non hasten da antzerkia eta non bukatzen da bertsolaritza? Orduan, idealena bertsoari zentralitatea emanda besteei ere leku egitea litzateke. Ni kontziente naiz muga horiek oso lausoak direla batetik bestera, eta, gainera, ez zaigula interesatzen mugatzea, baizik eta bestearenetik ere hartzea interesatzen zaigula. 

Zuk, zehazki, sormena era kolektiboan bizitzearen garrantzia azpimarratu izan duzu, horren isla da zuen proiektua: Txakur Gorria.

Txakur Gorria lau emakumeren artean daukagun talde bat da. Bi ilustratzaile eta bi bertsolari. Gu testuaz arduratzen gara eta eurak ilustrazioaz, eta proiektu ezberdinak uztartzen ditugu: bideoak, antzerkiak, emanaldi literarioak, komikia… denetik egin dugu. Sortzeko bidea oso-oso indibiduala dela konturatu ginen. Eta justu guretzat oso interesantea da sormena kolektibitatean bizitzea eta partekatzeko aukera edukitzea. Eta lan egiteko modu hori bertso-eskolara ere eraman daiteke. Azkenean, niretzat sortzea badelako gauzak zalantzan jartzea. Eta ondoan beste norbait edukitzeak laguntzen dizulako horretan: beste ikuspegi batzuk, beste ertz batzuk, beste zalantza batzuk, beste galdera batzuk… ateratzen.

Eta zer ematen dizu sortzeak?

Neure buruari galderak egiteko aukera ematen dit eta gauzak zalantzan jartzekoa. Oso gustura sentiarazten nau. Pertsona bezala garatzeko aukera ere ematen didalako. Eta hori ahalduntzearekin lotuta ikusten dut nik. Ohartzen naiz, nire txikitasunean ere, badauzkadala gauzak esateko, badaukadala zer kontatua, eta gainera badaukadala nola kontatua ere. Ni behin horretaz konturatzen naizenean, Ane bezala ahalduntzen naizenean eta horrela kokatzen naizenean munduaren aurrean, horrek asko betetzen nau. 

Eta hori horrela da, baita ere, aldiro beste aldean jasotzen duen norbait dagoelako eta hark zuri feedbacka itzultzen dizulako. Zeren sormena askotan ez da amaitzen zuk bukatzen duzun horretan, jasotzen duen harengan eragiten jarraitzen du. Azkenean, sormena eragiteko tresna bat ere badelako. Konturatzen zarenean benetan beste batengan zerbait eragin duzula zikloa itxi bezala egiten da. Hau da, sortzaileak entzuleari edo ikusleari zerbait igortzen dio, baina gero berriz bueltan dator sortzailearengana. Eta horrek sortzaileari hurrengo baterako balioko dio. Feedback horrek katigatu egiten du. 

Umorearekin ere estuki lotuta dago bertsolaritza eta horrekin batera ludikotasunarekin. Justu adin batetik aurrera gizarteko beste hainbat eremutan bazterrean uzten diren elementuak dira. Zein onura izan ditzake ludikotasun horrek haur eta nerabeentzat? 

Niretzat dibertsioari bere horretan tokia egitea garrantzitsua da. Egon dadila eremu bat gozamenarekin, jolasarekin, ondo pasatzearekin… lotuko dutena. Hori pertsona guztiok dugun behar bat da, eta ezin dugu adin batetik aurrera ludikotasuna anulatu. Iruditzen zait adin batera arte sekulako garrantzia ematen zaiola eta gero desagerrarazi egiten dugula, nahiz eta gure premiak hor jarraitu. Nik bertsoa dibertsioarekin lotzen dut. Ondo pasa eta ahal bada ondo pasarazten dugu. Eta hori kristona da. Zuk badakizu ze gozamen den zuk bota duzun bertso batekin 100 pertsona barrez ikustea? Barrearekin izan daiteke, baina baita ere esatearekin, adibidez, ‘pila bat hunkitu nauzu’. Nola ez zaitu ahaldunduko horrek? Horrek izugarri betetzen zaitu! 

Ane Labaka