Ane Labaka, Gaur8-n

Ane Labaka

Gure blogarietako bat sakonago ezagutu nahi? Naiz hedabidetik dakargu ona, hona. Gaur8-rako Amagoia Mujika solasean aritu da Ane Labakarekin. 

 

 

Bizitza erdia darama bertsotan, dituen 24 urteen erdiak. Eskolartekoetatik hasi zen nabarmentzen bertsolari lasartearra, umetatik bazekielako nola esan: seguru, ozen, kokotxa tente. Bidean ikasi du zer esan nahi duen, garbi baitauka feminismora lotu zelako jarraitzen duela bertsolari izaten. Beretzat bertsolaritza eragiteko tresna bat da.

 

Hamabi urte zituela hurbildu zen bertso eskolara. Orain adin bikoitza dauka. Aita oso bertsozalea du eta igoal horregatik ez zen lehenago gerturatu, badelako bizitzan sasoi bat gurasoei kontra pixka bat egin behar zaiena. «Bi urte gazteagoa den ahizpa daukat, Maddi. Bera hasi zen bertso eskolan eta berak kontatzen zuenak tentatuta eman nuen pausoa. Orain nik bertsotan segitzen dut eta Maddik ez».

Lasartearra den arren, Añorgako Amasorrain ikastolan ibilia da eta bertsotan Asteasuko bertso eskolan hasi zen, Amaia Agirreren eskutik. «Aitak Amaia ezagutzen zuen eta horregatik hasi nintzen Asteasun. Bertso eskolan hasi orduko sekulako talde giroa igarri nuen eta horrek engantxatu ninduen». Eta Asteasun harrapatu zuen talde giro horretan segitzen du, bertsolaritzak baduelako soka hori osatzeko gaitasuna; bertso eskolaren bueltan, eskolartekoaren inguruan, unibertsitatean, bertso saioetan, sare sozialetan… jositako amaraunean lotzen dira bertsolari gazteak, txoko desberdinetakoak laguntasun baten bueltan bilduaz.

Ane LabakaAne Labaka azkar hasi zen oholtza gaineko jardunean nabarmentzen; eskolartekoetan eta gazte sariketetan sari asko eta asko lortua baita, bai idatzian eta bai bat-batekoan. «Egia esan, zortea beti alde izan dudala sentitzen dut», esan du. Ez omen da bere lehen oholtzarekin akordatzen, asko sufritu ez zuen seinale. «Ez daukat gogoan sekula oholtzan asko sufritu dudanik». Egia da patxada eta segurtasuna transmititzen dituela kantuan. «Askotan esan didate. Egia da, hala ere, beti ez naizela kanpotik ematen zuen bezain seguru eta lasai aritu».

Kantatu ozen, burua altxatu, hankak zabaldu… Emakume askok jaso dituzte era horretako lezioak bertso eskoletan. Ane Labakak horrela kantatzen du. «Guri horrela irakatsi digute, baina nire ikasleekin saiatzen naiz hori zaintzen eta horrelako aholkuak ez ematen. Saiatzen naiz erreferente desberdinak erakusten eta bakoitza den bezala agertzeko esaten diet. Orain badaude erreferente desberdinak. Maider Arregi, esaterako, sekulako bertsolaria iruditzen zait eta ez du inondik inora ozen kantatzen, baina lortzen du bere ahotsarekin mundu guztia harrapatzea».

 

Bertsolaritza eta feminismoa

Askotan izaten dira krisiak bertsolariaren bidean. Lasartearrak ere izan du berea propioa. «Gasteiza Euskal Filologia ikastera joan nintzenean han inguruan bildu ginen gure belaunaldiko bertsolari batzuk eta bertso eskola egiten hasi ginen. Adin buelta hartan oso gaizki sentitzen hasi nintzen bertsoarekin. Uste dut ordura arte nire burua lasai samar aritzen zela potolokeriak kantatuta ere, baina une hartan galdera potoloak sortzen hasi zitzaizkidan; zer egin nahi nuen bertsotan, zer kantatu nahi nuen, nola…». Une batean bertsoak uztekotan ere egon omen zen, bertsoarekin haserre.

«Eskolartekoan nabarmentzen hasi eta konturatu gabe egin nuen bidea. Gidabaimena izan aurretik gurasoek eramaten ninduten plazaz plaza. Zurrunbilo batean sartu nintzen, inertziaz, bide horri buruz hausnartu gabe», zehaztu du.

Krisi horretan bete-betean zegoela, Askizun Emakume Bertsolarien topaketa izan zen, eta bertan egon zen. Denbora paretsuan, feminismoaren baitan bidea urratzen hasi zen. «Zalantzan jartzen dut feminismoaren barruan bide hori urratu izan ez banu, beste emakume batzuekin nire bizipenak partekatu ez banitu, hau eta bestea irakurri ez banu, gaur egun plazan bertsotan egongo nintzatekeenik. Segur aski, ez».

Ane LabakaFeminismorik gabe, ez litzateke bertsolari. «Niretzat bertsolaritza eragiteko tresna bat da. Nik sentitzen dut eragiten ari naizela, kantatzen ari naizenean eta kantatzen ari ez naizenean. Badakit zer kantatu nahi dudan eta zer ez. Gero, bat-batean ari zarela, inoiz ez duzu egiten nahiko zenukeena nahiko zenukeen perfekzio mailarekin. Baina hori bidearen parte da».

Ane Labakaren belaunaldia parekidetasunaren ameskerian hazitakoa dela esaten da askotan. Labakak, bere aldetik, beti sentitu du parekidetasun eza. «Bertso eskolan bertan konturatzen nintzen desberdintasunez. Mutilek erraz asko kantatzen zuten jendaurrean, baita bertsoaren erdian gelditu eta barrez hasi ere. Nik ez nion nire buruari horrelakorik baimentzen. Nik buruan idazten nuen bertsoa, idatzi bezala. Eta bertso hori perfektua izan arte, ez nuen kantatzen. Niri gehien kostatu zaidana hori izan da, gainera; bertso perfektu horretatik ateratzea, inperfekzioa bat-batekoaren parte dela onartzea».

Ez da kasualitatea emakume bertsolaria bere buruarekin hain exijentea izatea. «Finean, ez dagokizun toki batean zaude, betidanik gizonena izan den eremuan eta justifikatu egin behar duzu zergatik zauden hor. Eta justifikatzeko modu bat hori da: ondo edo oso ondo egitea. Ni kontziente naiz bertsotan ondo egingo ez banu segur aski ez nukeela jarraituko. Txapelketetan, adibidez, oso garbi ikusten da hori. Nahiz eta emakume gutxiagok parte hartu, faseek aurrera egin ahala proportzioan emakume gehiago dira aurrera egiten dutenak. Gutxi ateratzen dira, baina gutxi horiek emaitza onak izaten dituzte».

Gaur egunean bertso irakasle dabil, bai hezkuntza arautuan bai hortik kanpo. Antropologiako masterra ere egiten ari da. «Hezkuntza arautuan Donostian, Errenterian eta Hernanin ari naiz. Eta Lasarteko, Urnietako eta Añorgako bertso eskoletan ere ari naiz».

Oso gustura dago haur eta gaztetxoekin lanean, nahiz eta betaurreko moreetatik begiratuta mina ematen duten egoerak ikusten segitzen duen. «Neskek bere buruarekin oso exijenteak izaten segitzen dute. Irakasleak galdera bat egiten duenean, normalean mutil gehiagok altxatzen dute besoa. Neska batek besoa altxatzen duenerako, seguru daki bere erantzuna zuzena dela. Neska batek ez du besoa altxatzen edozer gauza esateko. Eta hori klase bakoitzean ikusten dut nik. Bertsozale Elkartetik sekulako lana egiten ari gara norabide horretan, kontziente garelako oraindik asko dagoela egiteko. Baina zaila da».

Feminismoa eta bertsolaritza elkarren artean korapilatuta ulertu eta bizi ditu Ane Labakak. Bide horretan, Mintzola Ahozko Lantegiak eta Mikel Laboa Katedrak eskainitako hiru proiektu sarietako bat lortu du. “Bertsolaritzan garatutako umorea(k), genero ikuspegitik” proiektua aurkeztu eta 2.000 euroko saria jasoko du bere lana osatzeko.

«Antropologiako masterra ikerketara bideratutakoa da. Garbi neukan, hasieratik, bertsolaritza eta generoa landuko zituen lan bat egin nahi nuela, baina zerbait berria ekarri nahi nuen. Aurretik egindako lanetan ikusi nuen behin eta berriz errepikatzen zela umoreak sekulako eragina zuela, umoreak asko eraikitzen duela. Eta gai horri heltzea pentsatu nuen». Masterrerako egin behar duen ikerketa lana da, hain juxtu, saritu dutena.

Zenbat eta nola eraikitzen du umoreak? «Bai plazan eta bai plazatik kanpo erabiltzen dugun umore hegemonikoa sistema patriarkalean oinarrituta dago erabat. Aldi berean, umorea erabil daiteke genero sistemak markatzen duen horri erresistentzia egiteko, hori transgreditzeko. Bi norabide horiek ditu nire lanak: batetik, genero sistemak sortutako umorea ikertu, eta, bestetik, horri guztiari aurre egiteko, horri barre egiteko, sortzen ari diren umore berriak identifikatu eta ikertu».

Ane LabakaBertsolariak badaki nola piztu publikoa, zein klabe erabili barrea pizteko. «Makila, txistorra… aipatzen bada denek dakite zakilaz ari dela bertsolaria, denek barre egiten dute eta txalo jotzen dute. Baina, zer gertatzen da alua aipatzen badu? Uxue Alberdik egin zuen lehen aldiz duela gutxi eta berak kontatzen du jendea lekuz kanpo geratu zela, ez zekiela oso ondo zer egin behar zuen; txalo jo, barre egin, ukabila altxatu…».

Dagoeneko hasi da ikerketarekin, umorearen eta generoaren bueltan ari diren zenbait emakume elkarrizketatuz; Aitziber Garmendia, Beatriz Egizabal, Idoia Torregarai, Irantzu Varela… Aurreraxeago emakume bertsolariekin elkartzekoa da. «Umore hegemonikoa topatuko dudala iruditzen zaidan bertso saioetara ere joango naiz, grabazioak egitera. Eta bestelako umorea egiten den saioetan ere egingo ditut grabazioak, ‘Ez da kasualitatea’ bezalako saioetan. Konparaketak egin nahi ditut».

Hausnarketa kontzientean hasi aurretik, konturatuta zegoen umore klase batek ez ziola graziarik egiten. «Ni baino helduagoa den gizonezko batekin kantatzen badut, badakit ia beti zer-nolako umorea sortuko den: ligoteoa, kalabazak… Badakit zer ez dudan egin nahi, nahiz eta batzuetan bat-batekoak harrapatu egiten gaituen. Emakume bertsolari asko gara betiko umore hegemoniko eta matxista hori egin nahi ez dugunak, baita gizonezko batzuk ere. Badakigu umorearekin ere eraiki eta deseraiki egin daitekeela. Orain, plazak falta zaizkigu».

Emakumeak egon badaude plazan, baina oraindik ez betiko umorea, betiko txiste erraza, hankaz gora jartzeko kopuruan. «Sei bertsolariko jaialdietan bi izatera irits gaitezke, baina, lau bertsolarikoetan, emakume bakarra izan ohi da. Guretzat oso garrantzitsua da emakume artean kantatzea, gure arteko bertso saioak izatea, baina horiek data seinalatuen bueltan baino ez dira izaten, Martxoaren 8an kasu. Guk badakigu badela umore kode bat guri ez zaiguna gustatzen, ez diguna funtzionatzen. Beste umore kodea eraikitzeko dago, baina ez dugu eraikitzeko aukerarik, ez ditugulako horretarako behar adina plaza». Plazarik ezean, plazatik kanpo lanean ari dira. «Hilabetean behin elkartzen gara emakume talde bat kantatzeko. Hausnarketa garrantzitsua da, baina nik elkarrekin kantatzeari ere sekulako garrantzia ematen diot, horrelakoetan eraikitzen baititugu kode berriak; kantatu, hanka sartu, gozatu, estutu…».

Plazak behar dituzte gustatzen ez zaien umore kodea deseraiki eta berria eraikitzeko. Eta ez da emakumeen umore kode berria, bertsolaritzak aurrera egiteko behar duen umore kode berria baizik. Baina emakume gabe ezin da eraiki.

Ane Labaka