Bertso jarriak - Haurtzaroko kontuak
Haurtzaroko kontuak –
Abel Zabala Elizasu, Bidasoako Hitzan.

Irunabar Irungo Bertsoaren Bilgunearen eta HITZAren elkarlanaren harira, Abel Zabala Elizasuk bertso sorta egin du. Hona hemen, Zabalak egindakoa:
Doinua: Baten bizitza kanta dezadan
Igerabiden liburu ederra
da Begi bat kokotean
bere_umetako oroitzapenak
kontatzen ditu tartean
oso gustora irakurri dut
ia astetxo batean
eta ni ere haurtzaroraino
eraman nau bapatean.
Nire haurtzaroa aspaldi
joan zen
ez dugu kontu berria
hala ta guztiz egin nahi nuke
garai haren aldarria
landa mundutik zetorrelako
gurasoen jatorria
bi mundu_ezberdin lotu
nituen
kalea ta baserria.
Astegunetan kalean baina
larunbatez baserrira
Gaintxurizketa kaxkora egin
nuen makina bat jira
oroitzapenak ekarri ditut
bertso-sortaren erdira
mutikoaren hezur bigunak
gogortzen hasiak dira.
Txirringarekin eman nituen
atarian mila buelta
eta larruzko pilotarekin
ongi zikindu pareta
ziba zahar bat ere_izaten zen
bazter batean gordeta
noizbehinka_atera beharra
zegoen
moda itzultzen zen eta.
Orduan ez zen Nintendorikan
ez eta Play Stationik
baina Playmobil ta Airgam
Boysak
gogoan ditut oraindik
Monopolyan edo kartetan
ez uste ahaztu zaidanik
Parchisarekin zenbatzen ere
ongi ikasi nuen nik.
Gaixoaldiak izaten zuen
bere urteroko zita
aste batean e(d)ukitzeraino
anginak ongi hazita
pediatraren aginduz edo
praktikanteak bixita
ez zen txikia beldurra eta
injekzioaren zizta.
Arropak ere pasatzen ziren
esku batetik bestera
anaiarenak lehengusuari
bueltan niretzat ostera
telebista zen txuri-beltzean
bi kate soilik gainera
zer aldaketak izan ditugun
hortik kontuak atera.
Irakurtzeko Zipa ta Zape
Kili-kili zein Ipurbeltz
Elkar-en Ipuin Harrigarriak
zer jakin-min zer interes
Tom eta Jerry, Mazinger Z,
Tarzan telebista bidez
mandorik ez zen epoka hartan
eta zapping-ik ere ez.
Litxarkerien zerrenda berriz
Pantera Rosa, Tigreton
Triskysak edo Gusanitosak
jan gabe ezin ba egon
Chupachus, Kojak edo Sugusak
beste hainbat goxoki on
ni txanpon batzuk xahutzeko
prest
aurkitu ez gero inon.
Oroiminetik begiratzea
nahiz ez den nire gogoa
nondik gatozen gogoratzea
ez da ideia zoroa
ez naiz hasiko zer den hobea
lehengoa oraingoa
beraz bakoitzak bizi dezala
tokatzen zaion aroa. (Bis)