Bertso jarriak: OTAri (Ordaindu Ta Amorratzeari)
Ordaindu Ta Amorratzeari –
Jon Luzuriaga Iurramendi, Bidasoko Hitzan.
Irunabar Irungo Bertsoaren Bilgunearen eta HITZAren elkarlanaren harira, Jon Luzuriaga Iurramendik bertso sorta egin du. Hona hemen, Zabalak egindakoa:

Doinua: Betroiarena A
Hiri modernoa ez
al da tiranoa?
Ipurdian atera
ohi den granoa?
Pobreenentzat presto
du sotamanoa…
Ni igual izan arren
probintzianoa
zu hain urbanoa;
harreman sanoa
eta humanoa
zen bion asmoa
baina barru guztia
hustera noa.
Hondarribia, Irun
edo Hendaiara
autoz joanez gero
dena da traba
txuloren baten bila
hona eta hara
aparkatu arte bi
ordu beharbada
hau gutxi ez bada
gero zuri paga
ematea jada
nahitaezkoa da
zerbitzu deitu arren
lapurra zara!
Lehen leku gutxitan
zeuden osasuntsu
orain muturra nonahi
atera duzu
zoritxarrez onartu
zaitugu amultsu
baina nire protestak
ze amorru kutxu
nahiz ez esan usu
aitortzen dut sutsu
maiz hartu ohi dut su
gorroto zaitut zu
nire txanpon guztiak
jaten dituzu!
Ezikusiarena
eginda arantza
ateratzeko izan
dut esperantza
txanponik bota gabe
zure ahorantza
zigortuko al nauzun
geroko zalantza
ustezko bengantza
edo errebantxa
egitean antza
multa testigantza
beti oso garesti
irten zait txantxa!
Gusto txarreko OTA
TAO bedeinkatu
pozoinez nahi zintudan
madarikatu!
Bederatzi puntutan
nahiz ozen kantatu
belar txarra ezin da
errez akabatu…
Sorta hau bukatu
aurretik ohartu
hitz onik aipatu
badizut barkatu
eta gaizki esanak
gogoan hartu!