Bertsoa, babestu beharreko altxorra

Bertsoa, babestu beharreko altxorra –

Ainhoa Zabarte Narbaizak Noticias de Navarran.


Eusko Jaurlaritzak bertsolaritza ondare immaterialeko kultur ondasun izendatuko duela iragarri du. Izendapen ofiziala “datozen hilabeteetan” egingo dute

 

Bertsoa, babestu beharreko altxorra
1981.urtean, Argentinako Nekotxea hiriak 100 urte bete zitueneko ospakizunean, Amuriza bertsotan.

 

Ahotsa du lanabes bertsolariak. Oinak, errimak, tonua eta doinua jarriz bat-batean kantatzen ditu buruan sortzen zaizkion ideia nahaspilak. Azkar pentsatu eta segundo gutxian esan. Burua eta atzamarrak erabilita ideiak plazaratzen ditu. Urtez urte transmititu da euskaldunen artean bertsolaritza. Etxez etxe, familiaz familia, auzoz auzo. Adituek Erdi Aroan edota historiaurrean kokatu arren, lehen aipamen idatzia 1452ko Bizkaiko Foruetan dago jasota. Hala ere, XVIII. mendera arte itxaron behar izan zen erreferentzia zehatza izateko, eta, gaur gaurkoz, bertsolaritzaren jatorria ezezagun zaigu oraindik.

Nafarroan 2018an, Frantzian 2022an, eta datozen hilabeteetan sartuko du Eusko Jaurlaritzak ondare inmaterialeko kultur ondasunen katalogoan bertsolaritza: “Bertsolaritza ondare immaterialaren adibiderik argiena da: belaunaldiz belaunaldi komunitateak transmititzen, babesten eta aitortzen jakin duen adierazpen bizia da”, azaldu du Bingen Zupiria Jaurlaritzako bozeramaile eta Kultura eta Hizkuntza Politiketako sailburuak.

 

Eusko Jaurlaritzak ondare inmaterialeko kultur ondasun izendatuko duen lehenengo elementua da bertsolaritza.

Diziplina honek dituen ezaugarriak eta bere iraunkortasuna kontuan hartuta, Eusko Jaurlaritzak ondare immaterialeko kultur ondasun izendatuko duen lehenengo elementua da bertsolaritza. Ahozko literaturaren eremuan, “errealitaterik ezagunena” dela gogoratu du Xabier Amuriza Zarraonandiak (Etxano, Zornotza, 1941). Pozez hartu du izendapenaren albistea, eta uste du izendapen horrekin bertsolaritzari daukan garrantzia aitortzen diotela. “Nolabait, berrespen bat da, bizitza ez dudala alferrik galdu baieztatzen du, eta horrek poza ematen du. Norbera txapeldun izan den arlo batean, ondasun immaterial hitz handi horretan eta kolektibo guzti horren parte izatea…”, kontatzen du algara artean. Nerea Ibarzabal Salegik (Markina-Xemein, 1994) bertsolaritza gizarteko talde aktiboetan oso errotuta dagoen praktika bat dela sinisten du eta izendapen honek instituzioen aldetik “kontzientzia erantsi” bat gehitzen diola azpimarratu du. Bertsoari bakarrik ez, hizkuntzari, euskarari, “balio erantsia eta indarra” emango diola azaldu dute.

Eusko Jaurlaritzaren izendapenaren ondoren, “beste maila batera” salto egiteko aukera ikusi nahiko luke Amurizak: “Hemen ibili da Tourra Euskal Herrian zehar eta mundu guztian ikusiko da, eta horrek garrantzia ematen dio tokiari ere, herriari. Horrenbestez, bertsolaritzaren izendapenak jauzi handiagoa emango balu, Europan, akaso, mundu osoan erakutsi ahalko litzateke”.

 

Artearen transmisioa

 

Garai ezberdinetakoak badira ere, etxean jaso dute bertsolaritzarako zaletasuna eta afizioa bi artistek. “Etxean beti izan da zaletasun handia, amaren partetik, batez ere”, dio gazteak. Plaza non, Nerea han. Telebistan Hitzetik hortzera ikusten zuten eta Lazkao Txiki, Txirrita eta Pernando Amezketarraren marrazki bizidunak ditu gogoan bertsolariak. Amurizak, berriz, aita kantuzalea zuen, bertso ikasiak eta jarriak kantatzen zituen etxean; “Orduan nire inguruan eta Bizkaian, bat-batekoa ez zen ezagutzen, bai koplagintza”. Frankismoaren “gordinenean” Maurizia bezalako bertsolariak entzuten zituen erromerietan koplak euskaraz kantatzen, eta hori bizi izan du umetatik, etxetik. Seminarioan 11 urte zituela sartu zen eta 24 urterekin abade atera. Urteetan “lurperaturik” izan zuen euskara eta “ilunpe” bat bezala bizi izan zuen euskal kultura bera ere. Gaztelera hutsean bizi zen eta hamazazpi edo hemezortzi urterekin hasi zen bere buruari bere izate eta hizkuntzari buruzko galderak egiten. Horrela garatu zuen bere izaera zornotzarrak: “Bertsolaritza, inprobisazioa, etxean jaso nuen, baina adin tarte horretan pertsonalitate errebeldea garatu nuen eta bertsoa jarduera pertsonalizatu eta borrokalari moduan hartu nuen, eta horrela gaur arte”.

 

Bertsoa, babestu beharreko altxorra
Nerea Ibarzabal markinarra bertsotan. ALGORTAKO BERTSO ESKOLA

 

Bertsolari markinarra Lehen Hezkuntzako 5. mailan zegoela jabetu zen bertsolaritza ikasi egin daitekeen diziplina artistiko bat dela: “Kristoren poza hartu nuen eskolaz kanpoko jardueretako ekintzen zerrendan bertsolaritza irakurri nuenean. Ez nekien ikasi eta transmititu zitekeen artea zenik. Nire umetako pentsamendu horietan, Lazkao Txiki bezala, jaio egin behar zinela uste nuen; bertsolari izateko, artista jaio”.

Bertsolaritzari dagokionez, hiru arlotan egin zuen borroka Amurizak gaztetan. Tartean bertsolaritza ikasi egin daitekeela. Batzuek ez zuten bere kantua gustuko. “Eskolakoa nintzen ni eta bertsolaritza ikasi egin daitekeenaren ideia nuen, baita euskaldun berri bat euskaldun zahar bat bezain bertsolaria izan daitekeela, eta, noski, emakumeak ere”. Eta gaur egun han hemengo plazak begiratzea besterik ez dago hiru aldarri hauek gauzatu egin direla ikusteko.

Xabier Amuriza izan zen bertso eskolen aitzindarietako bat, eta horrek bertsolaritzaren “demokratizatzea” ekarri duela dio Ibarzabalek. Etxetik jaso zuen zaletasuna, baina praktikan bertso eskolan hasi zen. Bederatzi urte bueltan zituela asteazken arratsaldeetan izaten zituzten “opari” ziren eskolak. “Lehengo hitz bat eman eta puntu bat osatzen genuen, ondoren errima ezberdinak jartzen zizkiguten arbelean.” Beste arlo askotan gustura ibili izanagatik ere, bertsotan beti duela zerbait esateko sentitzen du bertsolari gazteak.

 

Xabier Amuriza izan zen bertso eskolen aitzindarietako bat, eta horrek “bertsolaritzaren demokratizatzea” ekarri duela dio Ibarzabalek.

 

Oso gaztetatik bizi izan duen kultur adierazpidea da bertsoa Ibarzabalentzat: “Hizkuntzarekin jolastu eta haren edertasunarekin esperimentatzeko jardueraz gain, mundua begiratzeko leiho bat da niretzat bertsoa”. Euskal Herria batetik bestera zeharkatzeko aukera eman dio bertsolari izateak. “Leku pribilegiatu eta askotariko batetik” ezagutzeko bidaia bat bezala irudikatzen du bertso mundua. “Plaza bakoitzak txoko batera eramaten zaitu eta, agian, herri horren hain barruko geruzara ez zinateke helduko beste modu batera”. Bidaia honek Euskal Herria eta euskara ezagutzeko eta bizitzeko parada eman dio gazteari. 

Zazpi urte dira zuzeneko bertsolaritza utzi zuela Amurizak, 75 urterekin erabaki zuen plazarik plaza ibiltzeari uztea. “Bertsolariaren ibilerak nahiko luzeak eta ordutegi txarrekoak dira, eta ez dut adinik horretarako”. Aldaketa asko ezagutu ditu bertsolaritzaren esparruan egindako ibilbide luzean. Bere hastapenetan, 1975. urtearen bueltan, bertsolari unibertsitariorik ez zegoela azaltzen du. “Gaur egun, bertsolarien gehiengoak ikasketak ditu, asko idazleak ere badira eta horrek kalitatea ematen dio diziplina honi”. Aldiz, aldaketa nabarmenena emakumeen presentziaren gorakada dela azpimarratu du Amurizak. Ibarzabal ibilbide honen parte izan da: “Umea nintzela bertsolaria gizona eta heldua zen, eta gaur egun plaza bete emakume ikusten da. Kopurua askoz handiagoa da eta baita gazteagoa ere. Harro eta pozik nago eraldaketa honen parte izateaz”. Euskalgintzara bezala, feminismora bertsolaritzatik hurbildu da markinarra. Ahalduntze bertso eskoletan parte hartzen du. Bertan, oraindik ikusten ez diren arazoak landu eta bistaratzen dituzte: “Militantzia lan bat dago hor. Adibidez, plazako gizonek lehen ikusten ez zituzten hainbat gauza azaleratzeko lanketak egiten dira eta nik eboluzio handi bat bezala bizi dut hau dena”.

 

Bertsoa, babestu beharreko altxorra
Iaz, Bertsolari Txapelketa Nagusiko finalean izan zen Ibarzabal. XENPELAR DOKUMENTAZIO ZENTROA

 

Bertsolari emakumeek zein Euskal Herriko Mugimendu Feministak urteetan egindako elkarlanak izan du zerikusia emakumeen hazkunde horretan. Transmisioko lanean, eskola arautuko zein bertso eskoletarako materialetan irakasleek kontzientziazio lan handia egin dutela gogoratzen du Ibarzabalek. Hala eta guztiz, oraindik bide luzea dagoela egiteko adierazi du: “Bertso eskoletan neska pila bat dago, hemen aldaketa nabaria da. Baina gero, beti gertatzen den grafika bat azaltzen da, plazarako saltoa iristen den unean neskak baino, mutil gehiagok egiten dute aurrera”. 

 

Etenik gabeko lana

 

Jaurlaritzaren arabera, gaur egun une onean dagoen arren, desagertzeko etengabeko arriskuan dagoen elementua da bertsolaritza. Inprobisazioa duenez oinarri, saio bakoitza bat eta bakarra da, errepikaezina. Bi artistek osasuntsu, sasoi onean ikusten dute bertsolaritza, loratsu. Ez, aldiz, euskara. Amurizaren aburuz: “Bertsolaritza ongi ikusten dut; aldiz, euskararekin ez naiz horren optimista eta biak batera doazenez ez dakit zer gerta daitekeen. Euskarak indarra, sentimendua, gizartea eta kolektibo bat duen bitartean bertsolaritzak indarra izaten segituko du”. Plazako bertsolaritza utzita badu ere, amuriza.eus webgunea kaleratu du. Ordenagailua bertso idatziz, enkarguz eta denetariko bertso motaz pilatu du bere bizitzan zehar. Oraintsu, esaterako, Itxi dezagun zirkulua lana plazaratu berri du webgunean. Kantuan ez bada ere, bertso munduan lanean segituko du bertsolari zornotzarrak.

Fenomeno soziologiko, antropologiko bezala definitzen du Ibarzabalek bertsolaritzak sortzen dituen hainbat egoera: “Jarri ditzakezu 64 urteko bertsolari bat eta 17 urte dituena elkarrekin gaur egungo gai bati buruz kantuan eta hori izugarria da. Nahiko nuke beste hainbat esparrutan horrelako fenomenoa ikusi”. Bitartean, bertsolaritzaz gozatzen eta etorkizun oparoa izan dezan lanean jarraituko dute bertsolariek.

Bertsoa, babestu beharreko altxorra Bertsoa, babestu beharreko altxorra Bertsoa, babestu beharreko altxorra Bertsoa, babestu beharreko altxorra Bertsoa, babestu beharreko altxorra Bertsoa, babestu beharreko altxorra Bertsoa, babestu beharreko altxorra Bertsoa, babestu beharreko altxorra Bertsoa, babestu beharreko altxorra Bertsoa, babestu beharreko altxorra Bertsoa, babestu beharreko altxorra Bertsoa, babestu beharreko altxorra Bertsoa, babestu beharreko altxorra