Bertsolariak, bertsozaleak eta antolatzaileak pozik Antzuolako bertso saioak emandakoarekin

Bertsolariak, bertsozaleak eta antolatzaileak pozik Antzuolako bertso saioak emandakoarekin –

Larraitz Zeberio Lekuonak, Goienan.


San Isidro egunean egitekoa zen bertso saioa gaur egin dute Antzuolan. Berezia izan da, inondik ere. Maialen Lujanbiok, Miren Amurizak eta Beñat Gaztelumendik udaletxeko balkoitik abestu dute lehenengo, eta ondoren kamioi baten gainean bisitatu dituzte herriko sei auzo.

Segurtasun neurriak betetzea zen helburua, eta horrela izan da. 70 bat entzulek jarraitu dute hiru bertsolariek udaletxeko balkoitik egindako saioa, plazan. Nor bere eserlekuan eta maskara jarrita entzun dituzte Beñardo Kortabarria alkateak jarritako gaiei erantzunez bertsolariek botatako bertsoak.

Askotariko gogoetak eta txantxak proposatu dituzte. “Bertsozaleak ez dira sekula gaur besteko jarraitzaile izan”, bota du bertsoetako batean Gaztelumendik. Nor bere aulkian, elkarrengandik distantzia batera, maskarekin eta eguzkipean… ez zen erronka makala! Entzuleetako batzuk aterkiak ere zabaldu dituzte eguzkitik babesteko. “Pribilegiatuak balkoian gaude”, bota dute bertsolariek.

Antzuolarren antolaketarako grina ere goraipatu dute bertsolariek. Kultura agendak zuri egon diren sasoi honen ostean lehen saioa balitz moduan sentitu dela esan du Gaztelumendik. Bai entzuleek bai bertsolariek eskertu dute gaurko saioa.

Sei plaza herri batean

Kamioi gainera igo eta bertso saioa auzoz auzo eramateko txanda etorri da gero. Trikitilariak aurretik eta bertsolariak ondotik, horrela egin dute bidea. Lehenengo geldialdia Errekalde auzoan izan da. Ondoren Antigua, Ibarrondo, Sagasti, Eguzki auzoa eta beheko auzoa bisitatu ditu bertso-karabanak. Balkoietatik entzun dituzte bertsoak auzotarrek.

Hitzetik Hortzera saioko kideek grabatu dute saioa. Irailean ekingo diote denboraldi berriari bertsolaritza ardatz duen programan. Irailetik aurrera emango dute, beraz, Antzuolako bertso saioa.

Bertsolariak, bertsozaleak eta antolatzaileak pozik Antzuolako bertso saioak emandakoarekin

San Isidro egunean egitekoa zen bertso saioa gaur egin dute Antzuolan. Berezia izan da, inondik ere.