Aforismoak

Felix Zubia

Felix Zubia

2020-06-04

Aforismoak –

Hemen daukazun lana esperimentu bat da, Juan Kruz Igerabideren “Noiz arte arrazoi” aforismo liburua irakurtzen ari nintzela sortua. Bertatik gustatu zaizkidan sei aforismo hartu, eta bakoitzari bertso bana jarri diot, denak ere neurri eta doinu ezberdinarekin. Ea zeuk ere gustuko dituzun.

“Baikorrenak ere beldur dio akatsari”

Doinua: Mundu honetan holako gauzak

 

Egoarentzat ukabilkadak,

Buruarentzat, zer penak!

Akatsak ustez izaten ditu

Beti bere ondorenak.

Baina begira hanka-sartzeek

Berez dituzten ahalmenak,

Oinez ibiltzen ezin ikasi

Inoiz erortzen ez denak,

Akatsen bidez jasotzen dira

Ikasbiderik onenak.

 

 

“Gizaki gehienak diktadore izateko entrenatzen dira”

Doinua: Espainian behera

 

Ezberdinak kanpora!

Besteak atzean,

Gu berriz lehenbiziko,

Heroien antzean,

Beste denei aginduz

Modu zorrotzean.

Trump txiki bat daukagu

Alderdi beltzean,

Ezin dena garaitu

Onartu ezean (bis).

 

“Belar onduaren usaina, arbasoekin harremanetan jartzeko bide zuzena”.

Doinua: Leiho ertzetik

 

Kale-umeok geure ditugu

Asfaltoa eta horma,

Eguzkiaren ordezko dira

Farola eta neona.

Baserritarra nuen kalean

Baratza zuen Amona,

Harekin asko egona,

Andre goxo eta ona (bis),

Belar moztua usaindu dut gaur,

Gozoa bezain sakona,

Haren altzoan sentitzeraino,

Zer nolako zoriona! (bis)

 

“Nor bere burua ezagutzeko, hor daude ispiluak. Zinezkoenak ispilu hautsiak dira. Txiki-arraio egin arte ez dago zertan kezkatu”.

Doinua: Komeni zaigun ixtoria bat

 

Aforismo hau irakurtzean

Lazkao Txiki burura,

Mutil zaharraren mokoarekin

Izan zuen abentura.

Neure burua ikusi eta

A zer nolako tristura,

Sarri ez dugu ezagutu nahi,

Aurrean daukagun hura! (bis)

 

“Besteren liburuetan irakurtzen ditugu geure buruan idazten ditugunak, baina hobeto idatziak”.

Doinua: Kaskazurik bere buruari / Hidropesiek dauzkat D

 

Bertso bat entzun eta

Pasatzen zait, danba!

Ideia hori aurrez

Neurea izan da.

Bertsolari on batek

Hor jartzen du langa,

Ideia bera baina

Hobeto esanda.

 

 

“Banderek eta koloreek koloreak ateratzen dizkidate.”

Doinua: ETAren su-etenetik.

 

Masta bat luze-luzea,

Ikurrina bat gainean,

Agintari bat “aberri”

Hitzarekin ezpainean.

Beste batzuek fusilak

Nahi lituzkete lanean,

Arrano gorri-horia

daukate oroimenean.

Nongoa naizen badakit

Oso modu sakonean,

Banderek gorritzen naute,

Mintzen neure barrenean,

Hilotzak ezkutatzeko

Maindireak direnean (bis).

 

Aforismoak