Bertsolaritza gaurkotua, kritikoa eta hurbila
Bertsolaritza gaurkotua kritikoa eta hurbila –

Iaz 40 urte bete zituen Nafarroako Bertsozale Elkarteak, eta orain une oparoa bizi du, etengabe eraldatuz momentu bakoitzeko gorabeheretara moldatzeko. 2025eko Nafarroako Bertsolari Txapelketa, hezkuntzara zuzendutako proiektu indartsua, ikerketa lana Xenpelar Dokumentazio Zentroaren bidez eta beste hainbat proposamen eskaintzen ditu, beti ere bertsolaritzaren transmisioan, sustapenean eta zainketan oinarrituz.
Bertsolaritza euskal kulturaren ondarearen zati garrantzitsua da, euskararen osasunerako eta sustapenerako pisuzko eragilea, norberaren aberastasuna eta trebetasunak zabaltzeko eta belaunaldi berriei gure ondarea transmititzeko modua.
Nafarroan, bertsolaritza bizirik dago eta oinarri sendoaz gozatzen du. Plazak denboran zehar aldatuz doaz, gaiak guztiz bestelakoak dira eta bertsolari eta bertsozaleen artean gorabeherak daude, baina azken urteetan plazetan gorakada ikusi da, aukerak zabaldu eta dibertsifikatu dira, mugimendua indartu da eta formatu ezberdinei esker bertsozale gehiago gerturatu dira. “Bertsolaritza etengabe berritzen eta eralda-tzen ari da momentura moldatzeko, baina duela 50 urtekoak eta oraingoak erro eta oinarri berak dituzte”, dio Saioa Onekak, Nafarroako Bertsozale Elkartearen (NBE) koordinatzaile, sustatzaile eta eragileak.
1984an jaio eta ibilbide luzea izan du elkarteak, egoera berrietara, plazen aldaketara eta prozesu ezberdinetara moldatuz. Hiru lerro nagusi ditu: hezkuntza, sustapena eta ikerketa. Hezkuntzako programa handia du abian, eta “gaztetxoak mugimenduan daude”. Onekarentzat, bertsolaritza onuragarria da txikienek taldeak eta sareak sortzeko, jolasaren bidez trebatzeko eta ahozkotasuna, irudimena eta hizkuntza garatzeko, eta baita euskaldunon ondare kultural eta linguistikoa transmititzeko ere.
‘Eskolan bertsotan’ deituriko programan ahozkotasuna eskola barruan lantzen da eta urtero 60 eskoletara eta 2500 haurrengana iristen da. Bertso Eskolak ere eskaintzen ditu NBEk. “Euskaldunen eta euskal kulturaren parte da bertsolaritza, eta horregatik bizirik jarraitzeak, sustatzeak eta iker-tzeak onurak dauzka bai pertsonalki bai sozialki”, baieztatu du Onekak.
Bertsolaritza zerbait polita, gozatzekoa bezala ikusten du koordinatzaileak: “Jai giroan egiten da, plazak dibertigarriak dira, komunitate giroa oso ona eta espazioa erosoa da, harreman handiak egiten dira eta kulturaren parte izan zaitezke”.
Egunerokotasunarekin lerrokatua
Artearekin gertatzen den bezala, bertsolaritza egunerokotasunetik elikatzen da gaiak aukera-tzerako orduan. Kritiko izatetik ere asko dauka bere diskurtsoetan: “Pentsamendu kritikoa izatea eta gaien inguruan hausnartzea hezkuntza proiektuetan eta plazetan oinarrian dago”. Ber-tsolaritzak osatzen duen ekosistema zabalean (bertsolariak, gai jartzaileak, epaileak, ikasleak, bertsozaleak) gaurkotasuna eta kritikotasuna sustatzea bilatzen da beti: “Adibidez, feminismoarekin lotuta, azken urteetan bilakaera handia izan da, ez bakarrik plazan, baizik eta atzetik dagoen diskurtso eta lanketan, eta bertsolaritzaren sistema osoan”. Oztopoa ez, aukera Nafarroako Bertsozale Elkartetik argi dute euskararen erabilera ez dela erabili behar diskriminazio bat sortzen dela argudiatzeko aitzakia bezala: “Egunerokotasunean eta eskoletan (hor ematen baita aniztasun handiena) bertsolaritza aukera bezala ikusten dugu: irakasleek klaseak molda-tzen dituzte, plazetan ere saioak moldatu daitezke euskara maila ezberdinak kontuan izateko, eta guretzat euskarara gerturatzeko eta ulertzeko aukera da”. Gai zaila dela dio Onekak, oso pil-pilean dagoen zerbait, gizartea geroz eta anitzagoa baita: “Bertsolaritza horretara moldatu behar da eta oraindik lanketa handia dago. Baina ez dugu ikusten muga bezala, aukera bezala baizik”.

