Txappela: Bertsolaritzak kinielekin bat egiten duenekoa

2021-10-02

Txappela –

Alex Uriarte Atxikallendek BERRIAn.


 

Kirolekin erabiltzen diren aplikazioak eredu hartuta, ‘Txappela’ sortu dute: bertsolaritza eta kinielak uztartzen dituen proiektua.

 

Txappela

Txappela.eus egitasmoaren sortzaileak: Imanol eta Jone Uria, Kerman Diaz eta Beñat Lopez. (TXAPPELA.EUS)

 

Tragoxken osteko erabaki guztiak ez dira beti txarrak. Horrelaxe, bertso saio baten osteko zurrutaldian, txappela.eus egitasmoa sortu zen: bertsolaritza eta porrak batzen dituen aplikazioa. Ekainean jaiotako ideiaren ostean, hiruzpalau hilabete behar izan dituzte Imanol eta Jone Uriak, Beñat Lopezek eta Kerman Diazek bertsolari txapelketak ardatz dituen egitasmoa gorpuzteko.

Kiroletan dauden aplikazioak (kasurako, Tropela) eredu hartuta, «bertsolaritza egutegiaren errealitatera» moldatu dute beren proiektua. «Zaletasuna eta interakzioa sustatu» nahi dituztela diote, baina ez, ostera, «lehia edo morbo hutsala».

Gainera, egungo zapping aroa-ren eta sakelakoen erritmoan ez dute atzean geratu gura izan eta, beraz, Androidentzako app-a eta sakelakotik sartzeko moldaturiko webgunea atondu dute; Apple-ren sistemarako moldaketa oraindik bidean dago.

Hori bai, jomuga argi askoak dituzte: aisialdia eta bertsolaritzaren dibulgazioa sustatzea eta, halaber, mundu hori orain arte ezezagun suertatu izan zaien pertsonak zaletzea.

Aplikazioaren erraiak

«Erabiltzaileak bertso saioa egingo balu bezala» antolatu dute sistema: parte hartzaileek, ariketa bakoitzean, bertsolari bat aukeratu beharko dute, eta ezingo dute bertsolari bera ariketa desberdinetan hautatu. Puntuazioari dagokionez, «ahalik eta zilegiena» jokatu dute: bertsolariak jasotzen dituen adina puntu eskuratuko ditu jokalariak. Saio bakoitzeko txapelduna ere jokoan egongo da.

Oraingoz, txapelketak lantzen dituzte; jokoa ezin da plazetan gauzatu, haietan ez baita punturik banatzen, eta ez baitute epaile lanetan hasi nahi. Dena dela, txapelketen sistema sariketetan aplikatzea, hain zuzen, «aztertzen ari diren kontua» da.

Beste porra sistema batzuetan egiten den bezala, txappela.eus-en ez da egongo «hautagai nagusia den bertsolaririk»; guztiak maila berberetik abiatuko dira. Izan ere, bertsolariak talde edo kategoriaka banatzea «konpromisoa» da haientzat, eta «aukeraketen arteko berdintasuna» ekarriko luke. Beraz, «sekretua ez da bertsolaririk famatuena aukeratzea, kantari hori gainontzekoei alderik handiena ateratzen dien jardueran hautatzea baizik». Aplikazioak baduela estrategiatik, alegia.

 

Erabiltzaileen arteko «interakzioa eta norgehiagoka osasuntsua» bultzatze aldera, bertso eskola izeneko taldetxoak sortzeko aukera ere eskaintzen du txappela.eus-ek. Halaber, hala sailkapen orokorren, nola txapelketa bakoitzeko sailkapeneko lehen hogei sailkatuen zerrendak ezagutaraziko dituzte.

Gainera, bertso eskola bakoitzean, posible izango da sailkapen orokorrak, txapelketa bakoitzekoak nahiz bertso saio bakoitzekoak ikustea, taldeko partaideen kinielak ezagutzeaz gain. Oraingoz, bi saio egin dituzte, aplikazioaren sorreraz geroztik: egitasmoaren «bataioa» Xilabaren Makeako (Lapurdi) saioan egin zuten, irailaren 18an; astebete geroago, hilaren 25ean, Muskildikoa (Zuberoa) etorri zen.

Dinamika itxaropentsua

Sortzaileen aburuz, proiektuak, bi saiootan, «harrera polita» izan du: 100 bat pertsonak hartu dute parte. Datuek, gainera, «gorako noranzkoa» erakusten dute: lehen saioan, 92 erabiltzaile izan ziren; bigarrenean, ordea, «100etik oso gertu». Asteburuari begira, dagoeneko, 100 kinielatik gorako kopurua daukate erregistratuta. Alde horretatik, lantaldea «oso pozik» agertu da, bai baitaki «oso zaila» dela tankera horretako egitasmoak abian jartzea.

Horrez gain, bertso saioek datozen asteotan izango duten gorakadak «mesede handia» egingo dielakoan daude: «Iragan asteburuetako bakoitzean, bertso saio bakarra egon da, Xilabakoa. Hemendik aurrera, negura arte, hiru txapelketatan lehiatuko dira; horrek parte hartzaileen eta kinielen gorakada ekarriko duen esperantza dugu».

Udan sortutako proiektua den heinean, eta inongo komunikazio estrategia zabalik egin ez duten neurrian, oso argi dute zabalkundea «modu progresiboan eta lasaitasunez» planteatu beharko dutela; bestalde, kontziente dira Euskal Herriko bertsolari txapelketa nagusia egiten den urte sasoia izango dela haientzat «adierazgarriena eta garrantzitsuena»: «Ekitaldi horrek bertsolaritzaren inguruko jendetza biltzen du, baina baita ikasturtean zehar horri soilik erreparatzen dion eta hain bertsozalea ez den jendea ere».

Sostenguaz galdetuta, BERRIArekin abiatu duten lankidetza dute ahotan: «Hasieratik dakarkigun inertzia positiboari eusteko eta jarraitzaileak erakartzeko balio digu». Erakarpen horren barruan, txapelketa bakoitzean banatzeko, BERRIAk eskainitako sariekin ere «zaleak biltzea» espero dute.

Ortzimugan, «kiniela nahiz erabiltzaile kopuruak gorantz nola egiten duen ikustea» dute xede; horretarako funtsezkoa den difusioaren bidean, bertsolaritzaren jarraitzaileei «sare sozialetan babesa emateko deialdia» egin diete: «bertsozale oro proiektuan parte hartzera gonbidatuta dago».

Txappela Txappela