Bertsolaritzaren barrunbeak feminismotik birpentsatzen

Bertsolaritzaren barrunbeak feminismotik birpentsatzen –

Amaia Ramirez de Okarizek Noticias de Navarran.


‘BERTSOLARITZA FEMINISMOTIK (BIR)PENTSATZEN’ LIBURUA KALERATU DUTE ANE LABAKAK ETA MIREN ARTETXEK. HAMALAU ARTIKULUTAN, BERTSOLARITZAREN BARNEAN DAUDEN GENERO DESBERDINTASUNEN INGURUAN HAUSNARTU ETA GOGOETA HORIEK PARTEKATZEA DA LANAREN HELBURUA

Bertsolaritzaren barrunbeak feminismotik birpentsatzen

 

UEU Udako Euskal Unibertsitateak Bertsolaritza genero ikuspegitik ikastaroa antolatu zuen 2018ko udaran, eta horixe da, hain justu, orain dela hiru hilabete argia ikusi zuen Bertsolaritza feminismotik (bir)pentsatzen liburuaren abiapuntuetako bat.  Ane Labaka Mayoz eta Miren Artetxe Sarasola bertsolari eta ikerlariek osatu dute lana. Labakak adierazi duenez, ikastaroaren eta liburuaren helburuak “berdintsuak” izan dira. Orotara, hamalau artikuluk osatutako lana ondu dute, eta haietako bakoitzaren hasieran bertso bana dago.

Iruñean antolatutako ikastaroa “mugarria” izan zela aipatu du Ane Labakak. Hain zuzen ere, azaldu duenez, ordura arte asko hitz egiten zen bertsolaritzaren eta genero ikuspegiaren inguruan, baina nork bere aldetik; “hari askeak” bailiran. Hala, ikastaroak bide eman zuen hari horien ikuspegiak batu eta gogoeta kolektiboagoa egiteko. Ideia “garran-tzitsuak eta interesgarriak” atera ziren, eta hasierako asmoa ez bazen ere, bertan izandako hizlarien ikuspegiak liburu batean jasotzea aukera ona izan zitekeela erabaki zuten bi egileek. “Ikastaroaren eta liburuaren helburuak bi ziren; orain arteko lana ikusgarri egitea eta aurrera begirakoari ere eragitea”, gehitu du Labakak. 

Birpentsatu Liburuaren tituluak azpimarratu bezala, bertsolaritza feminismotik birpentsatu beharra dagoela aldarrikatu dute egileek: “Ez gara hutsetik hasi, hausnarketa kolektibo honen azpian jende askoren lana baitago; horregatik erabili dugu bir aurrizkia”. Azken batean, egileek haien aurreko belaunaldiek egindako borroka azpimarratu nahi izan dute, urteetan zehar egin den lana plazaratu. Gainera, gehitu dute beharrezkoa dela bertsolaritzaren inguruan hausnartzea, askotan “abangoardiatzat” ulertzen delako: “Bertsolaritza sarri gizartetik kanpo egongo litzatekeen irla bat lez uler-tzen da; askotan hori ematen da adi-tzera”, agertu dute egileek.

Labakak eta Artetxek, ordea, ideia horren aurkakoa adierazi nahi izan dute: “Bertsolaritza ez da irla isolatu bat, gizartearen parte den heinean gizarteko desberdintasun guztiak islatzen dira bertsolaritzan ere”. Gaineratu dute plazetan gertatzen dena ere gizartearen isla dela. Hala, egileen hitzetan, feminismoaren garrantzia “ezinbestekoa” da birpentsatzerako orduan. Jakinarazi dutenez, birpentsatzearen ideia “oso lotuta” dago feminismoarekin; “gauzak aldiro kuestionatzearekin, hausnartzearekin eta zalan-tzan jartzearekin”. 

Hausnarketa horiei bide emateko, Labakak eta Artetxek helburu zuten liburuan “ahalik eta ahots gehien batzea”. Nabarmendu dutenez, bizipenenen eta gogoeten, adituen eta arituen eta akademia eta herri jakintzaren dikotomiekin hautsi nahi zuten, besteak beste. “Hausturarekin adierazi nahi genuen liburuaren orrietan denek zeukatela lekua eta erosotasun horrek ematen ziola balioa liburuari”, aipatu du Labakak. Are, helburu zuten emakume bertsolariei ere parte hartzeko aukera ematea, beraz, hamalau bertsolarik bertso bana idatzi dute artikulu bakoitzaren hasieran. “Horrek zerrenda luze bat egiteko bidea eman digu, eta jende asko sentitu da liburuaren parte”. 

14 artikulu, 14 egile Ikastaroan egondako hizlariei artikulu bana idatzi zezatela eskatu zieten egileek, eta hala egituratu zuten hamalau artikuluk osatutako liburua, lau ataletan banatuta. Lehengoa, oraingoa (eta tartekoa) da lehen atalaren izenburua, eta, Labakak azpimarratu du “nolabaiteko errepaso historikoa” egiten dela: “Emakumeek inongo lekurik ez eduki-tzetik gaur egun ezagu-tzen dugun bertsolaritzarainoko bidea adierazten da”. Irati Majuelok egindako itzulpen batek zabaltzen du atala, eta Elixabete Perezek, Nerea Ibarzabalek, Maialen Lujanbiok eta Harkaitz Zubirik egindako lanak ere batzen ditu. 

Emakume* gorputz eta ahotsek esan (ezin) dezaketena da bigarrena, eta emakumeen gorputz eta ahots horietatik zer esan den, zer ez den esan, eta zer esan daitekeen jasotzen da. “Horren inguruko hausnarketa bat da, fokua ahotsetan eta gorpu-tzetan jarrita”. Hirugarren atala, berriz, Desautorizazio(eta)tik ahalduntze kolektibo(eta)ra, egileek azaldu dute “bi aldetako txanpon bat” dela: “Batetik, azaltzen da emakume gorputzak oholtzan nola desautorizatzen diren; baina, aldi berean, gorputz hauek nola behar duten ezinbestean kolektiboa izango den ahalduntzea”. Besteak beste, Jone Miren Hernandezen, Oihana Iguaranen, Uxue Alberdiren eta Maider Arregiren gogoetak jasotzen dira bi kapitulu horietan. 

Laugarren atalari dagokionez, Kanpo begiradak du izena, eta Mari Luz Esteban antropologoaren eta Iratxe Retolaza irakasle eta literatur kritikariaren gogoetak jasotzen dira. “Gu gure kontuez ari ginen barrutik, eta eskatu genien saiatzeko begiratzen bertsolaritzari kanpotik, beraien ikuspuntutik egoera nola ikusten zuten azaltzen”.

Bertsolaritzaren barrunbeak feminismotik birpentsatzen
Bertsolaritzaren barrunbeak feminismotik birpentsatzen