Herriaren hitza

Herriaren hitza –

Gorka Alvarezek, Txintxarrin.


Ez naiz bertsolaria. Ez naiz bertsozalea. Ezta bertso sortzailea. Ez nau inoiz bertso munduak erakarri. Zer egingo diogu ba. Euskaltzale orok behar duen ezaugarri horietako bat ez dut betetzen nik. Horrela da eta kitto.

Herriaren hitza

 

Ez da saiakerarik egin ez dudalako. Izana naiz hainbat bertso saiotan. Zabaletako festetan, Jalgiko emanaldi xumeren batean, elkarteren bateko bertso saio dibertigarriren bat ere bizi izan dut. Nola ez txapelketa lehiakor horietan ere egona naiz. Ongi pasa izan dut bertsoak entzuten, albokoarekin partekatzen eta zergatik ez bertsoak askotan eskaintzen duen hausnarketa edota bigarren ulermen-irakurketa horiek egiten ere. Bertso sorkuntzan ere egin izan dut ahalegina.

Aurreko paragrafoarekin borrokan bezala arituko naiz jarraian, iduri baitut, gure herrian ez dela sobera baloratzen bertso munduak azken bizpahiru hamarkadetan egin duen ahalegina. Ahalegina bertsoa plazaratzen. Esfortzua bertsoa hezkuntza mundura zabaltzen, bai eskoletan baita bertso eskoletako harrobietan ere. Lana bertsolaritza mundua gizarteari zabaltzen eta berdintasun eredu garbian kokatzen. Indar erakustaldiak eman ditu bertsolaritzak azken urteotan txapelketa nagusietan biltzen dituen entzule kopurua ikusita. Bertsolaritza, gure hizkuntzaren  eragile nagusienetarikotzat ulertzen dudala esan behar dut. Hizkuntza oinarri hartuta, bere horretan jolasa, pentsamendua, sentimendua eta abilezia uztartzen dituelako. Bertsolariak ausardia, enpatia, aberastasuna eta komunikaziorako gaitasuna behar dituelako ezinbestean. Pentsa aipatu ditudan ezaugarri horiek guztiek zer nolako indarra ematen dioten gurea bezalako herri txiki baten izaeraren zati adierazgarrienetariko bati. Lan ederra egiten ari zarete bertsolari, bertsozale eta bertso-eragile hainbat gure herriaren altxorra dugun bertsoa zaindu, mantendu eta indartzeko. Jarrai ezazue horrela. Nire babes osoa izango duzue eta saiatuko naiz bertsoak ni harrapa nazan. Gaur egun ordea, sentitzen dut baina bertso mundua maitatu, sustatu eta hezkuntza mailan indartzen saiatuko naizela hitz ematea besterik ez zait geratzen, ez bainau oraindik harrapatu. Ez bainau oraindik maitemindu.

Herriaren hitza