Bertsozale Elkartea, Ekonomia Sozial Eraldatzailearen betaurrekoetatik

Ekonomia Sozial Eraldatzailearen betaurrekoetatik –

Aritz Zerain Miner, Bertsozale Elkartearen webgunean.


 

“Gizartea etengabe eraldatuz doa, eta herrigintza/elkartegintza egiteko modua ere bai”. Aritz Zerain Miner Bertsozale Elkarteko koordinatzaile ohiak Ekonomia Sozial Eraldatzailearen ikuspegitik aztertu du elkartea gure blogean idatzitako azken ekarpenean.
 
Ekonomia Sozial Eraldatzailearen betaurrekoetatik
 

Bertsozale Elkartea sorreratik kokatzen da Ekonomia Sozial Eraldatzailearen (ESE) balioetan eta oinarrietan, eta horietatik egin ditu pauso estrategiko guztiak. Beraz, orain, helburua ESEren balioen eta filosofiaren kontzientzia hartu eta praktikari oinarri teoriko eta kokapen bat jartzea litzateke, elkartearen tresnen eta mekanismoen berritze edota egokitze ariketa bat egiteko.

Zer da Ekonomia Sozial Eraldatzailea?

“Ekonomia Sozial Eraldatzailea sistema ekonomiko alternatibo bat eraikitzeko ekintza kolektiboa da, non solidaritatea, kolektibotasuna eta bizitza zentroan jartzea diren balio nagusiak. Ekonomia bizitzaren eta pertsonaren beharretarako tresna bat da; baliabide bat eta ez helburua. Baina mugimendu edo ikuspegi hau ez da proposamen edo praktika ekonomiko bat bakarrik, baizik eta proposamen edo praktika politiko eta kultural bat ere bada”. (KoopFabrika)

Elkartearen historia betaurreko hauekin begiratuz gero, ESEren ezaugarriekin elkar lotzen direla nabarmena da.

  • Oinarrian, ondarearen zaintzarako, bertsolarien eta bertsozaleen ARDURA-HARTZE eta AUTO-ANTOLAKETA KOLEKTIBOA dago. Bertsolari zein bertsozaleen elkarlanetik, bazkidetza inplikatu eta zabal batekin, gizarte mugimenduraino.
  • SUSTRAI sendoetatik (kulturgintza, euskalgintza, lurraldetasuna), bertsolaritzaren eraldaketarako eta beste zenbait eraldaketa prozesuetarakoSAREAK eraikitzen ditu.
  • Borondatezkoek zein profesionalek gauzatutako LANAREN BURUJABETZA. Elkartetik, sortzaileekin, eta administrazioarekiko AUTONOMIATIK, KOOPERAZIOA eta ELKARLANA eskaintzen ditu elkarteak: -gintzaezberdinetako eragileei; hezkuntza sistemari; elkarlan publiko-pribatu-komunitarioari…

“Dena proiektuaren alde” lemapean eraiki ditugu herri honetan proiektu indartsuak, eta orain “pertsona-proiektu orekan” oinarritutako herrigintza/elkartegintza berreraikitzea dagokigu.

  • Bertsolaritzaren ERALDAKETARAko ideia, tresna zein kontzeptu berri eta DIBERTSIFIKATUAK sortzen ditu. Plaza eta formatu berriei dagokienez, ikusgarritasunerako eta zabalkunderako tresnak, zaintza, eskubideak, txapelketaren funtzioak… lantzen eta proposatzen dira. Transmisio gune “naturalez” gain, bertso-eskolak, hezkuntza arautua, aisialdia, gazteen plazaratzea … sustatzen ditu elkarteak. Ikerketa bidezko berrikuntza bultzatzen da, kultur eta euskal ondarea balioan jarriz; esate baterako Xenpelar Dokumentazio Zentroari dagokion garrantzizko leku eman zaio. Eta bere jardunerako lan tresnak garatu ditu: Lanku Kultur Zerbitzuak, kultur sisteman; Hedapen taldea, ikus-entzunezkoen garapenerako; Mintzola, ikergunea eta kultur eremu zabalagoaren elkargunea dena; Komunikazioa…).

Bertsolaritzaren mugimendua gai izan da bere baitan edo gizartean sortutako prozesu eraldatzaileak barneratzeko eta elkarrekintzan aritzeko. Bi adibide: Batetik, tokian tokiko bertsolaritzaren bizi-berritzaile diren bertso-eskolak(“bertsolaritza eraiki egiten da” – X. Amuriza). Bestetik, feminismoa bertsolaritzaren zentroan kokatzea eta begirada feminista elkartearen jardun guztietan txertatzea, biziberritzeko ezinbesteko ikuspegi moduan. (Elkartean Harremanen taldea sortu zen lehenik; ondoren , Genero taldea, feminismoa ardatz estrategiko bihurtzeraino, emakume bertsolarien ekimenarekin batera).

  • Eta eremu hauetan eraginez, BIDERAGARRITASUN soziala duen eta kideen garapen pertsonala eta motibazio ezberdinak asetzeko aukera eskaintzen duen kultur proiektu HEZITZAILEA eta BIZIGARRIA eraiki da. Proiektutik proiektuarentzat, solidaritatez eta elkarlan publikoarekin osatutako bideragarritasun ekonomikoa (ere) lortuz.

Baina bidean izan dira ezinak eta minak ere, eta hauei leku egin behar zaie, proiektu bizigarria nahi badugu. Hor daukagu lanik handiena (aspalditik). Gogoetan begiak jarri dira dimentsioan, botere harremanetan, lan erritmoetan, borondatez parte-hartzeko zailtasunetan…

Elkartea ez da kasu isolatua. Gizartea etengabe eraldatuz doa, eta herrigintza/elkartegintza egiteko modua ere bai. “Dena proiektuaren alde” lemapeaneraiki ditugu herri honetan proiektu indartsuak, eta orain “pertsona-proiektu orekan” oinarritutako herrigintza/elkartegintza berreraikitzea dagokigu.

Jarraitu dezagun sorreratik abiatutako bidean, betaurreko berritu eta koloredunekin.

Ekonomia Sozial Eraldatzailearen betaurrekoetatik
Ekonomia Sozial Eraldatzailearen betaurrekoetatik