Elkarrizketa: Ruben Sanchez Bakaikoa

Ruben Sanchez Bakaikoa –

Xabier Izagak egindako elkarrizketa Gaur8 gehigarrian, Naizen.


RUBEN SANCHEZ BAKAIKOA

 

Duela 43 urte sortu zen mundura 22 urteko euskaldun hau. Ezagun samarra da bertso munduan, bertsolaritza bere pasioa ez den arren, eta haurrei irakasten jarraitzen du. Paperean barrenak husten badaki, etorkinen eta euskararen arteko zubiak eraikitzen ditu, ikus-entzunezko lantxoren bat egin du, Konpost musika (post) taldeko abeslaria da…

XABIER IZAGA GONZALEZ

 

Bertsolari ezaguna da Araban eta Arabatik kanpo, baina bertsolaritza ez da haren jardun bakarra, ezta hurrik eman ere. Lumarekin ere trebea dela erakutsi izan du; urrunera gabe, GAUR8ko irakurleek badute Ruben Sanchez Bakaikoak orrialdeotan idatzitako zutabeen berri. 2004an Arabako bertsolaritzaren historia bat egiteko ardura ere hartu zuen, “Araba, bertso histori ezberdin bat”. Berak dioenez, «istoriotxoekin egindako historia bat» da. Halaber, amaituta dauka beste lan potoloago eta literarioago bat, eleberri bat, baina nahiago du horretaz gehiegi ez hitz egin. «Suerte txarra ematen omen du argitaratu gabe dagoenean!», dio irribarrez.

Bertsolaritza

Euskara irakaslea ere izan da urte askoan, baina irakaskuntzan baino lehentxoago bertsotan hasi zen. 90eko hamarkadaren amaieran, Gasteizko Bertso Eskolaren kartel bat ikusi zuen eta Filologiako fakultateko lagun batzuekin talde bat eratu zuen. Gustukoa zuen bertsoa; «gaztelaniaz ere hitzekin jolastea gustukoa nuen», dio. Eta Asier Iriondo legazpiarra irakasle zuela, errimen neurrien eta doinuen munduan murgildu zen. San Prudentzio Sariketaren eta Arabako Bertsolari Txapelketaren hainbat ediziotan parte hartu zuen –azken aldiz, 2015ekoan–, baita 2001eko Txapelketa Nagusian eta plaza saio ugaritan ere.

«Kasualitate» batengatik, monologoak egiten hasi zen. Gaztetxean festa bat antolatu zuten eta, zerbait desberdina egitearren, AEK-ko beste irakasle batek, Rakel Anituak, eta berak monologo bana prestatu zuten. Rakelek irakasle paperetik hitz egiten zuen eta Rubenek ikaslearenetik. Gaztetxeko festa horretarako propio prestatu zituzten monologoak, eta badirudi jendeari gustatu egin zitzaiola ikusitakoa, berehala batetik eta bestetik deitzen hasi baitzitzaizkien, eta ez Arabatik soilik.

Monologoak jendeak euskara ikas zezan motibatzeko egiten zituen. Haren mezua hauxe zen, gutxi gorabehera eta umore finez kontatuta: «Gasteizkoak gara, arabarrak gara, Euskal Herriko itsusienak, baina lortu ahal da». Bigarren monologoa militantziaren gainekoa zen, «norbaitek kafe bat hartzeko deitzen dizunean…».

Jardun horretan ia bertsotan bezala gertatu zitzaiola dio Rubenek, bertsotan ere ondo pasatzeko hasi baitzen, «besterik gabe». Egun batean kantatzeko esan zioten eta, «konturatu gabe», bertsolaria zen. Orain, dioenez, oso gutxitan kantatzen du eta «herdoilduta» dago. «Asko gustatzen zait, baina ez da nire pasioa». Monologoak ere ez. Gainera, euskara irakaskuntzaz gainera, ez zuen zeregin faltarik. Edonola ere, Alde Zaharreko bertso eskolan segitzen du, umeei irakasten, «interesatzen zaidalako jendea euskarara eta kulturara erakartzea». Hori bai, lagun artean kantatzea du gogokoen. Dioenez, plazera da, baina ez dauka urtean hainbeste aldiz hainbat lekutara joateko kemenik, eta batzuetan gogorik ere ez.

Euskaldundu zenean hasi zen Ruben Gasteiz benetan ezagutzen, bertako bizitza, arazoak… Euskara izan zuen mundu horietan sartzeko bide. Eta sartzen hasi bazen, hasi zen: bertso eskolan, Hala Bedi irratian, AEKn, Askapenan… Horrek guztiak lehendik erakartzen zuen, ezagutu gabe, «eta ezagututa, are gehiago». Gainera, dioenez, parrandero samarra ere bazen. «Orain, gutxiago».

«22 urteko euskalduna»

A ereduko apaiz eskola kontzertatu batean ikasi zuen. «Etxean ez zen euskaraz hitz egiten. Amaren familia nafarra da, 50eko hamarkadan Gasteizera etorritakoa; euskara galduta zuten ordurako. Aita zena, berriz, Soriakoa zen», azaldu du. Batxilergo Bateratu Balioaniztuna egiten ari zela, latin irakasle batek ikasleei esan zien latina ikastea euskara ikastea baino garrantzitsuagoa dela. 16 urte inguru zituen Rubenek, eta euskara apaiz eskolari aurre egiteko bitarteko gisa identifikatu zuela dio. Eta ikasten hasi zen, eta barnetegietara joaten. 18 urterekin Oñatira joan zen, enpresa ikasketak egitera. Han, euskaraz egiten zuenarekin euskaraz egiteko motibatu zen, ordura arte kalean ez baitzuen euskara erabiltzen. Pisuan, berarekin eta beste bi lagunekin, Azpeitiko lagun bat zegoen eta hura gaztelaniaz egitera «behartu» zuten. Karrerako azken urtean, Rubenek euskaraz egiteko eskatu zion azpeitiarrari. Hark esan zion: «Lehenengo erdaraz eta orain batuaz eginarazi behar didazu?». Euskaraz egiteko esan zion, baina berak erdaraz erantzungo ziola, eta hala hasi ziren, laster batean biek euskaraz egingo bazuten ere.

Ondoren lanean hasi zen, Fagorren, baina enpresa mundua ez zuela begiko konturatu eta Euskal Filologia ikasteari ekin zion, 22 urterekin. Karrerako hirugarren ikasturtean irakasle sartu zen AEKn. Erdaraz 43 urte ditu; euskaraz, berriz, 22. Bere ustez, euskalduna da euskaraz normalean hitz egiten hasi zenetik.

Etorkinekin

Orain auzoko proiektu bat du esku artean, etorkin heldu berrien hizkuntzen eta kulturen eta euskararen arteko zubia eraikitzeko proiektua, hain zuzen. Topagune bat dela dio, hainbat herritan egiten dena eta Gasteizen azken urteetan egiten hasi direna. Gauza konplikatu samarra dela dio. Mintzalagun talde baten formatua daukan zerbait da, euskara dakiten pare bat edo hiru pertsona eta ez dakiten zazpi edo zortzi. Ariketa komunikatiboak egiten dituzte: izena, jatorria, jolasak… euskaraz, eta, gero, heldu berriek dakartenari erreparatu. Zenbakiak ikasten dituztenean, haien hizkuntzan esateko eskatzen diete. Horrela denek ikasten dituzte hizkuntza eta kultura horietako gauzak. Euskaraz errezetak ikasten dituzte eta bide batez produktuen eta plateren izenak beste hizkuntzetan. Taldeko figurak ez ditu jatorriak izendatzen, ez dago kanpoko eta bertokorik, euskara dakitenak eta ez dakitenak baizik. Zehatzago, euskara erabiltzen dutenak, baita oso maila altua ez dutenak ere, eta euskararen ingurura hurbildu berri direnak. Inportanteena da «jolas hori baliatzea: «Guk lagun horien kulturak eta hizkuntzak pixka bat ezagutzea eta eurek gugandik euskara jasotzea. Elkarrenganako hurbilketa da».

Etorkinek eta edonork gaztelania ikasteko erraztasunak aipatu ditu Rubenek, doakotasuna alegia, eta euskara ikasteko zailtasunak, baita horretarako laguntza jasotzeko ere. Legegintzaldi honetan badirudi helduentzako laguntzak onartuko direla, eta aurrerapausoa dela dio, baina doakoa izan beharko lukeela, ez diruz lagundutakoa. Bestalde, «ez da normala oraindik ere Gasteizen A eredua duten hiru eskola etorkinen seme-alabekin beteta egotea».

Gizarte presioa hizpide, pentsiodunen olatuaz dihardu, eta pozik ageri da Ruben, hartu duen dimentsioa ikusita. Irakaskuntzan, ordea, zail ikusten du horrelako olatua sortzea. Kuota pagatzen duten ikasleak EAEn gutxi gorabehera erdiak dira, eta beste erdiak hezkuntza publikora joaten dira. Kuota ordaintzen duenari publifikazioa eskatzea oso zaila dela uste du. «Lehen faktore sozioekonomikoa zegoen, banaketa sozioekonomikoa, alegia. Orain, etorkinak etorri eta patio batzuk guztiz segregatu direnean, arrazakeria faktorea ere badago». Rubenek Gasteizko Alde Zaharreko ikastetxe publikoan ditu bi semeak. «Seguruenik Estatu osoan guztiz segregatuta egotetik oreka bat lortzera iritsi den eskola bakarra da. Ez dut uste hori beste inon gertatu denik». Baldintza batzuk bete ziren horretarako: giro aproposa auzo berezi batean, guraso inplikatuak, baita auzoa bera ere. Baina badaude guraso elkartea bera desagertzen ari den hainbat eskola, maila sozial altuko gurasoak baino ez daudelako haietan. Eta bost urte barru segregazioa erabatekoa izango dela dio. «Parisen, Belgikan eta beste leku batzuetan gertatu bezala gertatuko da, ghettoak sortuko dira. Hemen oso azkar goaz horrantz». Ezkorra da.

Orain militantzia guraso elkartean eta eskola publikoaren aldeko plataforman kontzentratzen du batik bat, baina kontu gehiagotan ere aritzen da; esate baterako, Etxerat elkartearekin antzerki jardunaldi batzuk prestatzen ari da, eta Okupatu Gasteizentzat monologo bat egin berri du.

Zinema eta musika

Ikus-entzunezkoen munduak ere erakarrita, marrazki bizidunak egiten hasi zen. “The Arlotes” hamar ataleko saila osatu zuen Uraitz Soubies musikariarekin. Eta harekin film labur bat ere egin zuen, “Hartz txiki”. «Bi semeekin zerbait egiteko gogoa nuen», eta, hala, 2016an film labur hori egin zuen familiarekin eta zenbait lagunekin.

Bertso doinuak ez dira Rubenek musikarekin duen harreman bakarra. Azkenaldion Konpost taldean dabil abeslari. Talde berria da, post taldea edo, eurek definitzen dutenez, post rock taldea, «post sasoi honetakoa. Dena da post», dio barrez. Oraingoz bi kontzertu baino ez dituzte eman. Lehenengoa Zaharraz Harro Gasteizko Alde Zaharreko jaietan, eta bigarrena, iragan uztailaren 6an, Zumaian, “Kalea guztiona da” ekimenaren barruan, Erriberako horman 81. murala marrazten zuten bitartean. Ezin esan, ordea, musikari hasiberriak direnik, ezta ezezagunak ere. Rubenekin batera, eta lagun giroan, Jon Aranburu Stockhom S. taldeko gitarra jotzaileak, Bingen Mendizabal konpositore eta Hertzainak taldeko biolin jotzaile ohiak eta Txerra Bolinaga RIP taldeko bateria jotzaile ohiak osatzen dute laukotea.

Bizkor joan da denbora, momentu onen arintasunarekin. Aurrerantzean ere zer kontatua izango du Rubenek.

Ruben Sanchez Bakaikoa
Ruben Sanchez Bakaikoa
Ruben Sanchez Bakaikoa
Ruben Sanchez Bakaikoa
Ruben Sanchez Bakaikoa