Oihana Iguaran
Oihana Iguaran

2018-09-13

Hemen eta orain

Hemen eta orain –

Hemen eta orainEz dakit zuen lehen bertso saioa nolakoa izango zen, baina lepoa jarriko nuke batek baino gehiagok ez zenutela bat-batean egin. Nik ere ez. Ekitaldi batean bertso bana abestea izan zen lehen lan hura, bertso eskolan egina eta buruz ikasia. Beste batzuentzat, eskolarteko agurra izango zen lehen bertsoaldia (normalean buruz ikasia, hura ere).  Eta ez, ez nintzen ni izan lehen bertsoa duin kantatzen duten salbuespen horietakoa. Ispilu aurrean zalantza eragiten zidan hitz hura amildegi bihurtu zen jendaurrean, silaba trabatua ezin gurutzatu geratu nintzen, zuri. Oraindik ezin dut lasai gogoratu. “Ez dut honetarako balio” pentsatu nuen lehen aldia izan zen (gero beste asko etorriko ziren).

Geroztik larritasun berarekin bizi dut ahanztura milesima hori bat-bateko saioetan ere. Kontzentratzeko arazoak dituzun seinale izaten da normalean, bat-batean bertso osoa ekarri ostean hasieratik pentsatua zenuen amaiera ez gogoratzea. Ez dakit zientifikoki nola dagoen banatua garuna, baina esperientziak esaten dit oroimena eta sormena ez direla garunaren toki berean aktibatzen. Alegia, asmatzen ari naizenean memoria desaktibatu egiten zait eta oso azkar batetik bestera pasa ezean, azken puntu harekin etsi eta nolabaiteko bat asmatu behar izaten dut. Aitzitik, buruz ikasitako bertso bat abesten ari naizela hitz bat ahazten bazait, asko kostatzen zait bat-bateko sormena aktibatzea.

Lehen egina gogoratu eta oraina eraiki, ez direla bateragarriak; hori erakutsi dit bertsoak. Uste dut bizitzara aplikatu behar nukeen ikasgai horietakoa dela, iraganeko melankolian edo damuetan kateatuz gero ez baitago unea bizitzerik. Agian horregatik egiten dio on bertsolaritzak nire osasun mentalari: saio batera noanean egun osoko kezka eta gora-beherak oholtza azpian utzi behar ditut momentuari erantzutekotan. Eta zer nahi duzue esatean, oholtzatik beherakoan ez dute hain itxura gogorra izaten.

Bat-bateko bertsoa horixe da, hemen eta orain. Eta ni bezala iraganetik etorkizunerako kezketara mugitzen zaretenok, probatu behar zenukete hemen eta orain erreakzionatzera behartzen zaituzten edozer. Sormenak eta memoriak elkar elikatzen jarraituko dute, txandaka. Eta bitartean, hartu zuretzat eta unearentzat txanda.

Hemen eta orain