Garai bat, mila prismatan puskatua

2022-05-25

Garai bat, mila prismatan puskatua –

Iñigo Astizek BERRIAn.


Maialen Lujanbio bertsolari eta sortzaileak egungo garaiaren «erradiografia mugitu bat» taularatu du ‘rr #5 marrak’ izeneko emanaldi hibridoan. Iruñeko Laba gunean arituko da gaur

 

Garai bat, mila prismatan puskatua

 

Bokalik batere gabe, ia ahoskaezin utzi nahi izan du emanaldiaren titulua Maialen Lujanbiok (Hernani, Gipuzkoa, 1976): rr. Dardara baino ez, ahoa betetzen. «Hots definiezin bat da, eta irudikatzen nuen dardararen, lurrikararen edo momentu mugitu baten irudikapena ere izan zitekeela». Definiezin doa saioa bera ere, errezitalaren, bertsolaritzaren, literaturaren eta performancearen arteko bidegurutzean, eta, egungo egoeraren erradiografia politiko, sozial eta poetiko bat proposatzen du. Batez ere hitzez eta kantuan, eta baita, tarteka, bideo irudi soil batzuen laguntzaz ere. Hitz eta bertso errezitalean egindako «garaiaren erradiografia mugitu bat», Lujanbiok berak egindako aurkezpenaren arabera. Iruñeko Laba gunean taularatuko du gaur, eta beste lau emanaldi ditu jadanik itxita: Larrabetzun (Bizkaia) izango da maiatzaren 26an, Zarautzen (Gipuzkoa) Literaturia jaialdiaren barruan arituko da maiatzaren 29an, eta ekainaren 9an Gasteizko Oihaneder Euskararen Etxean egongo da.

2018an egin zuen lehenengoz saioa, eta, estreinaldiarekin batera, guztira lau emanaldi egingo zituela kalkulatu du Lujanbiok. Horregatik gehitu dio orain bost zenbakia tituluari, abizen modura: rr #5. «Lehen emanaldi haiek, oinarri bera edo antzeko baten gainean egin nituen, baina denak aldiro desberdinak izan ziren. Ez nion gehiago eragin, ez nuen gehiago zabaldu, eta hor egon da geldirik orain arte».

Miren Artetxe bertsolariak eskatuta errekuperatu du saioa orain. Aurrez ikusia zuen saioa Artetxek, eta egokia iruditu zitzaion Azpeitian (Gipuzkoa) Dinamoa sorkuntza gunean eskaintzen ari zen Hitzaren Eskola izeneko ikastaroa ixteko. Lujanbiori berriz ere egingo al zuen galdetu, eta baietz berak. «Gogoz sentitu nintzen, eta errekuperatu egin nuen orduko kontzeptua, baina egin dut gauza nahiko eraberritua». Eta horregatik du emanaldiak bigarren azpititulu bat ere: rr #5 marrak. Lehengo oinarri bera izanik ere, Lujanbiok dioenez, oraingoa haren «beste aldaera bat» delako, eta, hain zuzen, marrak direlako eraldatutako saio horren ardatza orain.

Gatazkaren marra

Abstraktuan eman du lehen azalpena: «Gure posizioak bereizten dituzten marrak dira ardatza, ebakiak edo prisma bereziak, bereizten eta taldekatzen edo apartatzen gaituzten lerro desberdinak, ikuspuntu ideologikoak edo gai desberdinei dagozkien lerroak». Eta zehatzago ere bai gero: «Presentetik iraganera egiten dut salto bat emanaldiaren hasiera-hasieran, eta aipatzen dut gure haurtzaroa eta gaztaroa bereizi duela gatazka izan den marrak, adibidez, eta lehen dena zela gatazkaren araberako bi alde, eta gero hori nolabait zartatu egin dela, eta mila prismatan puskatu dela, eta daudela inguruari begiratzeko, posizionatzeko, talka egiteko edo ez egiteko, eta munduaren irakurketa egiteko marra, ebaketa eta prisma desberdinak».

Ordubete inguruko iraupena du emanaldiak, eta atril batekin eta paperekin izango da oholtzan Lujanbio. Erdi buruz eta erdi irakurriz arituko da, eta, zehaztu duenez, inprobisatu gabe. Marren irudia izango da emanaldiaren ardatza, eta, gero, haren bueltan sortutako «hainbat genero, forma eta testurako testuak» izango ditu saioak. Audio batzuk ere izango dira, eta pantailan proiektatutako irudi eta testu batzuk ere bai.

Hitzari itzalik egin gabe

Soila izango da eszenaratzea, orokorrean, eta soilak izango dira bideoak ere. «Irudiek presentzia handia hartzen dute, eta hitzari itzal handia egin diezaiokete, orduan, irudirik ia ez dago emanaldian: dena geometrikoa da». Lerroak ikusiko dira, lerro etenak, marrak, gurutzatutako lerroak, kurbatutako marrak… Eta, horiez gainera, testu batzuk ere azalduko dira pantailan. Bere gogoetak azaltzeko bide ematen dioten literatur pasarte laburrak izango dira haietako batzuk, eta, Lujanbiok azaldu duenez, beste batzuk, berriz, hitzen gaineko lanketa «delirante eta jolastiak» izango dira.

Bertsolaritzan egindako ibilbidearekin batera, aurrez ere behin baino gehiagotan egin ditu Lujanbiok oraingoan moduko emanaldi hibridoak, eta, dioenez, landutako ildo horien guztien batura moduko bat da rr #5 marrak. «Seguru asko hau da nik egin ditudan gauza desberdinen konbinazio bat, bai bertsolaritzarena, bai irratian egin dudan lanarena, bai soinu artearekin egindako esperimentuena, eta badauka Ornitorrinkus bezalako proiektuetan ikasitakoa ere. Maneiatu izan ditudan forma eta lengoaiak ditu, eta oso nirea sentitzen dut. Oso nire ditudan egiteko moduak daude hor».

Garai bat, mila prismatan puskatua Garai bat, mila prismatan puskatua Garai bat, mila prismatan puskatua