Historia baterako lehen notak

2020-02-14

Historia baterako lehen notak –

Amagoia Gurrutxuga Uranga, Berria egunkarian.


Bertsolaritzaren bi mendeko historia aztertzeko eta egungo bertso munduaren genealogia bat osatzeko zumeak bildu ditu Antxoka Agirrek bere tesian. Denbora lerro bat, euskal kulturaren bilakaeraren barruan. Eta lerro horretan hedabideek izan duten garrantziari buruzko hausnarketa.

Historia baterako lehen notak

Bertsolaritzak 1980tik aurrera izan dituen praktika mediatikoak aztertu nahi omen zituen berez. Bertsolari aldizkarian 2008tik egindako kazetari lanaren eskarmentua zuen lagun. EHUko Kazetaritza Fakultatean irakasle aritzearena ere bai. Ez omen zuen helduleku gustukorik aurkitzen, baina. Eta John Miles Foley aditu estatubatuarrak 2005ean Oral Tradition aldizkarian idatzitako artikulu bat irakurri zuen. «Harrituta agertzen zen han, urte hartako Txapelketa Nagusiaren BECeko finalarekin. Lortu zuen oihartzun mediatikoa eta prestigio soziala azpimarratzen zituen. Eta bertsolaritzaren presentzia mediatikoaren historia egitea erabaki nuen». Hala hasi zen Antxoka Agirreren (Zumaia, Gipuzkoa, 1976) doktore tesiaren historia. Historia horretan, bertsolaritzari nola edo hala lotutako hamasei pertsona elkarrizketatu ditu: Joxean Agirre, Nikolas Aldai, Xabier Amuriza, Amets Arzallus, Andoni Egaña, Estitxu Eizagirre, Esti Esteibar, Joxerra Garzia, Jexux Mari Irazu, Felix Irazustabarrena, Joxe Mari Iriondo, Maialen Lujanbio, Jon Sarasua, Xabier Sukia, Beñar Zamalloa eta Aritz Zerain. Dozenaka grabazio ordu.

Askoz ordu gehiago joan zaizkio, baina, hemeroteketan bila. Hortxe hasi zitzaion agertzen bertsolaritzaren historia. Boucher de Crevecourrek 1823an bertsolaritza aipatu zuen artikulua, esaterako, Parisko Journal des Voyages bidaia aldizkarian; eta Agosti Xahok 1844n Trilby aldizkarian bertsolaritzari egin zion gorazarrea; eta 1880an Klaudio Otaegik Euskal-Erria aldizkarian argitaratu zuen bertsolaritzari buruzko euskarazko lehen testua; eta beste asko. Milaka. Ia bi mende luzeko soka idatzia, ahozko literaturaren bueltan. Bertsolaritzaren historia: hedabidetzea, eragiletza eta proiektua (1823-2018). Ahots subalternoaren bizi-indarraren testigantza bat tesia. Bertsolaritzaren «historia soziala», Agirreren esanetan.

Historia horretan, euskal lurraldeetako foruak indargabetu osteko pizkunde kulturalista-foralista ageri da, abertzaletasunaren gorakada, 36ko gerrak inposaturiko etena, 1960ko urteetako herri mugimenduen bizkortzea, eta masa kulturaren garaiak. Eta euskal kulturaren historian arrasto sakona utzi duten eragileak: Agosti Xaho, Anton Abadia, Joxe Ariztimuño Aitzol, Joseba Zubimendi, Ander Arzelus Luzear, Teodoro Hernandorena… «Bertsolaritzaren historia lotuta dago euskal kulturgintzarenarekin, eta euskal kulturgintzarena lotuta dago Europako herri kulturarenarekin».

Ahozkotasunaren alde

Herri kultura kultura nazional bihurtzeko erronka jo zuten erromantikoek. «XIX. mende bukaeran eta XX.aren hasieran, kulturgileak hasi zirenean esaten, inguruko denak egiten ari ziren bezala: ‘Hau da gure kultura eta hau bultzatu eta modernizatu behar dugu’, bada, derrigorrean heldu behar izan zioten ahozkotasunari, idatziak ez zuelako funtzionatzen, euskal kultura historikoki bazterreko kultura bat izan zelako, instituzionalizatu gabe zegoelako, jendea alfabetatu gabe zegoelako. Subalternoa zelako. Bertsolaritzaren garapen bereziaren atzean gabezia hori dago. Ahozkotasunaren alde egin zuten, bada, haize kontra, formula berriak asmatuz». Horretarako, biltze, prestigiatze eta sustatze lanak abiarazi zituzten; eta bertso lehiaketak; eta bertso saioak antzokietan. «Bigarren kultur pizkundea, 1960-1970 urteetakoa, Europako estaturik gabeko gainerako nazioetan bezala etorri zen hona, eta bertsolaritzak ere hortik edan zuen». Bertsolaritza herri mugimendu kulturgile gisa antolatzen hasi zen, ikuspegi aurrerakoi eta berritzaileagoarekin. «Baina sekula ez zuten eten aurrekoen bilketaren, trasmisioren eta prestigiatzearen soka». Ezta txapelketena ere. Ezta komunikabideetan ahalik eta toki gehien hartzearena ere, euskarri berriak agertu ahala. «Garai bakoitzean, formatu bat garatu eta berri bat probatu du bertsolaritzak. Oraingo zikloari zegokion telebista garatu eta Interneten sartzea, eta hala egin du. Eta euskarazko hedabideen sorrerak hauspotu egin du prozesu hori».

Bi eten garrantzitsu badira bertsolaritzaren historian, hala ere, Agirreren esanetan: «Bertsolariek ‘geu antolatuko gara, geuk erabakiko dugu’ esan zutenean gertatu zen bat; eta bestea, bertso eskolekin, bertsolariak berez sortzen direlako ustea atzean utzi zenean». Hala heldu zen bertsolaritza Agirrek hasieran ikertu nahi zuen aro garaikidera. «Modernitate berantiarretik, masa kulturan lehiakorra izatea da herri kulturen erronka. Eta gure komunitate txiki honen barruan, bertsolaritza da lortu duen gutxietako bat. Gizarte mugimendu bat bihurtuta lortu du».

Historia baterako lehen notak

Antxoka Agirre

 

Lore Jokoak (1845-1917)

Antton Abadia, Agosti Xaho eta Jose Manterola izan ziren eragile nagusiak. Mugimendu erromantikoaren ildoari jarraikiz, herri kulturari begira jarri eta bertsolaritzaren aldeko apustua egin zuten, eta, hura prestigiatzeko, prentsa erabili —argazkietan, lehen aipamenak prentsan—. Bertso eta doinu bilketari ekin zioten. Abadiak Lore Jokoak jarri zituen abian. 1853an jokatu ziren lehenak, Urruñan (Lapurdi). 1879an, Lore Jokoek Elizondora (Nafarroa) egin zuten jauzi. Hiru urte baziren Bigarren Karlistaldia amaitu zela eta Antonio Canovas del Castillo politikari espainiar zentralistak Araba, Bizkai eta Gipuzkoako foruak indargabetu zituela. Nafarroakoak 1841etik zeuden indargabetuta, Lehen Karlistaldia amaitu zenetik.

Historia baterako lehen notak

Antxoka Agirre

 

Euzko Pizkundea (1918-1944)

Joxe Ariztimuño Aitzol, Joseba Zubimendi eta Inazio Eizmendi Basarri jeltzaleak izan ziren eragile nagusiak. Aurrekoen ildotik, antolaketa, bilketa eta prestigiatze lanari eutsi zioten. Prentsan ez ezik, bertsolaritza irratian ere sartu zuten, Zubimendik Donostiako Union Radion zuzentzen zuen euskarazko saioan —argazkian, saio horretan ageri da Basarri, ezkerraldean, zutik eta gaban argiarekin—. Lore Jokoen lekukoa hartu, eta Lehen Bertsolari Gudua antolatu zuten Donostian. Egungo txapelketa formatua estreinatu zuen saio hark, 1935eko urtarrilaren 20an. Basarrik irabazi zuen. Tolosan (Gipuzkoa) jokatu zuten bigarren gudua, hurrengo urtean. 36ko estatu kolpeak eta ondorengo gerrak erabat eten zuten loraldi hura.

Historia baterako lehen notak

Antxoka Agirre

 

Frankismo garaia (1945-1979)

Hastapenetan, Basarri bertsolaria eta Teodoro Hernandorena izan ziren eragile nagusiak. Lehenak, erbestetik itzultzean, bertsoei heldu zien atzera, eta bertso saioen bultzatzaile eta kazetari gisa ere aritu zen. Hernandorenak, Francorengandik ihesi Lapurdira joana, txapelketak antolatzeari ekin zion. Fernando Aire Xalbador eta Mattin Treku bertsolariak plazaratzeaz arduratu zen, eta bertsolaritzaren oihartzun mediatikoa ere landu zuen. Bertso saio bat antolatu zuen Parisen, esaterako, 1958an —goiko argazkian—, eta Frantziako eta Alemaniako telebista publikoetan ematea lortu zuen. Eragile gehiago ere agertu ziren. 1960an, 1936tik jokatzen ez zen Bertsolari Txapelketa Nagusia antolatzeari ekin zion Euskaltzaindiak. 1961ean, Antonio Zabalak Auspoa bilduma abiarazi zuen. Joxe Mari Iriondok, bertso saioetan aurkezle, gai jartzaile eta grabatzaile aritzeaz gain, bertsolaritzari atal finkoa eskaini zion astero Loiolako Herri Irratian, 1962ko azarotik aurrera. Bigarren kultur pizkundea abian zen, lehendabizikoarenak baino ideia berrizaleago eta irekiagoekin. Ez Dok Amairu-ren eta ikastolen sorrera garaia zen. Lehen bertso eskola sortu zuten 1974an, Almen ikastolaren (Eskoriatza, Gipuzkoa) eskolaz kanpoko jarduera gisa.

Historia baterako lehen notak

 

Bertsolaritza berria (1980tik aurrera)

Aro honen hasiera markatu zuen mugarri gisa, Xabier Amurizak 1980ko eta 1982ko Bertsolari Txapelketa Nagusiak irabazi izana —Euskaltzaindiak antolatutako azkenak— jo ohi da, eta urte tarte horretan Amurizak berak Hitzaren kirol nazionala, Hiztegi errimatua eta Zu ere bertsolari trilogia argitaratu izana. Bertsozale Elkartea da etapa honetako eragile nagusia. 1986an, txapelketa nagusia antolatzeko lana bere gain hartu zuen, bertsolaritza mugimenduaren ondorengo ildoa markatuz. Bertso eskolak ugaltzen hasiak ziren, transmisiorako ezinbesteko tresna gisa. Masa kulturako parte bilakatzeko bidean, urrats garrantzitsuak egin ditu ordutik: 1988an, Hitzetik hortzera saioa estreinatu zuten ETBn; Xenpelar Dokumentazio Zentroa sortu 1992an; Eta hitza jolas bihurtu zen Euskadi Irratian, 1993an; Lanku enpresa, 2003an; bertsoa.eus plaza digitala, 2006an; eta Mintzola Ahozko Lantegia, 2008an. Txapelketa Nagusiarekin batera —argazkian, 2017ko finala—, mugimenduaren ikur dira.

Historia baterako lehen notak

%0,6
AIPATUTAKO ANDREAK

1823-1979 epean, bertsolaritzaren 4.159 aipamen aurkitu ditu Antxoka Agirrek prentsan. Haietatik 24tan (%0,6), emakume bertsolariren bat aipatzen da. Lehen aipamena Maria Luixa Erdozio lapurtarrarena da (Azkaine, 1846 Donibane Lohizune, 1925). Revue de Linguistique et de Philologie comparée aldizkarian ageri da, 1869ko Lore Jokoei buruz Julien Vinsonek argitaratu zuen Concours de Poésie Basque a Sare artikuluan. Erdozio irabazle gertatu zen, gainera, bat-bateko sariketa hartan, Ibarrartekin batera. Baita 1875ean ere, Etxetorekin batera.

Prentsan elkarrizketatu zuten lehendabiziko bertsolaria,berriz, emakume bat izan zen, lapurtarra hura ere: Aña Etxegarai (1873 1939). Lore Jokoetan aritua eta saritua zen, eta 1896ko urtarrilaren 15eko La Femme aldizkarian agertu ziren haren adierazpenak, Marie Emilie Coulombek sinatutako artikulu batean. Puntako beste emakume bertsolari bat ere aipatzen zen artikuluan: Mariana Hargain (1860-1925).

Hegoaldean ere baziren emakume bertsolariak. Joxepa Iñazi Azkunek, esaterako, lehen saria eskuratu zuen 1899ko Zumarragako Lore Jokoetan (Gipuzkoa). Prentsan inolako aipamenik ez zitzaion egin, baina. Jasota geratu ziren izen apurren artean, bi nabarmentzen dira: Joxepa Antoni Aranberri Xenpelar (1865-1943) eta Manuela Frantziska Zubiaurre ( 1837-1916). Azken hori, Jose Maria Iparragirrek Zugana, Manuela kantua eskaini ziolako da ezaguna, ez bere bertsoengatik.

Historia baterako lehen notak
Historia baterako lehen notak
Historia baterako lehen notak
Historia baterako lehen notak
Historia baterako lehen notak