Iñaki Segurola: “Jada ez gara gai hizkuntza bizi bat transmititzeko”

2021-01-05

Iñaki Segurola –

Kepa Matxainek Argia aldizkarian.

Argazkiak: Dani Blanco


 

Jorge Oteizaren Quousque Tandem oinarri hartuta idatzi du Iñaki Segurolak Sed Quia Sua (Erein, 2020). Hari kopiatu dizkio azala, latinezko titulua, hasierako eskaintzak, kapituluen hurrenkera eta liburuaren trinkotasuna. Mamia beste upel bateko sagardoa da, ordea. Oteizak harrietatik abiatuta euskal arimaren interpretazio estetikoa egin bazuen, Segurolak “hizkuntza honek bere kabuz zer dioen” aditu nahi izan du. Eta, bide batez, intxaurrondo batzuk astindu ditu bidean: noizik olgetan, aldian benetan, ia beti olgetan-benetan.

 

Iñaki Segurola

 

[…]

Aipatzen duzunez, bertsolari garaikidea gurea ez, baina gutarra da. Zergatik?

Oteizak badu esaldi bat: zertarako balio digu adostasun antzu batera garamatzan adiskidetasun bigun batek? Eta bectso mundua da adostasun antzu horren performancea, garaian garaiko IdPot edo erdi-IdPot-en bueltan mugitzen dena. Lehen, eskubiko bertsolariek, Xabier Euzkitzek eta, ez zuten lortu adostasun hori puskatzea –horrek ez du esan nahi Euzkitzeren alde nengoenik; adostasuna puskatzen zuen neurrian iruditzen zitzaidan interesgarria–. Andoni Egaña da beste bat; ez dut ulertzen nola lortu duen beti hor segitzea. Ni zain nago ea Xabier Silveira itzultzen den behingoz, eta esaten duen mundua zapala dela, eta birusik ez dagoela. Edo nahi dut, adibidez, Aitor Bizkarrak edo Maddi Sarasuak, izorratzea. Baina ez izorratzea izorratzeagatik, baizik eta ikustea ea gai diren beren ildo sozialistatik adostasun antzu hori puskatzeko, deserosotasun pixka bat sortuz.

Txapelketatik kanpoko zenbat bertso saiotara joan zara?

Hor harrapatu nauzu. Baina ezin dut euskal meza horrekin. Badakizu han inork ez duela ezer arriskutsurik esango, inork ez duela puskatuko. Gainera, txapelketarekin aski dut. Eta nekezen jasaten dudana dira bertso-zientzia bezalakoak: Etxenike eta konpainia hizketan, eta bertsolariak ondotik, bufoiak bezala, jakintsu gorenaren aurrean. Ez dago aguantatzerik.

Ez dago harrituko gaituen bertsolari garaikiderik, bota duzu. Bakar bat ere ez?

Iker Zubeldia kenduta. Eta tira, gehiago ere badaude. Baina, oro har, sentsazioa daukat bertsolaritza garaikidea dela prentsan edo liburuetan irakurtzen dugun hizkuntza, neurtuta eta etenekin. Ez naute harritzen, denak datoz antzeko mundu batetik, badakit gutxi gorabehera zer esango duten: orain etorkinak, orain transfeminismoa… Argia-k erakusten duena, gutxi gorabehera. Ahobatezkotasun txalo-jotzaile hori ezin dut jasan. Baina ez dauka erremediorik, eta ni bertsolaria izango banintz halakoxea izango nintzateke.

Zeure buruaz diozu kontraerraneko putzak botatzen bakarrik dakizula. Zergatik erosi behar luke inork ezertan sinesten ez duen norbaiten liburua?

Zerbait mugituko zaiolako barruan, zerbait adituko duelako, ez dakiena ez nondik abiatzen den ez nora ailegatuko den. Nik ez dakidan hori dena dakienak badaki nondik abiatuko den eta nora ailegatuko den, eta horrek ez dauka graziarik. Liburu hau gauzatu gabeko gaitasun horretan dago, denera eta ez denera zabaldua, eta IdPot batean etsi ezinda. Orain, nago Oteiza ondoegi imitatu dudala, eta liburua trinkoegia gelditu zaidala: hainbeste afera filosofiko, hitz joko, poetizazio… ez nuen hain ondo imitatu behar. Alde batetik, neure buruari loreak botatzea da, baina kaka botatzea ere bai. Pentsatu izan dut liburuaren edizio arina ateratzea, 80 orrialdekoa, oinarrizko eskema azalduz. Baina niri ez zait eskema interesatzen. Egin behar dena: aldapatsua dela mentalizatu, eta liburua surfeatu, edo toreatu, edo hor ibili bueltaka.

 

Irakurri elkarrizketa osorik 

Iñaki Segurola
Iñaki Segurola