Indar bat dabil. Lorea Agirre.

2017-10-18

Indar bat dabil –

Bertsozale Elkartearen webgunetik hartutako testua da honakoa, Lorea Agirrek idatzia. 

 

Indar bat dabil“Berria bide egiten ari da. Baina zaharra ez da oraindik joan. Geure haurtzaroan, bertsolaria gizona zen, heldua, zuria, heterosexuala, euskalduna. Pieza bateko gizona. Gi-zo-na. Ez genuen besterik irudikatzen ahal. Oraindik ere, hori ere bada bertsolaritza. Euskalduna, euskaldun petoa esan ohi den hori. Zer den peto hori. Hori da kontua”. Lorea Agirre Dorronsorok identitatea eta euskalduntasunak ditu hizpide asteroko gogoeta tarte honetan.
 

Txapela eta zapia. Orain zortzi urte jokatu zen Euskal Herriko Bertso Finalean, txapela eta zapia adiskidetu egin ziren, Maialen Lujanbiori, adats beltz zapiz bilduaren gainean, txapela jantzi zionean Joxe Agirrek. Elkar hartu zuten, bakea sinatu, armistizioa irudikatu. Gerrarik izan al da bada, galde lezake inork. Gerra zehatzik ez dakit, gerra orokorra bai. Emakumeak eta bertsolaritza, plazan bederen, bortxaz eta debekuz bizkar emanda egonarazi direla azken bost mendeetan gauza jakina da. Gauza jakina da baita ere, emakume bertsolariak ordura arte izan bazirela, bertsotan egitea debekatzen zitzaien 1452ko bi foru-arau direla medio. Paradoxa da gero debekatuak izateagatik bazirela jakitea.

Txapela eta zapiaren arteko armistizioan garrantzitsuena iruditeria berri batek gorputz hartu zuela da. Begietan dugun argazki indartsu hori. Eta horren adierazgarri da, final haren ondorengo egunetan esan eta idatzi zen guztiaz gainera, Anerrek –lau urteko mutikoak– eman zuen testigantza, galtzerdia buruan jarrita:  “Ama, ama, begira: Maialen bezala. Ni Maialen naiz”. Haurrek markatzen digute etorkizuna. Bi gertaerak, bata BEC-en 14.000 lagunen aurrean gertatutakoa, eta bestea, lagunaren sukaldean jazotakoa, lotuta daude. Txapel janzte hark diskurtsoan ate bat ireki zuen, iruditeriaren harresia zulatu, garenaren markoa urratu eta irudi eta praktika berri bat indarrean jarri. Horrela joan ohi dira kulturak, identitateak eta kolektiboak egurasten eta biziberritzen. 

Orain, gure iruditerian eta praktikan, aise samar izan zaitezke emakume eta bertsolari. Eta, are bertsolari onena, txapelduna zapidun. Berria bide egiten ari da. Baina zaharra ez da oraindik joan. Geure haurtzaroan, bertsolaria gizona zen, heldua, zuria, heterosexuala, euskalduna. Pieza bateko gizona. Gi-zo-na. Ez genuen besterik irudikatzen ahal. Oraindik ere, hori ere bada bertsolaritza. Euskalduna, euskaldun petoa esan ohi den hori. Zer den peto hori. Hori da kontua. Euskaldun izateko nolakoa izan behar du gizon batek galdera oso zilegi eta beharrezkoa da. Erantzunak asko izango dira, jakina. Baina badira, oinordekotzan jasota, oraindik errepikatzen eta gorpuzten ditugun ereduak. Hona, adibidez, hurbilketa batek berriki atera duen argazkia: herri txiki euskaldunetan, gizonezkoek euskaldun izatea langile, indartsu, oldarkor, ausart izatearekin lotzen dute, eta, horretaz gainera –eta hau da larria– aldez edo moldez emakumeekiko praktika menperatzaile eta erasokorrak izatearekin nahiz eta eurek hori egiten dutenaren kontzientziarik ez agertu. Bi aldiz pentsatuta ez zaigu oso argazki ezezaguna. Baina bai latza. Oraindik ere, zer-nola ari garen hezten –bereziki mutilak–, zer ari garen erreproduzitzen. Hauxe bera alegia, gizonezko horien euskalduntasunaren eraikuntza maskulinitate maskulinoenetik pasatzen dela gaur egun ere. Inork esan lezake baskotasunaren eraikuntza ere hortik pasatzen dela eta konforme geratu. Ados, horretan ere ez gara oso diferenteak izango. Ziur ez dela euskalduntasunaren pribilegioa soilik, baina hori gu gara. Hori gara gu. Eta gu horretan jokatzen da geure komunitatea, eta, geure buruaren inguruan partekatu nahi dugun iruditeria kolektibo hori berdinzalea, irekia, integratzailea eta justua izatea, edo ez izatea.

Euskalduntasunak, identitate gisa, ze ezaugarri dituen bertsolaritzak ere markatzen du. Eta bertsolaritzak ere aldarazten du. Eta badugu horretarako beharra. Euskaldun izateko bestelako ereduak behar ditugu. Bestela ere izan gaitezkeela euskaldun frogatu. Genero indarkeriarik gabe, esate batera. Eta horretan bertsolaritzak bere alea jar lezake. Jarri du, ari da jartzen, emakume bertsolarien eta bertsolari feministen lan eskergari esker bereziki. Emakume izanda eta taulan leku hartuta, emakume ez-feminizatu –menperatu– eta gizon ez-maskulino –menperatzaile– agertuz. Gorputzak, gorpuzkerak, janzkerak, gaitegiak, hiztegiak, hizkerak, pentsakerak, umorea, epailetzak, entzulegoa, bertsokerak aldatzen doaz. Eta aldatu egin behar dira, eredu berriak –azal,  jatorri, klase, genero, ideologia– taula gainean gero eta gehiago zabaldu eta indartzeko.

Nork nor aldatzen duen. Bertsolaritzaren eta gizartearen arteko harremana dialektikoa da ziurrenik. Baina bertsolaritzan aldatzen, mudatzen, hobetzen den guztiak eragina du euskal deitzen dugun geure mundu horretan. Gizartea eta bertsolaritza ez doaz aparte. Eta aparte ez doazelako da hain garrantzitsua bertsolaritzak kanta, esan eta irudikatu lezakeen guztia geure iruditeria, posible eta haizu denaren neurria, zabaltzen, aldatzen eta berritzen laguntzea. Justuago egiten, berdinzaleago, bizigarriago. Bertsolaritzak bide horretan indar egin dezakeela badakigu, eta egiten duela, indar bat dabilela hor. Eta, baita ere, badakigu ze indar ematen dion bertsolaritzari indar hori egiteak.

Indar bat dabil