Infoxikazioa, subtestua, ertzak eta beste: finalerdiei begirada bat

2018-01-12

Infoxikazioa, subtestua, ertzak eta beste: finalerdiei begirada bat –

Ainhoa Agirreazaldegi etxe honetako blogaria ere bada, baina gaurkoan Bertsozale Elkartearen webgunean plazaratutako bere gogoeta bat dakargu hona.


2017/12/05
“Pertsonaiak ez dira hitzekin bakarrik mintzo, hitzen intentzionalitatearekin ere mintzo dira. Esaten dutenak esaten ez dutenak adinako garrantzia izan dezake. Subtestua da iceberg-aren alde ezkutua, eta testua guztion bistara dagoena. Subtestua da pertsonaiaren eta bera inguratzen duten zirkunstantzien barne-mundua.” Ainhoa Agirreazaldegiren ekarpena dugu aste honetan.
 

Infoxikazioa, subtestua, ertzak eta beste: finalerdiei begirada batBastidatik Iruñera arteko bertsoak aztertu eta bertsoaldiz bertsoaldiko ekarpenak aipatu dituzten aski euskarri eta aski jende izan dugu. Txapelketaren hurbileko jarraipena ikusi dugu egunkarietan, aldizkarietan, bertso-irratsaioetan, telebistako hainbat saiotan, sareko telebista-saio berezietan… Eta gehitu horri sare sozialetako iritzi, hausnarketa eta dardo guztiak. Honenbestez, bertso zehatzen xehetasunetan sartu gabe, finalerdiek eragindako zenbait gogoeta partekatu nahi nituzke zuekin. 

Infoxikazioak asko baldintzatutako txapelketa izaten ari dela esango nuke aurtengoa. Bi ezaugarri azpimarratuko nituzke kontestu horretatik. Batetik, gizartearen eremu aktibistenetan eta, beraz, bertsolaritzaren ingurumarian mugitzen den jendearen artean aberatsa, sakona, ertz askokoa eta begi zorrotzekoa da eguneroko gertaera sozio-politikoen gaineko gogoeta. Bigarrenik, eta bigarren honetan dago beharbada 2013ko Txapelketa Nagusiarekiko alde handiena, sare sozialen bidez gaur egun iristen zaigun informazio- eta iritzi-oldea ikaragarria ez ezik, exigentea ere bada. Eta horrek nolabaiteko baldintza baten pean jarri du bertsolaria: bertsotarako abiapuntu izan ditzaken gaien gaineko ikuspegia ondo landuta izatea eskatzen zaio. Honenbestez, bertsoa pentsamendu sendo batetik abiatuta eraikitzea kanpo-eskakizun bihurtzen ari zaio, gero eta gehiago, bertsolariari.

Ez da nolanahiko baldintza. Ertz asko ditu bizitza errealak eta gai asko egon dira bizitza errealari lotuak finalerdietan ere. Egoera irrigarri batetik abiatutako zortziko txikiko (geroago hitz egingo dugu ariketa horren gainean) eta puntutako saioetan salbu, beste guztietan, eguneroko bizitzako gaiak izan dira nagusi. Jarrera hori benetan eskertu diot gai-jartzaile taldeari. Eguneroko bizitza baino politikoagorik ba al dago ezer? Politika-gairik apenas egon dela ere esan izan den arren, txapelketa hau inoiz baino politikoagoa eta ideologikoagoa izaten ari da. Hitz larriz idazten den Politika baino dezentez konplexuagoa da, gainera, eguneroko bizitza beti politikoa. Ataka horretan bertsolariak batzuetan sekula baino estuago sentituko ziren, baina lanketa-bide interesgarriak ere ikusiko zituzten hainbatek. 

Kontestu horretan ariketarik zailenetakoa, beharbada, lehen itzulian zortziko nagusian egin beharrekoa izan da. Gai-jartzailearen hitzek egoera bat ematen zutelako, eta bertsolariak erabaki bat baino gehiago hartu behar zituelako: egoera horren azpian egon zite(z)keen gaia(k) ikusi, gai horren inguruko zein kokapen ideologiko aterako zuen erabaki eta ondoren bertsoa(k) pentsatzen hasi. Baina hori guztia, bere ondoan eta paraleloan ariketa berbera egiten ari zen bertsolariarekin deus kontrastatu gabe. Horregatik, hainbat bertso oso on entzun baditugu ere, zailagoa izan da bertsoaldiak osorik hartuta borobilak izatea. Barne-borroka asko izan direla esango nuke: azkar, ondo eta modu konpenetratuan ebazteko, gehiegi. Asmatu dutenean, “orain eta hemen” premisari jarraiki, egiazko elkarrizketa terrenalek funtzionatu dutela ongien esango nuke. Norbere ikuspegi deontologikoa maila diskurtsiboan adierazia ez baizik pertsonaien hitzen atzean sumatu izan denetan. 

Zentzu horretan, zortziko nagusiko ariketan bertsoaldi borobilagoak entzun ditugu bigarren itzulian, ez kasualitatez. Pertsonaiaren posizio ideologikoa gaiak berak markatuta, bertsolariari beldur handi bat aurrezten zaio: bere kokapena entzuleak ongi ulertu eta ongi hartuko duen. Eta bi bertsolariek, hasieratik, norbera eta bestea nondik abiatzen diren jakitea lan asko aurreztea da. Behin zama horiek kenduta, ertzak hobeto marraztu dituzte bertsolariek, onkeriaren mugatik aldenduago ikusi ditugu, eta testu aberatsagoak entzun. 

Honen guztiaren harira, antzerki munduak egiten duen bereizketa bat ekarri nahi nuke bertsogintzaren azterketara. Testua, kontestua eta subtestua bereizten dira antzerki obrak aztertzen direnean. Kontestua, testuan ageri diren ekintzak inguratzen dituzten zirkunstantziek osatzen dute, istorioa garatzen deneko uneak eta inguruneak. Horrek emango die zentzua ―edo ez― pertsonaien hitz eta ekintzei. Subtestua, berriz, testuaren azpian inplizituki gordeta dauden ideia eta emozioak dira. Subtestuak eragingo du testuaren zati bat hutsala izatea edo erreala eta zentzuz betea. Subtestua lantzeko, gisa honetako galderak erantzuten saiatzen dira antzerkian: Zer gatazka dago/daude eszenan? Nola sentitzen da pertsonaia? Zerk darama pertsonaia modu horretan jokatu eta erantzutera? Zer helburu lortu nahi du? Eta abar. Subtestuak egiten ditu, beraz, pertsonaiak konplexuago eta argumentuak eta istorioak interesgarriago. Pertsonaiak ez dira hitzekin bakarrik mintzo, hitzen intentzionalitatearekin ere mintzo dira. Esaten dutenak esaten ez dutenak adinako garrantzia izan dezake. Subtestua da iceberg-aren alde ezkutua, eta testua guztion bistara dagoena. Subtestua da pertsonaiaren eta bera inguratzen duten zirkunstantzien barne-mundua. Eta hor kokatzen dira emozioak, ironia eta borroka gordeak, besteak beste. Subtestua elikatzen artistak (izan) dira, bereziki, Sustrai Colina eta Maialen Lujanbio. 

Iceberg-aren alde ezkutuan kokatzen bada ironia, umorera bideratutako zortziko txikiko gaiek iceberg-aren traza izan beharko dute. -Bidenabar, esan dezagun bilatu beharko dugula noizbait moduren bat, bertsolariengandik ariketa bakoitzean tonu jakin bat espero ez izateko manera, oso mugatzailea eta bertsolarien intentzioa asko pobretu dezakeen joera baita hori.- Hau esanda, iruditu zait gai-jartzaileek ez dutela asmatu zortziko txikiko gaiekin. Areago, iraultza-tresna handienetako bat umorea dela azpimarratzen den garaiotan, bizitza errealean esanguratsuak diren egoerek izan behar luketela abiapuntu, besterik gabe irrigarriak diren egoerak izan beharrean. Pertsonaien arteko benetako gatazka bat (edo gehiago) inplizituki azaleratzen duen gaia litzateke, nire ustez, iceberg-a bere osotasunean plazaratzeko modua. Bizitzari buruz pertsonaiek duten ikuspegia, dituzten harrotasun, harrokeria, min, zauri, inbidia, poz eta abarrak bizi-bizi adierazteko. Jone Uriak bulego-garbitzailearen roletik oraindik ez dut lortu ondo konprenitzen / nolaz zauden zu bertan eta ni garbitzen borobil haren antzeko gehiago entzuteko aukera izan dezagun. 

Bakarkako gaietan, ez dakit ziur zer premisaren gainean ezarri dituzten gaiak gai-jartzaileek. Halako tonu intimo bat eta emozio bat partekatzen dute gai guztiek. A priori oso pertsonalak dirudite, baina asmatu egin behar pertsonalari dimentsio sozio-politikoa ere ematen. Ez zaie beti erraza egin bertsolariei gaiak aipatzen zuen emozio hori zein iceberg-etan kokatuko zuten erabakitzea. Une batzuetan pertsonaiak gatazka tragikoetan kokatu dituzte, publikoarengana iristeko bestelako biderik ez zutelakoan, seguruenera. Beste batzuetan, ni-tik hurbilegi sentitu ditut, eta uste dut finalerdietan ni-tik haragoko istorioak eraikitzeko determinazioa izan behar luketela bertsolariek, baldin eta ni hori oso pertinentea ez bada bederen. Istorio pertsonala istorio politiko edo istorio unibertsal bilakatzen asmatu dutenak izan dira, nire ustez, interesgarrienak.   

Amaitzen hasteko, denboraren perspektiba aipatu nahi nuke, gutxiegitan izaten baitugu kontuan txapelketetako bertsoak aztertzen ditugunean. Eta ez da marko txarra, arlo batzuetan izan dugun garapenaz ohartzeko. Iruñeko zortziko txikiko “barazki biltegian atera ezinik geratu zirenek” gogora ekarri zizkidaten, duela zortzi urte, Donostian “saunan atera ezinik geratu zirenak”. Gaia entzutean, esan nahi dut. Baina ez gaude orain zortzi urteko leku berean, eta bertsolariek erakutsi zuten hori. Bestalde, Amurrion “mamografia egitera joan ziren bi emakumeek” ez zuten gehiegi asmatu egoera hori bizi duten emakumeek sentitzen dutena islatzen. Baina gaia bera, nola bertsolariek hala entzuleek, egokitzat jotze hutsa aurrerapausoa da denboraren perspektibatik. Ez beharbada hainbeste epaileen ikuspegitik, baina bai entzulearenetik. Hasierara itzuliz, infoxikazioaren eta eskakizun ideologiko orotarikoen garaiotan, zama guztia bertsolariengan ezartzen baita. Eta publikoaren erreakzioarekin exigenteagoak izaten hasteko garaia ere bada, beharbada. 

Azkenik, eta ez naiz ni epaileen puntuazioei begiratu zalea, baina ez diot itzuri egin nahi zenbait bertsoren hizkuntzazko akatsek puntuazioan izan duten eragin eskasari. Eta ez nabil Lujanbioren bertso gogoangarri haietan mamuak ikusten ari zen haren bide beretik. Bertsoak une batzuetan behar duen malgutasuna onartuta, doinu, neurri eta errimarekin batera, testuaren euskara-mailak ere gutxieneko baldintzen artean egon behar lukeela esango nuke. Erabiltzen den hizkuntzak berebiziko garrantzia du bertsoan eta hori puntuazioan islatzea eta potoak bezala, zenbakitan izango duen eragina finkatzea, beharbada luzera emankorra litzaiguke. 

Aldian-aldian exigenteagoak dira txapelketak eta, denborak erakusten du, unean-unean aipatutako bainak baina, asko izaten direla txapelketa bakoitzak utzitako maila bikaineko bertsoak. Finalerdi hauetan ere, uneko exigentziei erantzunez izugarrizko lana egiten ikusi ditut bertsolariak. Denboraren perspektibatik are gehiago baloratuko ditugunak, seguruenera ere. 

Infoxikazioa, subtestua, ertzak eta beste: finalerdiei begirada bat