Jexux Mari Irazu Muñoa: «Adimen artifizialak ezin du ezer egin bertsolaritzaren sarerik gabe»
Adimen artifizialaren eta bertsolaritzaren arteko harremanari buruzko ikerketa bat egin du Irazuk, elkarri nola eraginen dioten ikusteko. Haren ustez, posizionatzea eta marra gorriak zehaztea tokatuko zaio bertsolaritzari.
Adimen artifizialak ezin du ezer egin bertsolaritzaren sarerik gabe –
Iratxe Muxika Karrionek, BERRIAn.
«Ahoz egindako inprobisaziozko sormena erabiliz sortzen dira bertsoak». Horixe da adimen artifizialak (AA) bertsolaritzari buruz egindako definizioa; kontatzen ez duena zera da, hura ere ari dela bertsotan trebatzen. Bertsolaritza adimen artifizialaren aroan ikerketa lana egin du Jexux Mari Irazu Muñoa bertsolariak (Larraul, Gipuzkoa, 1972).

Egin duzu inoiz bertsorik adimen artifiziala erabiliz?
Bai, froga moduan, eta informazio asko daukan arren, oraindik ez du bertsotarako gaitasunik hainbeste garatu. Oraindik kaskar samar egiten ditu bertsoak.
Sua hitzari buruz horrela amaitu du bertso bat: Sua ez baita hondatzen/ maitasunez eginik.
Asko hartzen du Interneten argitaratua dagoen artikuluetatik, eta ni ere harrituta geratu nintzen bertsolaritzaz zenbat gauza eta zer gauza dakizkien ikusita. Euskararen kalitatea ikusita ere sorpresa hartu nuen. Baina aurrera begira egiten du lan, eta errimak puntuz puntu osatzen ditu, nahiko kaskar.
Zer pentsatuko luke Lazkao Txikik?
Askotan pentsatu izan dut hori. Ematen du guri gertatzen zaizkigun aldaketak kristorenak direla, eta beste garai batzuetan pasatu zirenak ez direla hainbesterako; orain gertatzen ari dena inoiz gertatu ez den aldaketa bat dela. 1925 inguruan, Txirritaren grabaketa bat egin zuten estreinakoz, estudio batean. Lehendabiziko aldiz lapurtu zioten bertsolari bati ahotsa, eta haren ordez makina bat jarri zuten kantari. Pentsa, duela ehun urte, ahotsetik soilik kantari entzun duen bati haren arma kentzea eta bera ez den beste gauza batean jartzea kantari. Arraroa eta beldurgarria izango zen haientzat ere, eta uste dut gure kontu hori guztia beste pauso bat gehiago dela, ez besterik. Orain Lazkao Txikik hau ikusiko balu, harritu egingo litzateke, baina uste dut hark ere izan zituela beldurrak eta kezkak garai hartako teknologia zela eta.
Zertan sumatuko du adimen artifizialaren eragina bertsolaritzak?
Hemendik urte batzuetara, ezinbestean, bertsolaritzaren jardun gehienak adimen artifiziala oso presente dagoen inguru eta gizarte batean gertatuko dira. Jendeak informazioaren zati bat adimen artifizialetik jasoko du, eta hor posizionatzea tokatuko zaio bertsolaritzari: marra gorriak jartzea; zer onartu eta zer ez.
Zer ez du onartuko?
Bertso jarduna bera, plaza, ezin du ordezkatu. Bat-bateko bertso sorkuntza ezin du adimen artifizialak egin, hori beste mekanika bat da eta. Nire ustez, hesiz babestu eta zaindu beharreko eremu bat da plaza, hor ez dadin adimen artifizialik sartu. Eremu horretatik kanpo, egin dezake bere ekarpena: bertsolaritzaren inguruko informazioa gizarteratu dezake, edo informazioa antolatu, prozesatu, lana mekanizatu… Lanean dauzkagun prozesu batzuk erraztu edo arindu ditzake. Hori bai, jakin behar genuke non ari garen sartzen, itsu-itsuan mundu horretara sartu baino lehen.
Plaza ez, baina bertso eskola ordezka dezake?
Bertsolaria entrenatuko da ahal duen alde guztietatik, eta horretarako baliagarria baldin bada, baliteke erabiltzea. Informazio iturri bat den neurrian, lagundu dezake. Guri jarri izan dizkigute zenbait gai eta espresuki esan adimen artifiziala erabiliz jarriak direla, eta funtzionatu izan dute. Arriskutsua ez da zenbateraino den gai edo ez den, arriskutsua da pertsona batek egin beharko lukeen lana adimen artifizialak egitea. Bertso eskolan aritzea ez da informazio fluxu bat izatea bakarrik; harremanak sortzen dituzu, talde bat sortzen duzu, eta giro bat sortzen da. Hartu-eman hori oso garrantzitsua da bertsotan aritzeko, eta horraino ez da iristen adimen artifiziala.
Kezkatzen zintuelako egin duzu ikerketa?
Ez nintzen zuzenean joan ikerketa horren bila. Niri tokatu izan zait lanagatik-eta pentsatzea zer etorriko den gero. Alegia, garrantzitsua da arreta jartzea edukiko dugun bilakaeran, eta aurre hartzea etor litezkeen elementuei. Hasteko, irratiak izan zuen booma, gero telebistak, orain Internetek… eta, gero? Baneukan jakin-min hori. Bertsozale Elkarteak Kulturgintzaren Eragiletza masterra egiteko aukera eskaini digu eta hor sortu zen gaia ikertzeko aukera. Bertsolaritzan aritzen den edozeini eragiten dio; ez dago arau magikorik, ezta formula zuzenik ere, ahaleginduko gara ahalik eta ondoen egokitzen molde berrietara.
Helburu zehatzik izan duzu buruan?
Adituek diote adimen artifiziala luzarorako izango dela, eta inpaktu handia izango duela guregan ere; hala bada, moldaketa lanak egin beharko ditugu. Ni saiatu nintzen kokapen ariketa bat egiten, eta Antxoka Agirrek egindako ikerketa batean argi ikusi nuen azken berrehun urteotan bertsolaritzak egokitzapen lanak egin behar izan dituela une oro. Ideia horri pixka bat tiraka, pentsatu nuen akaso orain, garaiz samar ibilita, asmatuko genukeela nola egokitu. Bertsolaritzan asko hitz egiten da belaunaldien arteko transmisioaz, eta hori ezinbestekoa da. Baina orain zera tokatzen zaigu, teknologien belaunaldien arteko transmisioa egitea, eta eragile guztietan aritzea.
Zure bertso ibilbidea desberdina izanen zen adimen artifiziala erabili izan bazenu?
Ni Auspoa bildumen garaikoa naiz, eta hori izan da nire ChatGPT-a. Auspoa-ko liburuak hartu eta Lasarte, Basarri… denak ikasten genituen, hortik eta telebistatik jan dugu batez ere. Orain pentsatzen dut Internetetik ikasiko dutela asko, eta asko aldatu izango da ikasteko modua, baina ez dut uste jarduna hainbeste aldatzen denik erreminta batzuekin arituta edo aritu gabe. Oinarrizko gauzak ez dira aldatu, eta ez lukete inoiz aldatu behar.
Erabiltzea gomendatzen duzu?
Ni kontu horiek lantzearen aldekoa naiz, eta erabiltzearen aldekoa ere bai, baldin eta nola erabili asmatzen badugu. Plazako bertsolaritza hesitzen badugu, gustura hartuko nituzke bertsolaritzari ekar diezazkiokeen gauza on denak, baina motor lana zanpatu gabe. Azken berrogei urtean sekulako lana egin du elkarteak, eta bertsolaritza garatu bada, horregatik garatu da, baina lauso geratzen da hori. Sareak isilpean egiten du lan, eta askoz ere ahots gehiago ematen zaio teknologiari sareari baino. Adimen artifizialak ezin du ezer egin bertsolaritzaren sarerik gabe.
Nik lan honekin zera transmititu nahi nuke, motor sare hori teknologiaren parte dela, eta nahiago nuke teknologiaz aritzean ere sare horretaz ariko bagina. Suposatzen dugu gure mugimendu honek, beti hemen egon denez eta beti lanean aritu denez, iraungo duela, baina ez da behar bezala zaintzen. Sare oso sendoa ehundu du bertsolaritzak, eta sare horiek dira zaindu behar direnak. Ematen du gure egunerokoa teknologia berrietara egokitzeko bide bat dela, baina ez, sarea zainduko duen bidea izan behar du gureak, bestela alferrik ari gara.
Itzultzaile automatikoak bertsoa ezagutarazteko balioko du?
Hizkuntzaren teknologiaren inguruan ekarpen handia egin dezakeela uste dut, itzulpenak egin ditzakeelako eta bat-batekoak transkribatzen lagundu dezakeelako, adibidez. ChatGPT-a edo gisako ereduak hizkuntza aldetik lagungarriak izan daitezke; erdal hizkuntzetara zabal dezakete zer den bertsoa, eta baliteke hori gure onerako izatea.
LOTSABAKO
Bertso zahar bat?
Txirritarena, gerrari buruzkoa.Zeri kantatu diozu gusturen?
Saio batean airean geratu den gaiari, arriskatu beharrekoari.Zeri ez diozu kantatu inoiz?
Neure buruari.