Jon Lopategi 'Baltza', gogoan

Jon Lopategiren heriotzaren berri zekarren GARAko azalak 2019ko otsailaren 8an. «Bai, Jon! Badituk bost urte joan hintzenetik, baina oraindik hemen habil», egiaztatzen du Xabier Amurizak Etorkizuneko Artefaktu honetarako idatzitako artikulu eder honetan.

Jon Lopategi ‘Baltza’, gogoan –

Xabier Amuriza, NAIZen.


Jon Lopategi Lauzirika, ‘Baltza’, Muxikako Ariatza auzoko Aldauri baserrian jaio zen, 1934ko martxoaren 17an, eta 2019ko otsailaren 7an hil zen. Izen hori gogora ekartzeak barruak irabiatzen dizkit, nire bertso-lagun ohikoena bera izan zelako.

Jon Lopategi 'Baltza', gogoan
Xabier Amuriza eta Jon Lopategi, buruz buru Muxikan, 1992. urteko saio batean. (Xenpelar Dokumentazio Zentroa)

Oraintxe ere, Euskal Herrian zehar nabilenean, bazter guztietan sentitzen dut haren lorratza, halako pentsamenduz ezen: «Nola ibil naitekek hemendik, hura gabe?». Bosgarren urtea iritsi da joan zenetik, eta oraindik ez naiz ohitu hura gabe ibiltzen.

Lehen umezaroa Ariatzako auzo-eskolan eginik, Tolosako Sakramentinoen komentuan hamar urte egin zituen, orduko mutiko askori gertatzen zitzaien irteera ia predestinatuan, non seminarioak eta ordena ezberdin ugarietako komentuak beterik baitzeuden.

Lopategik 10 urte egin zituen. Horrek esan nahi du, lehen sei urteetako batxiler ikasketen ondoren, Filosofiako hiru eta Teologiako bat egin zuela. Nahiz eta karrera erlijiosoa izan, beste era batzuetako gai laikoak ere ikasi behar baitziren, esan dezakegu Lopategi karrera bat eginda atera zela komentutik mundura.

Bere garaiko goi mailako bertsolari karreradun ia bakarra bera zen. Nik ezagutu nuenerako, 1962 inguruan, bazuen bertsolari «ikasiaren» fama

Garai haietarako gauza handia zen hori. Gero, bere kontura, Magisteritza ikasi zuen, beharrezko bihurtu baitzen titulua, eskoletan bertsolaritza ematen jarraitzeko. 50 urterekin egin zuen hori, eta buru argia eta gogorra behar da horrelako lantegi batean sartzeko. «Ba, nik oso erraz egin nian!», esaten zuen, gainera. Kontua da, komentuko karrera hari esker, bere garaiko goi mailako bertsolari karreradun ia bakarra bera zela. Nik ezagutu nuenerako, 1962 inguruan, Lopategik bazuen bertsolari «ikasiaren» fama.  

Jon Lopategi 'Baltza', gogoan
Lopategi, ezkerrean, Donostian jokatutako txapelketa batean, 1967an. (Kutxa Fototeka | Wikimedia Commons)

Adibide esanguratsu bat da Gabriel Arestiren pasarte bat. Arestik bertsolaritzaz asko idatzi zuen, baita bertso asko idatzi ere. ‘Hierro’ izeneko Bilboko egunkari erdaldunean ere kolaboratzen baitzuen, 1962ko Mungiako eskualde-kanporaketaz idatzitako artikuluan, pasarte batek dio: «Quizá, como más conocido, a Lopategi le cupo en suerte una tarea más fácil, pero el verso que cantó, el verso que improvisó allí, delante del jurado y del público, fue uno de esos versos marmóreos, uno de esos versos que restarán en la memoria del pueblo, y que quedará en la antología de nuestra poesía amatoria, verso que mejora el original iparraguirreano, cuya traducción no puede expresar toda la prestancia, la elegancia, la poesía que Juan Lopategi supo darle».

Bertsoaren azken puntua emanda osatu beharreko proba zen, eta azkena Iparragirreren bertso baten amaiera hauxe zen: «Nere gustua egin nuen da orain bizi naiz dolorez». Lopategik kantatu zuen:

Enamoratu egin nintzan ni
behin udabarriko lorez
oso dotore zegoalako
goitik beheraino kolorez.
    

Ezkondu nintzan zoritxarrean
bihotz erdiko amorez
nere gustua egin nuen da
orain bizi naiz dolorez.

Zer zeukan bertso horrek Aresti hainbestean txunditzeko? Osagai bat baino gehiago, noski, baina esaten ari nintzena berretsiz, aire horretako ahapaldi bat nekez egin zezakeen orduan nagusi zen bertsolari-mota klasiko batek.

Lopategiri buruz mila gauza aipatu beharko lirateke, eta neuk ere atal luzea eskaini nion ‘Bizkaiko Bertsogintza IV. Hogeigarren mendea’ izeneko liburuan. Eta batez ere, Luis Baraiazarrak liburu mardula idatzi zuen, Jon Lopategi, bertsozko mezularia izenekoa.

Nik, neure aldetik, berarekin buruz buru eta librean egitea egokitu zitzaidan hainbat eta hainbat saiotan, sarritan pentsatu ohi nuen, saioan bertan zehar: «Zer zeukak ‘Baltz’ arraio honek entzuleengan horrelako eragin berehalakoa sortzeko?» Zeren batzuetan iruditzen zitzaidan bertso normal bat kantatu zuela, baina nahitaez zerbait izan behar zuen, entzuleen erreakzio bero eta txalotzaile hura lortzeko.

 

Oportunoa izateko sena eta malizia zuen Lopategik. Zernahiri aurkitzen zion ertz bat, une hartan entzulea atzemateko balio zuena

 

Azkenean uste dut iritsi nintzela harrapatzera Lopategiren dohain berezi nagusia. Oportunitatea. Oportunoa izateko sena eta malizia. Zernahiri aurkitzen zion ertz bat, une hartan entzulea atzemateko balio zuena. Eta bide berriak zabaltzen zituena.

Lopategiri, nire esperientzian behintzat, atzetik joatea gustatzen zitzaion. Baina hark, ohiki behintzat, ez zuen aurrekoa estaltzen edo zapaltzen, bertsolaritza klasikoaren helburu bat izan zitekeen moduan. Lopategiren «ertzak» zirritu berriak eta interesgarriak bezala ziren, nondik lagunak ere ertz berri eta ezberdinak aurki zitzakeen.   
 
Batzuetan zaila da «karisma» esaten zaion hori hitzetara eta esplikaziora ekartzea, baina ni konturatzen nintzen Lopategik entzule mota guztiengan sortzen zuela halako espektatiba entusiasta bat, berak, normalean, beti asetzen zuena. Eta nabaria zen bera horren jakile zela eta bere buruarekin konfiantza osoa zeukala.

Konfiantza horrek lagunari ere konfiantza ematen zion, halako eran non saioa, behintzat, segurtaturik ikusten baitzenuen. Nik, behin baino gehiagotan, asko hitz egiten baikenuen, haren trebetasuna baliatu nahirik, saiakera ezberdinak proposatzen nizkion, neurriz, errimaz, saioaren ibilbideaz eta abar, baina bera ez zen esperimentu berrien edo «nobistokierien» zale, berak esaten zuen bezala. Eta argudiatzen zuen: «Egiten dakiguna arrakastatsua bada, zertarako sartu nola irtengo garen ez dakigun bideetan?»

 

Batzuengatik esaten ohi duk «hutsune handia» utzi zutela, baina hirea «beteunea» esango nikek, zeren oraintxe ere, nonahi nabilela, entzuten baitut

«Oportunoa» esan dut, baina Lopategi argia zen. Malizia handikoa, «maliziaren» esanahi on guztietan. Baita esanahi bihurrietan ere. Gogoan dut nola behin, Iturenen, gizon bat etorri zitzaidan afan osoan, esanez: «Zer Amuriza? Zer nahi zenuen?». Ni sorbaldak uzkur gelditu nintzen, ez bainekien zer nahi izan behar nuen. Kontua zen gizona nahiko gogaikarria zela, nonbait, eta Lopategik majo asmatu zuen gainetik kentzeko modua, esan baitzion: «Amuriza hire galdez zebilek hor». «A, bai?». Eta han dator gizona niregana, hegoak arrastan. Lopategi ingeniosoa eta originala zen horrelako bihurrikerietan. Nahi zuen tokira iristeko eta nahi ez zuen tokitik eskapatzeko arte handiagorik ez dut inon ikusi.

Jon Lopategi 'Baltza', gogoan
Jon Lopategi, 2008. urteko irudi batean. (Jon Hernaez | Foku)

Bai, Jon! Badituk bost urte joan hintzenetik, baina oraindik hemen habil. Batzuengatik esaten ohi duk «hutsune handia» utzi zutela, baina hirea «beteunea» esango nikek, zeren oraintxe ere, nonahi nabilela, entzuten baitut: «Lopategik esaten zuen…», «Lopategik agintzen zigun…». Lopategik hau, Lopategik hori, Lopategik … Ba, segi ezak horrelaxe, haizenari eutsiz. Gaineko egunen batean, bidaliko diat norbait, esanez: «Lopategi hire galdez zebilek hor».

Jon Lopategi ‘Baltza’, gogoan Jon Lopategi ‘Baltza’, gogoan Jon Lopategi ‘Baltza’, gogoan Jon Lopategi ‘Baltza’, gogoan Jon Lopategi ‘Baltza’, gogoan Jon Lopategi ‘Baltza’, gogoan Jon Lopategi ‘Baltza’, gogoan