Haritz Mujika
Haritz Mujika

2024-02-17

Lokotx biltzea eta maitasuna

Orain hilabete egin nuen proba: hogei egur zati bi ilaratan jarri nizkien ikasleei, kutxatxo bana lehen zatiaren aldamenean zutela. Hamarna lokotxa bildu behar zituzten lau urteko haur irlandarrez osatutako bi taldeek. “Ready, steady, go!”

Lokotx biltzea eta maitasuna –

Lokotx biltzea eta maitasuna
Lokotx biltzea Zarautzen, 1916. Arg: Indalecio Ojanguren

Ez da ohikoena lokotx biltze proba ikusten ari bitartean “Let’s go, Luke!” edo “Come on, Hannah!” entzutea baina belarriak itxiz gero, hogei haur euskaldun zirela imajina nezakeen: masailak gorri, hankak bizkor, kopeta heze.

Harridura eragin zidana, ordea, zera izan zen: Irlandan ere haurrek urrutien dagoen lokotxa hartzen dutela lehendabizi. Azken-aurrekoa ondoren. Eta pixkanaka-pixkanaka, geroz eta tarte laburragoan baina mantsoago korrika eginez, guztiak saskiratu zituzten. Eta haur euskaldunek bezala ospatu zuten irabazleek garaipena eta haur euskaldunek bezala eskatu errebantxa galtzaileek.

Bigarren eta hirugarren txandetan ere ez zen animo eta lehia oihurik falta izan eta lortu zuen talde galtzaileak irabaztea eta irabazleak galtzea eta galtzaileak irabaztea, atzera berriro. Baina txanda horietan ere ikasleek azkeneko lokotxa bilduz ekiten zioten jokoari, esku-eskura zutena azkenerako utziz.

Ez dit zer pentsatu gutxi eragin Irlandako haurren joera euskaldun horrek; pentsatu izan dut “Urrutiko intxaurrak hamalau…”ri lotuta egon litekeela lehendabizi azkenekoa bildu nahia. Pentsatu dut baita ere kasualitate hutsa izan daitekeela, “I don’t know why!” egindako zerbait. Edo estrategia? Auskalo!

Nik, ordea, seguru xamar nekien euskaldunok lokotxak biltzeko estrategia hori ikasia genuela. Sozializazio prozesu baten emaitza. Baina hara non eta Irlandan, estrategia baino joera ote den sortu zait zalantza. Bulkada. Instintua. Ikasia ez dena, alegia.

Eta galdetu diot neure buruari beste gauza batzuetan ere ikasi eta jaso dugunari edo eman digutenari errua bota arren, ez ote dauzkagun gure baitan jaiotzez dakartzagun sentipen, bulkada eta joera batzuk. Nola lokotx biltzean, hala maitasunean. Gaur San Valentin eguna izanik, nola ez pentsatu horretan?

Lokotx biltzea eta maitasuna