Jon Maia. Geldialdirik ez duen ideia faktoria.

Jon Maia –

Ainhoa Larrabek idatzitako erreportajea, Berrian. 

………………………………………………………………………………………….

UDAKO SERIEA ZIRRIBORROAK ETA ZABORRONTZIAK (V). JON MAIA.

Geldialdirik ez duen ideia faktoria

 

Buruan du bulegoa Jon Maia bertsolariak, eta etenik gabe du martxan. Motibazioa da haren erregai nagusia, eta, horregatik, gizartean ekarpena egiten ari dela sentitu behar du egitasmo bat abiatu orduko. Ez da gidoi zehatzetan kateatzen, eta prozesua sorkuntzaren parte dela dio.

Jon Maia
Arg: Gorka Rubio

Koaderno beltza jarri du mahaiaren gainean, baina apenas duen oharrik barruan. «Zerbait ekartzearren hartu dut. Baina hutsik dago, hala ere». Buruan darama dena Jon Maia sortzaileak (Urretxu, Gipuzkoa, 1972), eta martxan dituen egitasmoen karpetak ongi bereizita dauzka bertan. Papera eta boligrafoa erabili beharrean, memoria da Maiak sortzeko duen tresna nagusia. «Burua da nire bulegorik onena». Urte luzez eduki dezake egitasmo bat garunean bueltaka, harik eta azken urratsa egiten duen arte: epe bat jarri. «Neure burua behartzeko modu bat asmatzen dut». Hiru egitasmo bukatu ditu aurten: Berriak jaio ginen saiakera, Ele! Lorca-Lauaxeta antzezlana eta Gutik zura dokumentala. Hiru sorkuntza eta hiru esparru. Bertsolari, idazle, abeslari, letragile eta dokumentalgile lanetan aritzen da, baina asmo bakarrarekin sortzen duela dio. «Sentitu behar dut egiten dudan horrek zerbait ekartzen duela». Zaborrontzirik ez du sortzaileak: egitekoen artean izan duen oro gauzatu du. «Zorionez, buruan izan dudan guztia egin dut orain arte». Inon arrastorik utzi gabe agertzen eta desagertzen dira zirriborroak Maiaren kasuan.

Bueltaka zein ideia edo proiektu berri darabilen asmatzea zaila bada ere, ziurtasunez esan daiteke atseden uneak gutxitan izaten dituela Maiak buruan. Azken hilabeteetako uzta izan daiteke sortzailearen ideia faktoriaren isla: liburu bat, dokumental bat eta antzezlan bat bukatu berri ditu. Makinak gelditu dituela dio. «Uda garaira lan guztiak eginda iritsi nahi nuen». Entrenatzen segituko du datozen hilabeteetan ere, irailean abiatuko den 17. Bertsolari Txapelketa Nagusian baitu orain gogoa. Hain zuzen, 1997ko bertsolari txapelketan Maiak abestu zuen azken agurra da Berriak jaio ginen liburuaren (Lanku) abiapuntua. Orduan 25 urte zituen, eta Donostiako belodromoko oholtza gainean abestu zien Extremadurako eta Zamorako guraso eta aitona-amonei. Hogeigarren urteurrenean eraman ditu bizipenak paperera.

Azken emaitzan jarri ohi da arreta: sorkari fisikoan, entzun, irakurri, ukitu edo ikus daitekeen horretan. Baina sumatzen ez den hori da, hain zuzen, bertsolariaren lanetan toki gehien hartzen duena. Saiakera idazteko ideia zortzi urtez izan du buruan. «Buelta asko ematen dizkiot egin nahi dudan horri edo izan dezakedan ideiari. Gertukoen artean ere komentatu nuen liburuaren ideia, baita editoreekin ere». Sei-zazpi urteren ondoren hasi zen buruan zuen asmoa gauzatzen. «Behin erabakia hartuta, hasi, eta azkar bukatzen dut». Gakoa: entrega data edo epea. «Erabateko presiopeko funtzionamendua da nirea. Bertsolaria izanik, presiopean sortzera ohitu naiz». Zirriborroetarako denborarik gabe sortzen du Maiak.

Egin ahala sortuz

Gidoi eta eskema itxia eduki baino, bidea nahiago du. Zirriborrorik ez, hortaz: sortu ahala sortzen jarraitzen du bertsolariak. «Prozesu guztian jarraitzen du sorkuntzak». Gazta zati bat dokumentala (2012) jarri du adibide gisa, hura baita, sortzailearen iritziz, adibiderik behinena. Autodeterminazioari buruzko filma egiteko eskatu zion Nazioen Mundua Goierriko herri taldeak, eta Maiak berehala heldu zion egitasmoari. «Asko hausnartu nuen gaiaz, baina ez nuen lortzen gidoirik egitea. Orduan, erabakitzeko eskubidea inor gutxik ezagutzen zuen, eta Eskozia eta Kataluniako egoeraz ere apenas genekien ezer».

Filmean bertan azaltzen du gidoirik gabe hasi zela lanean, Eskoziari buruzko informazioa Euskal Wikipedian bilatuz. «Hastea erabaki genuen, eta sortu ahala zehaztuko genuela nondik jo. Egitasmoa abiatu eta jarraian, Eskoziak erreferenduma egiteko galdera aurkeztu zuen; hemen, Aieteko Konferentzia gauzatu zen…». Zurrunbilo horren erdian, Maia, gidoi zehatzik gabe. «Gure herriko historiaren gertakizun garrantzitsuenak ari ginen grabatzen, eta bakarrik idatzi zen gidoia. Gu gertatzen ari zen guztiaren ehiztariak besterik ez ginen izan».

Beste hiru dokumental egin ditu bertsolariak: Bidaia intimoak(2009), Apaizac obeto (2010) eta Gutik zura (2016), eta ez du beharrik izaten egingo duena aldez aurretik paperean idazteko. Nolanahi ere, ez da hutsetik abiatzen. «Normalean, norbaitek eskatuta egiten dituzu pelikulak, eta beti erakutsi behar duzu zerbait: zein den duzun ideia edo zer den kontatu nahi duzuna. Eskema orokor bat, alegia».

Gidoi zehatzik ez du. Grabazioen momentuan edo muntaketan gauza asko erabakitzen dituela dio Maiak, eta aurrez pentsatutakoa guztiz alda dezakeela horrek. «Zailtasunak egon daitezke lana eskatu dizunari aldaketak egin dituzula ulertarazteko orduan. Hark garantiak nahi ditu, eta zuk, aldiz, konfiantza eskatzen duzu». Egin ahala sortu, eta sortu ahala findu. Hala laburtu du sortzeko duen era. «Kantari batzuek diskoa grabatzen dute, eta gerora egiten dute kontzertu itzulia. Beste askok, kantuak egin, urte luzez jo, eta eboluzionatzen utzi ondoren egiten dute grabazioa. Niri azken hori gertatzen zait».

Motibazioa osagai gisa

«Inoiz ez dut idatzi idaztearen plazeragatik». Motibazioa behar du bertsolariak sorkuntzarako, eta oinarri hori dute egin dituen lan guztiek: era batean edo bestean, ekarpena egiten ari dela sentitu behar du. «Sortzaile gisa, oso konprometitua sentitzen naiz bizi naizen garaiarekin eta gizartearekin. Balio horiekin hezi naute, eta horrela hazi naiz pertsona gisa ere. Beti pentsatu izan dut neure buruaz gaindi, neure buruan baino gehiago, eta, horregatik, arrazoi soziala izaten dute nire sorkuntzek, Euskal Herriari begira eta beste mundu bat eraikitzeari begira».

Gizartean eragiteko tresna baliagarria da artea, sortzailearen iritziz. «Eduki dezakezu oso ekarpen interesgarria ala oso diskurtso ona eta beharrezkoa. Baina zure planteatzeko modua aspergarria baldin bada, ez da inorengana iritsiko». Bertsolariak sortutako Kantu bat gara pieza izan daiteke horren erakusgarri. Donostiako belodromoan Arnaldo Otegiri egindako ongietorrian testu bat irakurtzeko eskatu zioten Maiari, eta 54 euskal abesti ezagun batu zituen lana osatzeko. Arrakasta handia izan zuen bertsolariaren lanak, eta asko hedatu zen gero sare sozialetan.

Erraza bezain nekeza egin zitzaion testua osatzea. «Ekitaldi politiko batean zerbait irakurtzeko eskatu zidaten. Bertsotan aritzeko eskatu izan balidate, erraza izango zen. Baina nik sortutako testu bat irakurtzeko esan zidaten, eta ez naiz ez politikari eta ez idazle. Horrek eraman ninduen beste formula batean pentsatzera, eta hainbat kantu hartuta egin nuen narrazioa». Aldez aurretik, buruan bazuen halako zerbait sortzeko gogoa, eta ordenagailuko karpeta batean bazituen bukatutako eta bukatu gabeko poema gutxi batzuk ere. Norbaitek epea jartzea falta zuen, nonbait. Aitortu du denbora luzea eman zuela zer egin pentsatzen eta burua astintzen. «Argia ikusi nuenean, erraza izan zen». Zirt-zart: ordenagailuaren aurrean eseri, eta bi orduren buruan bukatuta zeukan lana.

Konpromisoa du erregai nagusi Maiaren sorkuntza faktoriak, eta proposatzen dioten ezer gutxi baztertzen du horregatik. Denak ditu bere bainak, ordea. Hala aitortu du: «Bide honetan guztian, baditut nire damuak eta nire hildakoak. Batzuetan ez naiz iritsi dena egitera, bere momentuan ezetz esaten jakin ez dudalako». Ikasten ari dela dio bertsolariak. «Asko kostatzen zait ezetz esatea».

Ondorengo une gazia

Ez dio beldurrik orri zuriari. «Konfiantza dut aurrera aterako naizela. Bihar esaten badidate nazioarteko foro batean parte hartzeko, banoa. Beldurra pasatzen dut, baina ausartu egiten naiz. Ikasi dut neure buruari mugarik ez jartzen, eta horrek eman dit aukera inoiz egingo ez nituzkeen gauzak egiteko». Sortu ondorengo uneetan tentsio puntu bat izaten du, ordea. «Ez da zerbait egin eta ahaztea. Sufritu ere egiten dut». Argitaratu berri duen liburuarekin ere pasatu zaio hori. «Behin inprentara bidalita, damutu egiten naiz. Berehala pasatzen zait, baina entregen ondorengo une horiek latzak izaten dira».

Sortu ondoren, sorkarien bideari jarraitu ohi dio Maiak. Baina alderantziz ere gertatu izan zaio; hau da, haren sorkariak bera atzetik segika izatea. «Bertsotan nabilenean, adibidez, sarritan ateratzen didate Ternuara egin nuen espedizioarena, adarra jotzeko edo gai moduan. Bakarra egin dut bizitza osoan, baina betirako pertsegituko nau. Gauza bera Gazta zati batdokumentalarekin ere. Istorio horiek guztiak nirekin datoz beti».

Gauza bera geratzen zaio euskal taldeentzat idatzi dituen hitzekin ere. Izan ere, berrehun abesti baino gehiago ondu ditu Maiak. Berak sortutakoa da Gozategiren Nirekin abesti sonatua, adibidez, «emoixtaxux muxutxuek» lelo ezaguna zuena. Zaborrontzira botatako beste hitz batzuen emaitza da hain arrakastatsua izan zen abesti hura. «Beste letra bat nuen buruan, eta, Gozategikoei entregatu eta hiru egunera, beste bat eman nien». Besteak beste, Negu Gorriak, Gari, Benito Lertxundi, Anari eta Ken Zazpi taldeentzat idatzi ditu hitzak. Burutik etxeko ordenagailura eramaten ditu horiek ere, inon arrastorik utzi gabe.

Zaborrontzirik ez du sortu nahi Maiak. Ez oraindik. «Esateko zerbait dudan bitartean segituko dut sortzen». Orain arte bezala, bururatzen zaiona gauzatzen jarraitu nahi du bertsolariak. Eta pentsamenduen zirriborroetan utzi du idatzita datozen urteetako asmoa ere. «Inoiz egin ez ditudan gauzak egin nahiko nituzke».

Jon Maia