Jone Larrinaga: «Bertsolaritza hazi egin da eta lehen baino anitzagoa da»

Jone Larrinaga –

Leire Larrazabalek, El Correon.


Mungiar gazteak hamar urte baino gehiago daramatza ikastetxeetan bertsolaritza klaseak ematen, «bertsoarekin jolasean eta gazteenei bertsolaritza egungo arte bat ere badela helarazteko ahaleginetan», azpimarratzen du

 

Jone Larrinaga

 

Datorren abenduaren 16an 2023ko Bizkaiko Bertsolari Txapelketaren finala ospatuko da, Bilbon, Miribillako Bilbao Arenan hain zuzen ere. Xabat Galletebeitia, Jone Uria, Nerea Ibarzabal, Onintza Enbeita, Oihana Bartra, Gorka Pagonabarra, Aitor Etxebarriazarraga eta Aissa Intxausti igoko dira oholtzara; zortzikote horretatik irtengo da aurtengo garailea. Nork jantziko ote du txapela? Jone Larrinaga bertsolari mungiar gazteak lan bikaina egin du txapelketa honetan ere, nahiz eta finalaurrekoetan geratu.

Eskarmentu handiko bertsolaria da Larrinaga, ez dago zalantzarik, bere ibilbidea begiratzea besterik ez dago. Izan ere, azken 12 urteetan, «bertsolaritzaren transmisioan dihardut lanean Bertsozale Elkartean, hezkuntza arautuko irakasle gisa eta udalekuetako begirale bezala», laburbiltzen du. «Taket, Uribe Butroeko bertso eskolako partaide ere banaiz eta eskola hau izan da bertsotan hasi nintzenetik etxe izan dudana», gaineratzen du.

– Nola sortu zitzaizun bertsolaritzarako grina?

-Ez dut familia bereziki bertsozalea, umetan ez ginen bertso saioetara joaten. Baina, 6.mailan ikastolan bertsolaritza lantzeko aukera izan genuen Jon Lopategiren eskutik eta bertan mundu berri bateko ateak ireki zitzaizkidan. Gainontzekoak, ikasturte horren inertziaz bezala heldu direla esango nuke.

Hezkuntza arautuaren programan aritzen zara. Azalduko diguzu zertan datzan?

-Bertsozale Elkarteak ikastetxeetan bertsolaritza klaseak emanez, gizarte zabalak bertsolaritzaren berri izatea (oinarrizko ezagutza bat izatea) eta ahalik eta gazte kopuru handiena zaletzea bilatzen du. Honetarako, ikastetxeetako Lehen Hezkuntzako 5. eta 6. mailetan aritzen gara bertsoarekin jolasean eta gazteenei bertsolaritza egungo arte bat ere badela helarazteko ahaleginetan.

Eta, are gehiago, bertso udalekuetan ere begirale lanetan ibili zara.

-Duela bi uda eten nuen bertso udalekuetako jarduna, ikasturtean zehar Bizkaia mailan antolatzen diren gazteentzako barnetegietara begirale gisa joaten jarraitzen dudan arren. Bertso udalekuak Euskal Herri osoko bertsozale gazteak elkartzeko komunitate txiki bezala ulertzen ditut nik; askorentzat haien eguneroko errealitate ez euskaradunetatik atera eta oasi batean egun batzuez bizitzeko espazioa da.

Bertsolaritzak garai onak bizi ditu. Artista handiak goitik behera, punta-puntakoak.

-Bertsolaritzak azken urteetan izan duen bilakaeran, kualitatiboki igoera nabaria emateaz gain, kuantitatiboki ere hazi da bertsolaritza. Honek gure ekosistema lehen baino anitzagoa izatea eragin du eta hor aurkitzen diot nik xarma bertsoari. Ez nuke bertsolari baten izena aipatu nahiko, bertsoak dituen espazio ezberdinetan bertsolari guztiok kabitzen garelako: emakumeak, gizonak, baserri mundukoak, hiritarrak, ama hizkuntza euskara dutenak eta inguru erdaldunetan hazi direnak…Interesgarria da bertsolari bakoitzak bere onena non ematen duen arakatzea eta entzule ezberdin beste plaza mota sortzea bertsolariontzat.

«Euskarak norbanakoen konpromisoak eta erakundeen lankidetza behar ditu»

 

Hementxe dugu Euskararen Eguna. Zein da zure hausnarketa jardunaldi honi buruz? Eta zer gertatzen da beste 364 egunekin?

-Euskarak bere nazioarteko eguna behar duela uste dut, zapalduta bizi den orok bere burua errebindikatzeko tenorea behar duelako. Hala ere, ez zait gehiegi gustatzen data horren inguruan sortzen den folklorismoa eta euskarak 365 egun dituenez, egun honetan euskara ospatzen ikusten ditudan asko ikasturte osoan zehar euskaraz bizitzeko ahalegina egiten ikustea gustatuko litzaidake. Gure hizkuntzaren normalkuntza guztion ardura dela sentitzen dut.

Gazteekin lan egiten duzu; nola ikusten duzu haiek euskararekiko duten jarrera?

-Uribe Butroera zentratuko dut nire erantzuna, hemen gazteek ez dute euskara gorroto. Baina, orokorrean hizkuntza akademiko moduan ulertzen dute eta haien aisialdirako gaztelerara jotzeko joera dute. Nire ustez, ikuspegia Euskal Herrira zabalduta, erantzuna ezberdina litzateke inguruaren arabera.

Aurrerapausoak ematen ari garela uste duzu? Edo euskarak oztopo ugari ditu oraindik?

-Euskara potentzia diren hizkuntzekin elkarbizi da, oztopoak dituela jakina da, ez naiz ni egun duen egoera deskribatzen hasiko. Aurrerapausoei dagokionez, iruditzen zait badagoela euskararen biziraupenarekin kontzientziatuta dagoenik, baina ia gauzen gehiengorako bezala, dirua eta agintarien erabakiek papel garrantzitsua jokatzen dute. Euskarak norbanakoen konpromisoak eta erakundeen lankidetza behar ditu, biak behar ditu.

Nola ikusten duzu euskara Mungialdean? Eskolak, ikastola alde batera utzita, kalean, etxean euskaraz astintzen dugu edo errazago ateratzen zaigu gaztelania? Zein da joera?

-Azken urteetan Larrabetzun bizi banaiz ere, nire egunerokoak Uribe Butroera oso lotuta jarraitzen du eta Mungian pasatzen ditut astegun gehienak. Zintzoa izanda, burbuila baten bizitzearen sentsazioa da nirea, denek hitz egiten didate euskaraz, ez naiz inon nik euskaraz hitz egin eta aurpegi txar bat jasotzearen beldur; baina, elkarrizketa ez bada nirekin, inguruan gaztelania entzuten dut nagusiki. Ezagutza badago, baina euskararen aktiboak falta dira inguruotan.

Jone Larrinaga Jone Larrinaga Jone Larrinaga Jone Larrinaga