Josu Sanjurjo | Hegazkineko low cost bertsoak

Hegazkineko low cost bertsoak –

Berriatik.


Hegazkineko low cost bertsoak
Irudia: Xaloa TB

Lesakan (Nafarroa) jaioa, 1993an. Zortzi urterekin hasi zen bertso eskolan. 2005 eta 2007an Nafarroako Eskolarteko Txapelketa irabazi zuen, txikien mailan, eta 2011an gazte mailan izen zen garaile. 2021ean lehenengoz sailkatu zen Nafarroako Bertsolari Txapelketako finalerako, eta zazpigarren postua erdietsi zuen. 2023ko txapelketan ere finalean izan zen; seigarren izan zen orduan.

 
 

 

Milanera bagoaz

poz pozik bidaian

kurtso bukaera hau

itxuratu nahian

hodeiak zuri daude

zeruko sabaian

Frantziako lautada

begien bisaian

eta ni bertso sorta hau

idazten mahaian.

 

Azafatoak bueltaka

daude honezkero

Italieraz esaten

«Buona sera, prego»

eskuinean gizon bat

erdi lotan edo

ezkerrean gazte bat

ni erdian bero

pixalez nago baina

eginen dut gero.

 

Boeing 347-ak

zaharkitu hotsa

Miarritzetik ordu

t’erdiz tarte motza

turbulentzi hauekin

zein une zorrotza

mareatzen hasi naiz

dardarka bihotza

eskatuz kobratuko

al didate poltsa?

 

Eguzki izpi argi

ta zeru urdinak

ikusten diren bistak

aldera ezinak

uniformearekin

zein langile finak!

noraino eragina

daukan marketinak

zeruan ere salgai

daudela lurrinak.

 

Motxilan kamisetak

eta hiru galtza

hala moduz sartuta

bizkarrera altxa

Berriozarren jaiki

Milanen arratsa

nahiz mundu global hau den

oraingo ardatza

ametsetan hegaka

ez al gara pasa?

 

Ohartu gabe Milan

begien aurrean

pentsatuz Plaza Duomon

eta free tourrean

hegazkina heldu da

luze laburrean

asko bizi garenez

brontzean, urrean

noiz jarriko ditugu

bi hankak lurrean.

Hegazkineko low cost bertsoak