Joxean Agirre: «Bertsolariak izugarri maitatuak ziren eta jendeak jakin-mina zuen»

Joxean Agirre –

Amagoia Mujikak Gaur8-n.


 

«BERTSOLARI» ALDIZKARIA, 30 urtean bertsoari jositako 17.000 orrialde

 

«Bertsolari» aldizkariak 30 urte. Bertsolaritzan espezializatutako argitalpenak 120 ale osatu ditu eta 121. zenbakia martxan da. Ia 17.000 orrialde, 10.000 argazki baino gehiago, mila protagonistatik gora, 430 sinadura desberdin. Entziklopedia baten tamaina eta mamia.

 

Joxean Agirre
Arg: Jon Urbe / FOKU

 

1980ko Euskal Herriko Txapelketako finalari, egunkari guztiak batuta, hamabi orrialde eskaini zitzaizkion. 80ko hamarkadan, bertsolaritzari buruz idazten zenean ez zen kultura sailean argitaratzen; euskal gaietan edo gizartean adibidez. “El Diario Vasco” egunkarian Basarrik eta Zabalak idazten zuten –arrakastaz–, baina haiek zekarten diskurtsoa lehendik zetorrenaren segida zen; bertsolari zaharra, berezkoa, baserri ingurukoa…

Bertsolaritzari buruzko lehen gehigarria “Egin” egunkariak argitaratu zuen 1986. urtean. Era berean, bertsolaritzan gertatzen ari zen berritasuna, iraultza, “Egin” egunkariko orrialdetan hasi zen jasotzen; Bertsozale Elkartearen dinamika, bertsolari gazteen jarduna, sortzailearen erronkak… «Kazetaritza berritzen ari zen, modernizatzen. Guk ‘Egin’-en bagenuen kazetaritza berritzeko grina. Era berean, bertsolaritza ere berritzen ari zen. Eta parean egokitu ginen batzuk eta besteak», gogoratu du Joxean Agirrek, “Egin”-eko kazetaria eta “Bertsolari” aldizkariaren sortzailea eta zutabea urte askoan.

Giro horretan sortu zen “Bertsolari” 1991. urtean. Bertsozale Elkartea 1987tik martxa betean zegoen, bertsolaritza bide berriak esploratzen hasia zegoen, bertsolariak boladan zeuden. «Gogoratzen naiz garai hartan lankide bati entzun niona: ‘niri ez zait bertsolaritza gustatzen, niri bertsolariak gustatzen zaizkit’. Exajeratzen hasita, aldizkaria filosofia horren bueltan sortu zela esan daiteke. Bertsoak entzun nahi zituenak irratia zeukan, bide paregabea. Telebistan dagoeneko ‘Hitzetik Hortzera’ zegoen eta etxe guztietara iristen zen. Baina sakontzeko akaso idatzia da onena. Aldizkaria sortu zen bertsolariak bere ofizioari buruz dauzkan ikuspegiak, nekeak, penak eta bizipenak publiko zabal bati ekartzeko. Hori zen helburua».

Andoni Egañak askotan esaten duenez, bertsolaria ez da divoa, jende artetik igotzen da oholtzara eta jende artera bueltatzen da saioa bukatutakoan. «Tira, bertsolariak ez dira divoak, baina tabernan haiekin garagardo bat hartzeko oso gertukoa izan behar duzu. Eta uste dut jakin-mina badagoela, jendeak jakin nahi du nola entrenatzen den, nola dabilen plazaz plaza, profesioa nolakoa den… Sortzaile askori egiten zaizkion ohiko galderak dira; ez bere lanari buruz, baizik bere sortzeko prozesuari buruz. Hori izan zen hasieran aldizkariaren abiapuntua. Gero, poliki-poliki, espezializatutako aldizkari bati dagozkion alorrak sartzen joan ziren, ikerketa akademikoa kasu».

Mañukorta bizarra mozten, Egaña seme jaioberria besoetan hartuta, Uliako sorgina Peñagarikanori tarot kartak irakurtzen, Jon Maia eta bere ‘abuela’, plazan aritutako emakume bertsolariak, apaiz bertsozaleak… Bertsogintzari eta bertsolariei punta atera dien txorroskiloa izan da aldizkaria. «Gaur egun horietako gauza batzuk egitea erridikulua da agian. Baina garai hartan oso arrunta zen sortzaileen etxeetan eta bizitzetan barruraino sartzea. Bertsolariak izugarri maitatuak ziren eta jendeak jakin-mina zuen, haien bizipenak ezagutu nahi zituen. Horrekin jokatzen zuen aldizkariak. Baina sekula ez dugu arazorik izan haien intimitatea urratzeagatik. Egia da batzuk besteak baino erosoago sentitzen zirela, bazirela deseroso sentitzen ziren bertsolariak eta baita haserretu direnak ere. Baina orokorrean sintonia ona zegoen, bertsolariak prest zeuden», esan du Agirrek.

Gauzak aldatu dira, neurri batean behintzat. «Nik uste dut orain bertsolariek asko kontrolatzen dutela eman nahi duten irudia, eman nahi duten mezua. Baina jendearen jakin-mina ez zait iruditzen aldatu denik. Orain ere gustura jakingo luke bertsozaleak Maialen Lujanbiok zer ohar hartzen dituen koadernoan, zer gordetzen duen ordenagailuan, nondik nora josten dituen ideia jenial horiek, saio aurretik zer egiten duen… Egañak, aldiz, garai hartan kontatzen zuen zer alkohol mota edan behar zuen bezperan hurrengo egunean era bateko bertsokera egiteko. Eta alkoholez aldatu eta beste bertsokera bat ateratzen zitzaion. Haiek ere beren sorkuntzaren misterioak deskubritzen ari ziren eta guri parean egokitu zitzaigun talde pribilegiatu bat».

Elkartea sortzeko beharra ikusi zuen bertsolari belaunaldi bat zen, saio mordoa egiten zuena, plaza handiak eta jendetsuak astez aste betez, bertsolaritzaren inguruan teorizatzen hasia zena, munduko inprobisatzaileak deskubritu zituena. Apar horretan sortu zen “Bertsolari”. «Amurizak irekitako bidean sartu ziren bete-betean bertsolari horiek. Sarasuak esaten du ‘intuizio mailako ikerketa’ izan zela eta Egañak esaten du ‘praktikan oinarritutako ikerketa’ zela. Ez dakit zer izan zen, baina izugarri interesgarria zela badakit. Gero, oso garbi zeukaten komunikabideetan agertu behar zutela, bertsolaritza zabaldu nahi zuten eta horretarako bideak probatzen ari ziren».

Bertsozale Elkartetik apartekoa da “Bertsolari” aldizkaria. «Nik joera obsesibo bat daukat, gauza bat buruan sartzen zaidanean… garbi ikusten nituen lehen aleak, buruan neuzkan, baina inprentaren gastuei aurre egitea falta zen. Gau batean, lanetik atera eta Joseba Jakaren etxera joan nintzen. Berandu zen, afalduta zegoen dagoeneko. Bere etxe inguruan zegoen taberna batera jaitsi ginen eta gogoratzen naiz whiski bat eskatu zuela. Nik nire azalpen guztiak bota nituen, luze. Bukatu nuenean esan zidan aurrera egin behar zuela. Bere anaia gazteari, Santiri, laguntza eskatuko ziola esan zidan. Ia urtero izan dugu dirulaguntzaren bat. 15-20 urtean aritu ginen koordinatzen dirurik kobratu gabe, zaletasun modura. Gero, gainera, ez dugu inoiz azpiegitura finkorik izan. Baina aurrera segi eta segi, iraun dugu. Durangoko Azokara joan ginen lehen urtean jendea errenkadan egon zen harpidetza egiteko. Eskaera bazegoen».

Bertsolarien giroa aldatu ahala joan da aldatzen aldizkaria. «Oraingo bertsolariek asko kontrolatzen dute esaten dutena, erakusten dutena. Egia da hasierako urteetan deskontrol pixka bat egon zela, baina sekulako xarma zeukan. Egia da, hala ere, aldizkariaren lehen urteetan plazaz plaza zebiltzan bertsolari haien ibilerek eta gaur egungo bertsolarienek ez daukatela zerikusirik. Oraingo belaunaldiak ez dauka kanpora agertzeko hainbeste beharrik».

Agirreren buruan obsesio txiki forma zuen ideia hark 30 urte bete ditu. «Askotan pentsatu izan dut mirari txiki bat dela martxan jarraitzea».

Joxean Agirre
Joxean Agirre
Joxean Agirre