Murr(h)itzak

Oihana Iguaran

Oihana Iguaran

2021-03-22

Murr(h)itzak –

Badira erabiliaren erabiliaz agortzen zaizkigun hitzak, esanahiz hustu ditugunak hainbeste baliatzeagatik; ezin zitekeen bestela. Benetan sentitu aurretik erabiltzen ditugu batzuk, eta gero, sentipen horrek hartzen gaituenean txiki geratzen zaizkigu, ez digute balio eta antzu sentitzen ditugu ahoan (zenbat “maite zaitut” goiztiar, heltzen utzi gabe ahoskatuak); plazer handi bat izan da. Beste batzuk, heldu zain gordetzen ditugu, benetan baliatzeko momentua iritsiko denerako kontserban. Askotan bertan iraungitzen dira, edo ahoskatu nahi ditugunean amaraunak trabatzen zaizkigu eztarrian, eta hautsak eragindako eztul bat baino ez zaigu irteten; asko maite zaitut ama.

Lehen bertsoa egin genuenetik gabiltza hitz egoki bila, etengabeko zehaztasunaren bilaketan, errimak behartutako metaforez harago barruan duguna deskribatzeko bide xerka; brujula. Eta aurkitzen ditugu hitz egokiak tarteka, jendeak sentitzen duen horrentzat. Batzuetan bada ere, lortzen dugu jendea hunkitzea, halakoren ezkontzarako bertsoei zuriaren eta ziriaren arteko oreka aurkitzea; beste haren hiletarako oroiminaren eta muinaren bitarteko esaldia sortzea … lortzen dugu zertxobait, inoiz edo behin.

Baina gero heltzen dira benetakoak, barru-barrua astintzen digutenak, eta ez gara gai bertso hori eraikitzeko. Esamolde guztiak sumatzen ditugu erreak, inoiz guk sentitu gabe idatzi edo kantatu izan ditugu inorentzat, eta orain, guk behar ditugunean, bigarren eskuko sentitzen ditugu. Mila roletatik kantatu dugu, mila enpatia lan egin dugu jendearen bizipenei hitzak jartzeko. Eta gugana iristen direnean, hitz guztiak zaizkigu murritz. Eta gu gara bertso hori sortu behar dugunak, espero da, eskatzen zaigu (normala, edonorentzat egin dugunez gero); eta ez gara gai. Eta gure etxekoak dira euren une polit eta gogorretan gure bertsoak entzun gabe geratuko direnak sarri, ordura arte baliatutako hitzek ez digutelako balio, ez zaigulako ahotsik irteten maite dugun hori agurtzeko.

Oihana Iguaran

Murr(h)itzak