Kepa Matxain: “Bertsolari baten autore-zigilua nekez sostengatzen da irizpide ideologiko hutsetan”
Kepa Matxain ezagutzen dugunok badakigu azken urteotan “tesigintza” izan duela jardun nagusi. Informalki eta gainetik entzun dizkiogu horri buruzko kontu-komeriak. Abenduan aurkeztu zuen, baina, eta lehen lausoa zena orain 500 orrialdeko PDF bat da. Besteak beste, bertsogintzarako kontzeptualizazio integral bat proposatzen du.
Bertsolari baten autore-zigilua –
Danele Sarriugartek, ARGIAn.
Kepa Matxain Iztueta (Añorga, Donostia, 1991)
Ikus-entzunezko Komunikazioan graduatua eta Filosofian doktorea da, Euskal Herriko Unibertsitatean. Hiru Damatxo ekoiztetxean aritu da hainbat urtez, eta gaur egun EHUko Hizkuntza eta Literaturaren Didaktika Saileko irakaslea da. Ikerketa interes nagusiak hauek ditu: kultur praktika popularrak, eferbeszentzia-une komunitarioak, ahozko tradizioa, landa-kulturak, eta, oro har, estetikaren eremu zabala, hitzaren zentzurik oinarrizkoenean: esperientzia sentigarrien ezagutza, alegia.

Bertsolaritzari buruzko tesia amaitu berri duzu. Zer moduz?
Futbolari baten hizkeran erantzun behar banizu, erantzungo nizuke dena eman dudala zelaian, baina hurrengo partidan daukadala burua [barreak].
Oraingoz, bukatu berri duzun partidan geratuko gara. 2015eko eta 2017ko bertso-txapelketen harira, kronikak idatzi zenituen ARGIAn. Hortik piztu zitzaizun tesirako harra.
2015ean, Estitxu Eizagirrek deitu zidan ea animatuko nintzen Gipuzkoako Bertsolari Txapelketako kronikak egitera, eta askorik pentsatu gabe eman nion baiezkoa. Orduan, nire burua topatu nuen polikiroldegiz polikiroldegi, lau orduko saioak tragatzen eta idatzi beharrean. Irizpide bat sortzeko beharra sentitu nuen.
Aniztasun handi bat ikusten omen zenuen.
Jendeak esaten zuenean zergatik bertsolari batek hemen asmatu zuela, baina hemen ez, iruditzen zitzaidan irizpide horien azpian oso erro sakonak zeudela; nik ez nituen ulertzen, eta ulertu nahi nituen. Hitzetara ekarri gabeko errealitate zabal bat susmatzen nuen, eta hitzetara ekarri nahi nuen.
Nondik abiatu zinen?
Nire hasierako galderak oso ontologikoak ziren. Funtsera joan nahi nuen. Zein dira bertsogintzaren funtsezko ezaugarriak? Non datza bere espezifikotasuna? Galdera horiek motor bezala balio izan zidaten, baina ikerketako momentu batean ikusi nuen azken batean bertsoa ez dela objektu itxi bat. Bertsoak 200 urte pasako historia dokumentatua dauka; bizirik dago, eta etengabeko mutazioan. Has zaitez mutazioez haragoko azken funtsa izendatzen! Tope bat ukitu nuen, edo, hobeto esanda, etsi behar izan nuen definizio zabal eta pragmatiko batekin.
“Bertsogintza da, 1799tik gaurdaino, jendaurrean zein eremu pribatuan, euskaraz eta jarraidura estetiko minimoki koherente batean gertatu den ahozko inprobisazio kantatu oro”
Zein da definizio hori?
Tesian idatzita dago bertsogintza dela, 1799tik gaurdaino, jendaurrean zein eremu pribatuan, euskaraz eta jarraidura estetiko minimoki koherente batean gertatu den ahozko inprobisazio kantatu oro. Ni horretara ailegatu nintzen. Ez naiz kapaz hori baino definizio espezifikoago bat emateko sentsaziorik eduki gabe ari naizela kanpoan uzten zerbait oso inportantea.
Horren haritik, irizpidea zabaltzea proposatu duzu, bertsolari nori esaten zaion zehazteko orduan.
XX. mendearen hasieran, bertsolaria –Manuel Lekuonaren irizpidearen arabera– ez da norbait eszenatoki gainean dagoena; aitzitik, bertsolaria jendartean dago, eta jarrera existentzial espezifiko bat dauka: azkarra eta burutsua da elkarrizketan, satira zorrotz darabil… Komunitateak halako norbait sumatzen zuenean, artean kantuan entzun gabe ere, “zu iñundikan ere bertsolaria izango zera”, esango zion –beste kontu bat da, noski, ezaugarri horiek nork betetzen zituen–.
Gaur egungo bertsolaria, berriz, eszenatoki –fisiko zein sinboliko– batean kantatzen duen artista indibidual homologatua da. XX. mende hasierako bertsolaria eta gaur egungoa guztiz desberdinak dira, baina biek dute ezaugarri komun bat: bertsolaria beti izan da norbaitek bertsolari bezala errekonozitu izan duena. Lehen gertuko inguruneak ematen zuen zilegitasuna; orain, batez ere, egitura instituzionalak. Baina bertsolaria zilegitasun irizpideetan definitu da beti.

Zuk buelta eman nahi diozu horri.
Nire proposamena da irizpide hori alderantzikatzea, eta bertsolaritzat jotzea gutxi asko bertsotarako zaletasuna eta joera duen pertsona oro. Proposamen horren bidez, bertsolariaren definizioa zilegitasunaren esparrutik atera, eta inprobisazioaren oinarrizko keinura eramaten dut. Ikuspuntu horrek balio du, hasteko, bi mende pasatxoko historian bertsotan egin duten baina bertsolaritzat hartu ez diren anonimo pila bat per se bertsolaritzat kontsideratzeko –Jesus Martin-Barberok “popular erreprimituak” eta “popular ez errepresentatuak” aipatzen ditu–. Eta gaur egun bertsotarako jaidura duen oro per se bertsolaritzat jotzeko.
Egia da, noski, pertsona batzuen kasuan bertsotan egiteak zentralitatea daukala beren bizitzan, eta beste batzuentzat ez, eta hori ere aitortu behar da, baina niretzat, teorikoki, diferentzia gradual bat litzateke, ez funtsezkoa.
Eta nor gehiago sartuko litzateke bertsolari-kategorian?
Adibidez, sasibertsolariak. Historikoki, sasibertsolarien eta bertsolarien arteko desberdintasuna oso garbi bereizi da. Sasibertsolariak –gizonak gehienak– tabernetan hasten ziren kantatzen eta bertsolari itxura egiten, hala moduz, neurria eta errima errespetatu gabe… Nire ikuspegitik, horiek ere bertsolariak dira, bertsolariak diren bezala eremu pribatuan kantatu duten eta normatibitatetik kanpo zeuden askotariko pertsonak. Batzuk zein besteak oso arrazoi desberdinengatik utzi dira bertsolari titulutik kanpo, eta nik diodana da batzuk zein besteak, irizpide berberagatik, sartu egin behar direla.
Tesiko beste proposamen bat: bertsolaritza fase inplikatu batean sartzen ari dela pentsatzeko zantzuak omen daude.
Gaur egun joera bat sumatzen da, batez ere plaza jeneralistaren ertzetan –baina baita plaza jeneralistan ere– bertsolariak gero eta gehiago kantatzen duela inplikaturik, beretik eta beretarrekin. Batetik, bere subjektibitate propiotik, mundua ikusteko duen moduari edo barruan sentitzen duen horri fidel izanik, eta aldi berean norbere subjektibitatea konektatu nahian eskura dauden zentzu-proposamen kolektiboekin; eta, bestetik, beretarrekin, hau da, bere komunitatekotzat sentitzen dituen horiengandik gero eta gertuago. Ezaugarri zabal horrek, nire ustez, azken urteotan goraldian den joera bat deskribatzen du.
Fase inplikatu horretan hiru korronte antzeman dituzu: bertsogintza sozialista, debaldeko festa eta bertsogintza (trans)feminista.
Hiru korronte horiek, ikerketako une bat arte, zentzu askotan elkarrekiko tentsioan ulertzen nituen. Plano ideologikoan, adibidez, baina baita performatiboan ere; iruditzen zitzaidan hiruren bertsolaritza-proposamenak talkan zeudela. Tentsio horiek hor daude, bai noski, baina maila sakonago batean, iruditzen zait bertsolari inplikatuaren arketipo hori, gehiago edo gutxiago, hirurak sartzeko moduko txapel bat dela. Arketipo emergente bat da, oraintxe ari da indartzen, eta hein batean kontraste nabarmenean dago 1990eko hamarkadan nagusitu zen beste arketipo batekin: bertsolari todoterreno-aren arketipoa. Bertsolari hura kamaleonikoa zen, edozein entzule-motara egokitzen zekien, baina trukean peaje bat ordainduz: hitzarekiko inplikazioa sakrifikatzen zuen.
“Ez zait iruditzen ideologia denik irizpide zentrala bertsolaritzan; ez zen Basarriren garaian, ez Amurizarenean, ezta gaur ere”
Azaleko irudipenetatik haragoko batasunetan sakonduko zenuke?
Tesian badago espiritu bat: saiatzea bertsoaren lengoaiatik bertatik eraikitzen marko teoriko guztia. Espiritu horri fidel izaten saiatu naiz lan guztian zehar.
Zuk bat-bateko bertso bat jasotzen duzun momentuan, jasotzen ari zara informazio pila bat: bertsolariaren presentzia, transmititzen duen egiazkotasun-efektua, zaurgarritasun-maila, eta abar; harreraren momentuan hartzaileak hori guztia xurgatzen du, eta hortik egiten du txalo, edo hortik ez du txalo egiten. Konplexutasun hori guztia sartzen zaio, input hori guztia, baina gero eztabaida publikoan edo bertsoei buruz hitz egiten denean konplexutasun guzti-guzti horretatik elementu oso jakin batzuk bakarrik hartzen dira, eta hitz egiten da oso plano diskurtsiboetan: hauek diskurtso hauek defenditzen dituzte, beste horiek honako diskurtsoak. Eta hor, iruditzen zait erredukzionismo handi bat gertatzen dela norbere harrera-esperientziatik bertsoari buruz ematen den eztabaidara.
Aldi berean, sentsazioa daukat bertsolari baten autore-zigilua nekez sostengatzen dela irizpide ideologiko hutsetan. Nekez. Nik ez dut ezagutzen bertsolari bat bera ere bere autore zigilua irizpide ideologiko-diskurtsiboetan –eta horretan bakarrik– funtsatzen dena. Hala denean, normalean ez da oso seinale ona. Aipatu ditudan elementu horietan guztietan ideologia dago, noski, eta ez da kontu periferikoa, baina era berean uko egiten diot pentsatzeari ideologia dela beste guztia barnebiltzen duen azken geruza. Pertsona ez da horretan agortzen, eta bertsolaria ere ez.

Bertsolari transfeministen artean, esate baterako, era askotako bertsokerak daude.
Hori esan behar nizun. Adibide garbiena horixe da. Koordenatu ideologiko antzekoetan daudela diruditen bertsolariak, ikusi besterik ez dago nola beraien artean gero oso desberdin egiten duten bertsotan. Eta kontrakoa ere bai, printzipioz elkarren artean talka ideologikoak aurresuposatu dakizkiekeen korronteen artean badaude sakoneko batasun-forma batzuk bertsotan egiteko moduan. Bertsolaritzan egon daitekeen balizko aniztasunari edo homogeneotasunari buruz hitz egitean, ez zait iruditzen ideologia denik irizpide zentrala. Ez zen Basarriren garaian, ez Amurizarenean, ezta gaur ere. Pentsatzen duenak baino, gorpuzten duenak egiten du bertsolaria. Iñaki Segurolaren terminoetan esanda, esana baino garrantzitsuagoa da esan-postura: ahotik ateratzen zaion hori nola pausatzen den gorputz horretan. Eta, noski, hor badago ideologia, baina baita askoz gauza gehiago ere. Eta beste zera horietan topa daitezke bistako antzekotasunetatik haragoko desberdintasunak, eta bistako talketatik haragoko batasun-formak. Klase guztietako paradoxak.
Autore-zigilu bat baino gehiago identifikatu duzu?
Ez naiz iritsi horretara. Etorkizuneko ikerketa-ildoen artean jarri dut. Ez naiz iritsi teoria hainbeste jaistera, baina oso interesgarria iruditzen zait. Ez da hitz egiten bertsogintzan dauden kanon desberdinei buruz, ez dago kanonei buruzko debaterik; ez dago. Azken batean, kanonari buruz hitz egiteak exijitzen dizu, hain justu ere, bistako kategorien azpitik begiratzen jakitea, eta askoz ere eremu anbiguoago eta sotilago hauetan sartzea. Baina ez daukagu formari buruz hitz egiteko tresnarik; gehienera, formari buruzko diskurtsoa produzitzen amaitzen dugu. Eta hori ere ondo dago, baina beste zerbait da. Askotan geratzen gara oso emanda dauzkagun kategorietan, hortik egiten ditugu analisiak. Segur aski normala da. Baina tesia ere konbentzimendu horretatik zetorren: izan gaitezen gai bestelako asoziazio batzuk egiteko. Bistako asoziazioak egiten jada badakigu denok; dimentsio estetiko bat ere badaukan praktika bati buruz ari garen neurrian, ez dezagun jarri diskurtsoa zentroan, edo ez bakarrik. Eta ez pentsa, ni ere iritsi naizen tokira iritsi naiz; izugarri dago sakontzeko.
Beldur zara “naturaltasunaren” aldeko planteamendu gisa hartuko ote den?
Ez dut uste tesian halako ezer dagoenik. Baina noski, nik ez dakit zer jasotzen den nitaz. Bost urte hauetan oso bakarrik egon naiz tesia egiten, hori ere esan behar dizut.
Segur aski fokua jartzen badugu nire ikergaiarekiko lotura afektiboan, uste dut hor badagoela gure aitonarenganako afektu bat: bera baserritarra zen, Usurbilgo Olarri baserrian jaioa, kostata irakurtzen zuen, oso mantso, eta bere mundua ez zen gure mundu modernoa; ahozkotasunaren mundua zen. Etengabe zirtoka eta ateraldika oroitzen dut –tarteka, kostata, bertsoren bat ere kantatzen zigun–. Haren hizketa batere pisurik gabekoa zen, jolas hutsa. Ez zuen, guk bezala, esanahia finkatzeko temarik; bizimodua arintzeko baliatzen zuen hitza. Mundu hori haren bidez jaso dut, oso gauza edertzat daukat, eta hori hor dago, baina, aldi berean, bertsolaritza nahiko distantziatik bizi dudan gauza bat da. Baditut bertsolari lagun minak, baina ni gero ez nago lehenengo lerroan ez dakit zeinen alde. Nahiko kanpoan nago, zuk badakizu hori, eta uste dut horrek erraztu didala neurri batean nire aurreiritziak gainditzen zituen marko bat eraikitzen, ez neukalako atxikimendu berezirik ezerekiko.
“Joera bat sumatzen da, batez ere plaza jeneralistaren ertzetan, bertsolariak gero eta gehiago kantatzen duela inplikaturik, beretik eta beretarrekin”
Uste dut tesiko bilaketa zintzoa izan dela, ahalik eta elkarrizketa onestena edukitzen saiatu naizela bertsoaz handik eta hemendik pentsatu dutenekin, eta, beraz, kontrako norabidean ere, oso toki desberdinetako jendeak elkarrizketarako bideak topa ditzakeela –planteatzen dudan bertsogintzaren definizioan zein beste gauza askotan–. Hala pentsatu nahi nuke behintzat.
Orain bai, zer eskatzen diozu hurrengo partidari?
Bizitzaren fase berri honetara egokitzen ari naiz. Batetik, gustatuko litzaidake, tesitik abiatuta, beste idazketa gozagarriago batetik zerbait idaztea. Gero, ikerketari dagokionean, tesiaren ondorioz halako bokazio berantiar moduko bat etorri zait antropologiarekin. Eta bat-batean, tesiaren ondoren, iker-interes pila bat ireki zaizkit, iker-eremu teorikoak, kultura popularrei lotutako guztia, ahozko kulturak, landa eremua, inprobisazio kontuak… Ikusten duzu nondik doazen nire afektibitateak [barreak]. Eta orokorrean estetikarekin zerikusia duten kontuak; badaukat buruan doktoretza-osteko proiektu bat ere, ez dakit egingo dudan. Iruditzen zait hari bat deskubritu dudala, ez dena inoiz bukatzen. Bizi osorako zeregin bat deskubritu dut. Badaude gauza ederragoak bizitzan, bistan da, baina hori bera ere ez da gutxi.

