Mikrofono dohakabearen duintasuna

Mikrofono dohakabearen duintasuna –

Koldo Izagirre, BERRIAn.


Ezin konta ahala bertso platerkadak dastatzen dituzue, baina zuen plazerkadak mingarriak dira enetako.
Zenbat aldiz agintzen du gaisortzaileak «Altxa Sandia eta Berendia» saio berean? Aterrunerik ez duten mailukadak mikrofonoendako Altxa! horiek, eromena hitz bera jaso beharra birritan eta hiruritan, egizue kontu potoa debekatua daukan lehia honetan!
Mikrofonoa naiz, bai.


 

Mikrofono dohakabearen duintasuna

 

Oharteman dituzue kantatzera altxa eta aitzina egindakoan nolako zeremoniak dituzten antzezten bertsolariek? 
Gaizortzailearengana miresmenez hurreratu.
Haren errana konprenitzen saiatu.
Errana gogoan trasformatu nork bere gisara.
Eta gaisartzaileak bigarrengoz errepikatzen du agindutako lana, astiro, entzuleok motzenekoan haziak bazinate bezala.
Zer egiten du bertsolariak une horretan?

Eskua luzatu eta heldu: gure gorputz delikatuaz jabetzen da.


Lehenik, eusten gaituen zurtoina zorarazi.
Pentsa Sebastian Lizaso eta Maialen Lujanbio, pentsa Alaia Martin eta Aitor Mendiluze. Batek zurtoina beheititu, bertzeak zurtoina goititu. Aldiro. Zinak eta minak ditugu pairatzen goiti-beheiti hoorietan.
Ondoren, nire lepoa manipulatu beren ahoaren kariaz.
Etzanago, zutago… Milimetrikariak ditugu bertsolariak, zientoka milimetrok soka luzea osatzen du saio bakoitzeko. Eta gure ornoak krik eta krak soka ikusezin horren ferekaz.
Erranen didazue ez duzuela nehoiz atzeman halako krakatekorik.

Hain zuzen, bertsolariek aplikatzen dizkidaten tratu latzek sortu garrasiak ez entzutea da gaitzaileak dagizuen errepikaren xede sekretua. 
Goxoa izan ohi da lagunaren eskua bizkarrean, baina egizue kontu biluzik nagoela. Bertsolariaren eskua izerditan maiz, dardaraka ez gutitan. Dardara likin batean nihau ere. Eta aztoramena sortzen baitute jaijartzailearen lirikak eta zuen behako kritikoak, azkenik ezin zakarkiago heltzen naute bertsolariek beren estura lasaitzearren ni itota. Lepoa ez ezik, garuna ere sufrikario gorrian maneratzen zait, zeren, badakizue zenbat zelula behar dudan aktibatu bertsoa ozengailuetarat transferitzeko potorik gabe eta h-ak oro beren lekuan eta bigarren mailako adiera maltzurrak galdu gabe?


Dohakabea ni, bai, euskal mikrofonoa.
Ni, gure kultura txukun gordetzeko baitezpadakoa.


Ni, ankerki tratatua, gogor esplotatua, plazaz plaza isilarazia.


Ni, ornoak, belarriak, garunak lehertzeko kenkan bizi beharra.


Engoitik ez zarete durduzaturen aitor ematen badizuet gogoan jasoak neuzkanak erratzez orratzez urratzez ezabatzea erabaki nuela iragan astean, saioz saio bertsolariek hor nonbait atxiki zizkidaten hitz hots hats hits huts horiek denak errotik atera, denak.

Musikari ezagun bati komentatu nion egoera.

«Dardaneloetan Dardarka eta Amaitu da Maitezina, hire kanta horiek gorde nahi nizkinake bakarrik… Tira, horiek eta bertze gutiren batzuk, ez orain daukadan harbaso hau».

Gezur hutsa, bistan da. Zuzentzaile batengana bideratu ninduen, aditua omen alferrikako berbak fumigatzen.


Zenbat urte garbiketa egin gabe? Nolako listuak? Hatsak? Tonuak? Izerdiak? Distantziak? Tenperaturak? Erorkak? Jarrerak? Goiti-beheitiak? Estalpean? Egun argiz? Euripean? Gau ilunetan?


Kontratu bat sinarazi zidan, interbentzioan ezer gertatuko balitz ez zela bere errua izanen, nire ganorarik ezarena baizik. Osorik desmuntatu ninduen. Bere zetazko alkandora berriari botoiak kendu eta leuntasunik eztiroenean garbitu zizkidan periferiak eta hemisferioak, makrofonia astun hura ezabaturik.


Fumigatzaileak, «Zer gerta ere», artxibatu egin du nire garunetik kendutako milaka bertso: ezabatzea zen kontratua, ez suntsitzea. Galaxia osorako plataforma bat muntatzen ari da. NASA interesatua dago material horretaz, bertsoaren zeremonia (zuen isilaldiak eta zuen txaloak barne) orekagarri baliosa izan omen liteke etorkizuneko bidaiari espazialendako.
Dirutza bat erdi bana, erran dit.
Dakizuela proposamen ondratu horrek ez zuela demendreneko ximokorik eragin ene bihotzean.
— Ez duk deus konprenitu. Ni zuzeneko saioetarik bizi nauk, ez potoko potoetarik.

Eta hemen naukazue euskal mikrofono dohakabe hau argi urratzeko ihintza baino garbiago, hitz hots hats hits huts guztiak ostera jasotzeko prest tratu latz baten truk trak trok gure kulturaren martiri zuen gozamenerako.

Mikrofono dohakabearen duintasuna Mikrofono dohakabearen duintasuna Mikrofono dohakabearen duintasuna