Nerea Ibarzabal: «Leku askotatik bizi daiteke bertsolaritza»

Leku askotatik bizi daiteke bertsolaritza –

BERRIAko Mantangorri ataletik.


Abenduaren 16an irabazi zuen Bizkaiko Bertsolari Txapelketa Nerea Ibarzabalek (Markina-Xemein, Bizkaia, 1994), bigarrenez. Finaleko eta ondorengo zurrunbilotik aterata, pozik dago, oporrak hartzeko gogotsu.

 

Leku askotatik bizi daiteke bertsolaritza
Argazkia: Aritz Loiola / Foku

 

Hiru aste badira txapela jantzi zenuenetik. Zer moduz zaude?

Askoz ere hobeto. Hurrengo egunetan oso saturatuta eta nekatuta egon nintzen. Pozik, baina zurrunbilo batean; orain, askoz ere hobeto.

Nola gogoratzen duzu finala?

Luzea egin zitzaidan, baita barruko lanari dagokionez ere: gorabehera asko, ez nintzen nik nahi nuen bezala ari, eta, orduan, lan psikologiko handia egin behar izan nuen eserita geundenero.

Asko entrenatu behar al da txapelketarako?

Bai, bertsolaritza inprobisazioa da, baina giharra entrenatzea bezala da: zenbat eta gehiago entrenatu, errazago altxatuko dituzu gai zailak. Bertso eskolak lagunekin nerbioak askatzeko ere balio du: txapelketaren alde ona bilatzeko toki bat da.

Txapela irabazi osteko elkarrizketan, esan zenuen bertsolaritzak eman dizkizula zure bizitzako lagun onenetako asko. Hori ere bada bertsolaritza?

Bai, eta batez ere hori da orain niretzat. Bertsolaritza beti egon da hor, umetatik, beste hainbat zaletasun eta ekintzarekin batera. Baina bertsoak hor segitu du, eta bide horretan ezagutu ditudan lagun guztiak hor daude; Euskal Herriko herri eta hiri askotan jende ezaguna eta erreferentziala edukitzea, hori aukera bat da gure mapa beste leku batetik ezagutzeko.

Noiz hasi zinen bertsotan?

Umetatik egon da etxean zaletasun handia: beti zegoen Hitzetik hortzera, marrazki bizidunak, Lazkao Txikirenak, Txirritarenak… Gogoan daukat eskolaz kanpoko ekintzen zerrenda iritsi zen egun hori: bertso eskola ikusi nuenean, ezin nuen sinetsi ikasi egin zitekeenik. Zalantzarik gabe eman genuen izena gelako hiruk-edo.

Zer beste zaletasun zenituen?

Musika, dantza (euskal dantzak eta denetik), irakurtzea, ipuinak asmatzea… Pianoa jotzen ere hasi nintzen, eta pianoko kantuei letra jartzen nien; partiturak ikasi orduko hasten nintzen letra jartzen eta kantatzen. Beti musikari eta hitzari nahikoa lotuta egon naiz.

 

Leku askotatik bizi daiteke bertsolaritza

 

Eta bide horretatik jarraitu duzu: bertsotan, eleberriak idazten, haurrentzako ipuinak, zutabeak…

Beti egon da presente, eta, umetan ere, plazer handiena ematen zidana zen esaten zigutenean ipuin bat asmatzeko edo idazlan bat egiteko. Kristoren poza eta askatasuna sentitzen nuen espazio bat zen, eta gogoan dut umetan eskolako lagun batekin baneukala tratu bat egina: formen bistak egiten oso txarra izan naiz beti, eta lagun hori ona. Nik egiten nituen haren idazlanak, gaztelaniaz eta euskaraz, eta berak egiten zituen nire bisten fitxak.

Tranpatia, orduan… Baina ikasle fina zinen?

Bai, oso fina, eta nire identitatearen parte bihurtu zen. Dena ondo egin nahi duen ume ipurterrea nintzen [barrez], eta gero, gainera, asko frustratzen zena, ondo egiten ez zuenean. Hori ere bada ikasketa handi bat, batez ere bertsotan, inperfekzioa besarkatzea besterik ez zaizulako geratzen; inoiz ezin duzulako bota nahiko zenukeen bertso hori, hiru segundoan. Agian, ume harentzat jardunik egokiena bertsolaritza izan da; askatu egin behar duzulako eta hasi. Onartu behar da perla bat botatzeko hamar lasto fardo bota behar direla lehenengo.

Zer esango zenieke bertso eskoletako haurrei?

Batez ere, gozatzeko. Askotan irabazlearen ibilbidea da erakusten zaigun bakarra, baina, bueno, bertsolaritza leku askotatik bizi daiteke. Gero badakit oso zaila dela, baina tira: neure buruari ere hori esaten diot.

MOTZEAN

  • Bertsotarako doinu bat? Haizea dator iparraldetik.
  • Plaza edo antzoki bat? Durangoko [Bizkaia] urteko azkena, Plateruenan.
  • Plater bat? Lasagna.
  • Film edo telesail bat? Fleabag.
  • Erreferente bat? Onintza Enbeita.
Leku askotatik bizi daiteke bertsolaritza Leku askotatik bizi daiteke bertsolaritza Leku askotatik bizi daiteke bertsolaritza