Nikolas Segurola. Bere hiru alderdi nagusiak bildu dituzte liburu batean

Nikolas Segurola

Berria egunkaritik dakargu Gorka Erostarberen artikulua.

………………………………………………………………………………………………………………………………………..

Xabier Euzkitze bertsolari eta aurkezlea arduratu da ‘Nikolas Segurola. Fraide, artzain eta bertsolari’ liburua koordinatzeaz; hark idatzi du berstolaritzari buruzko atala; Iñaki Beristainek fraide jarduerari buruzkoa; eta Eduardo Urartek artzainari dagokiona.

Nikolas Segurolaren pertsonak “hiru alderdi bizi izan ditu”, Xabier Euzkitze bertsolari eta telebista aurkezleak gaur goizean Donostian egindako aurkezpenean nabarmendu duenez. Fraide frantziskotarra da Segurola; artzaina ere bada, eta baita bertsozale eta bertsolaria ere. “Jarduera horietan harreman asko egin ditu bere bizitzan. Ez fraideen artean bakarrik, baita artzainen eta bertsolarien artean ere. Denek maite dugu, eta horrek ulerrarazten du gaur aurkezten dugun Nikolas Segurola, fraide, artzain eta bertsolariliburu hau”. Edizio Frantziskotarrak argitaletxeak plazaratu du; 216 orrialde ditu, eta 20 euroan izango da salgai.

“Nikolas Segurola fraide, artzain eta bertsolari” liburuaren aurkezpena. Irudian, Xabier Euzkitze, Nikolas Segurola, Iñaki Beristain eta Eduardo Urarte. Gorka Rubio

 

Nikolas Segurola Matxinbentan (Gipuzkoa) jaio zen, 1939ko martxoaren 27an. Umetan Arantzazura (Oñati, Gipuzkoa) ikastera joan, eta, osasun ahularen erruz, etxera itzuli behar izan zuen. “Arantzazurako joera oso barruan itsatsia” zeukan, ordea, Iñaki Beristain adiskide frantsikotarrak adierazi zuenez, “eta anaia laiko izateko itzuli zen berriro mutil gazte zelarik”. Harrezkero, bere bizitza osoa frantziskotar bezala egin du, eta gehiena Arantzazun. Zarautzen nobiziotza eginda berehala Arantzazura joan eta Gomiztegi, fraideek erositako baserria, izan zuen bere lehenengo bizitoki eta lantoki. “Gaur egun ere hortxe jarraitzen du bizitzen. Hasieran, bospasei fraide ziren han bizi izaten zirenak. Egun, bakarrik bizi da Gomiztegin, otoitzerako eta jatorduetarako Arantzazura joaten bada ere”. Beristainen iritzian “herrikoa eta herrikoia” da Sagurola, “oso fina eta sentibera, gizatasun handikoa, naturaren maitalea eta sufritzen dutenekin dagoena”.

Gomiztegin gisa askotako lanak egin ditu, baina Segurolaren “maitasunik eta zaletasunik handiena, dudarik gabe, artaldea izan da”. Eduardo Urarte albaitari arabarra urte askoan ibili da Gomiztegin Segurolak egindako lana jarraitzen. Haren ustetan, “artzaintzak Euskal Herrian egin duen aurrerapen ugari ez dira ulertzekoak Nikolas gabe, artzaintzarekiko ardura handiak batzorde askotan lan egitera eraman izan du”. Artzain askok eduki izan du, eta dauka oraindik ere, Segurola maisutzat.

Bertsoarekiko zaletasuna ere txiki-txikitatik dakar, Matxinbentako Largarate baserritik bertatik. Xabier Euzkitzek azaldu duenez, batez ere hiru azpeitiar izan ditu bertsolari gertukoenak: Joxe Lizaso, Joxe Agirre eta Imanol Lazkano. “Geroztik, beste bertsolari gehienekin izan du harreman estua, sarri ibili baita gaiak jartzen herriz herri eta auzoz auzo”. Gaztetan hainbat txapelketatan ere parte hartu zuen bertsolari modura, eta epaile lanetan ere aritu izan da. “1986ko Euskal Herriko Txapelketa hausturarena izan zen. Euskaltzaindiak antolatzeari utzi eta sortu berri zen Bertsolarien Elkarteak antolatu baitzuen. Behar zen pertsona bat egingo zuena zubilana, eta Nikolas zen horretarako egokia”, Euzkitzek gogoratu duenez. Baina, batez ere, etxerako egin ditu bertsoak Segurolak. Arantzazuko fraide bakoitzaren urtebetetze-egunean urtero egiten ditu bertsoak, “zorion emanez eta tarteka ziriak sartuz”.

Segurola bera goizeko aurkezpenean egon da eta esan du “lotsarekin eta pozarekin” jaso duela liburua, eta gogoko dituen pare bat bertso kantatu ditu.

Nikolas Segurola