Oihana Arana: "Poesia eta bertsoa nire pentsamenduaren barruan aparteko bi lekutan kokatzen ditut"

Oihana Arana –

Aiora Sampedrok, El Correon.


 

‘Lazunak azkazaletan’ poema bildumaren egilea da

 

Oihana Arana
Oihana Arana, elkarrizketa batean. Juantxo Lusa

 

Eskoriatzan jaioa 2001. urtean, maila herrikoian bertsolari gisa ezaguna izan bada ere duela hainbat urtetik, eleberrian eman zuen bere lehen testu idatzia, 2020an, 19 urte besterik ez zituela; baina, poesian izan zuen oihartzun handiagoa urtebete beranduago argitaratutako Lazunak azazkaletan poema-bildumarekin. Preseski, idazle gazteak argitaratzen jardun izan duen eta jarduten duen Susa argitaletxean ezagutu genuen haren lan poetikoa. Bestalde, literaturan duen ekintzailetza horren isla, idazle gazteen bilduma gisa 2020. urtean Liberoamerika argitaletxeak aurkeztu zuen Izotzetan islatuak euskal idazle gazteen testuekin osatutako liburu kolektiboan ere parte hartu zuen. Aranaren ekarpenak emankorra izaten jarraitzen du eta orain gutxi, genero berri bat esploratuz, Haizea Aranarekin, Aner Peritzekin eta Leire Vargasekin batera osatutako antzezlanari ere ekin dio.

Nahiko jardun askotarikoa duzu: bertsoa, antzerkia, narratiba eta poesia. Besteak beste, ‘Izotzetan islatuak’ lanean ikusi zintugula aipatu dugu, baina baita ‘Erre’ antzezlanean ere beste idazle eta bertsolariekin batera. Uste duzu eroso sentitzen zarela aldakortasun horretan?

–Eroso sentitzen naiz, bai. Hainbat jardunetan aritzea gustatzen zait, aniztasunak on egiten didala uste dut. Horregatik gustatzen zait hainbat diziplinatan aritzea. Gauzei begiratzeko modu ezberdinak identifikatzen ditut horrela eta pentsamendua zabaltzen laguntzen dit. Antzera ikusten dut kolektiboki sortzearena ere, bakarka sortzea baino askoz gogorragoa da niretzat, baina gauza asko ikusten laguntzen du. Biak uztartzea gustatzen zait niri, alde batetik, bakarkako lanak egin eta prozesu indibidualei energia eskaintzea eta baita kolektiboki aritzea ere. Bi aldeak eduki baditzaket zertarako aukeratu bat?

«Hainbat jardunetan aritzea gustatzen zait. Gauzei begiratzeko modu ezberdinak identifikatzen ditut horrela eta pentsamendua zabaltzen laguntzen dit».

Bertsoaren eta poesiaren arteko loturak. Antzezlanean bertsoarekiko harremana nabarmentzen duzue, poesian zure bertsolaritza-erreferentziak ere agertzen direla iruditzen zaizu?

–Poesia eta bertsoa nire pentsamenduaren barruan aparteko bi lekutan kokatzen ditut. Oso ezberdin sortzen dut batean edo bestean ari banaiz. Bertsoa pentsatzen dudanetik kantatzen dudanerako tartea oso laburra da, eta poemetan, aldiz, hori da testuei ematea gustatzen zaidana: denbora. Hala ere, badakit batak besteari eragiten diola: nik poesia idazteak eragina du nire bertsokeran, eta alderantziz ere gertatzen dela esango nuke. Ez da oso modu esplizituan agertzen, ordea. Poesia idazten ari naizenean oso gutxitan erreparatzen diet errimari, neurriari… horretarako badut bertsoa, baina askotan esan izan didate nire poemen bukaerak bereziki indartsuak izaten direla, eta hori, seguruenik, bertsolaritzatik natorrelako izan daiteke.

Nola ekin zenion literatur-lanak argitaratzeari?

–Nire barru-barruko ametsetan bazegoen nonbait argitaratzearekin lotutakoren bat, baina ez nion sekula garrantzi handiegirik eman, harik eta gazte literaturako eleberria idazteko proposamena jaso nuen arte. Hor hasi zen nire bide publikoa, nolabait esateko. Horren ondoren ondu nituen poemak, eta lagunek bultzatuta bidali nuen argitaletxera.

Plaza publikora ateratzea ez da inoiz erraza, eta argitaratzea plazara irtetea da. Plaza bakoitzak bere berezitasunak ditu, baina aurrez bertso-plaza ezagutzea baliagarri suertatu zitzaidala esango nuke.

«Plaza publikora ateratzea ez da inoiz erraza, eta argitaratzea plazara irtetea da»

Poesia-liburuan fikzioaren esangura nabarmentzen du editorialak liburuaren kontrazalean. Hala ere, eguneroko pasarteei idatzi ohi diezu. Zein harreman du zuretzat fikzioak egunerokotasunarekin?

–’Lazunak azkazaletan’ liburuaren kontrazalean ‘Fikzioaren apologia’ izeneko poema dago, bai. Neronek aukeratuta. Liburuko lehen poema ere bada. Liburuak berdin funtzionatuko luke poema hori gabe ere, baina momentuan azalpen hori ematea erabaki genuen, nire ustez irakurlea beste leku batean kokatzen duelako. Eta askotan egiten ez badut ere, niretzat garrantzitsua da egiten dudana nondik irakurria izan daitekeen aurreikustea, ahal dela, nahi dudan lekutik irakurria izan dadin neurriak hartzeko.

Liburuaren prozesua biltzen duen poema dela esango nuke, izan ere, eguneroko pasarteei buruz idazteak, etxeaz, pertsonen arteko harremanez, gorputzaz… idazteak ez du esan nahi fikzioa egin ezin daitekeenik. Nire ustez, edozer kontatzen dugun aldiro fikzioa egiten ari gara, distantzia handia dagoelako idatzia den modutik irakurtzen dugun modura. Eta hori gutxi balitz, aipatutako liburuan biltzen diren poema gehienak guztiz asmatutakoak dira, egunerokotasuneko gertaera txikiek, etxeko objektu ohikoek… iradokitakoak, baina ez niri gertatutakoak. Badaude gertatu izan zaizkidan gauzen berrinterpretazioak ere, eta interpretazioa fikziozkoa dela esan baldin badut zer esanik ez berrinterpretazioa.

Oihana Arana Oihana Arana Oihana Arana Oihana Arana