Zama - Miren Gorrotxategi

Zama –

“Hauxe hitza, Mikel, bederatziko txikian bertsoa osatzeko: zama. Mikel, zama da bederatziko txikian bertsoa osatzeko hitza”.

Urruti dauka Olatzek telebistaren mandoa, sofa aurreko mahaitxoan. Metro batera egiaz, baina metro bat ikaragarrizko distantzia bihur daiteke sabelean hiru kilo eta erdi inguruko haurra daramazunean. Nekez altxatu da, motelak ditu jada mugimenduak. Baina eman dio astia off botoiari sakatzeko Mikel kantuan hasi aurretik. Tente jarri denez gero, mugikorraren bila sukaldera joateko aprobetxatu du. 153 mezu; eskerrak isilean jarria zuen. Baina ahizparen mezu bakar bat ere ez. Deitu egin dio.

—Lier ondo al da?

—Olatz, Mikel abestear da! Nola deituko didazu ba orain?

 

Zama
Paula Heras

 

Eskegi egin dio telefonoa ahizpak. Mikel ez da hasi oraindik abesten. Publikoko isiltasuna irudikatu du Olatzek: tentsioa, ikusmina, urduritasuna. Bitartean, Mikel buruan hitzak josten, neurtzen; esku izerdituak elkar igurzten, zintzurra lehor. Olatzek hozkailuko atea ireki eta ur trago bat egin du botila muturretik; gero, bere lekuan utzi du ura, Veuve Clicquot botilaren ondoan. “Ez dugu ba halako garaipen bat cava soil batekin ospatuko, ezta?”, esan zion Mikelek aurrekoan, ardangelatik bueltan. Gaur goizean, berriz, “Jarri xanpaina freskatzen” izan dira haren azken hitzak etxetik irten aurretik. “Eta txapelduna zu ez bazara, Mikel?”, esan du Olatzek, Mikelek sarrerako atea jada itxi eta joan dela ziurtatu duenean.

“Zama” jarri da Olatz pentsatzen, hozkailuko freskura aurpegian. Mikelen lekuan balego, sabelean daramanaz abestuko luke berak seguru. Gaia edozein izanda ere, amatasunera ekartzeko joera hartu baitu Olatzek, eta ez bertsotan ari denean soilik. Amatasunaz, amatasunetik. Astun samarra bihurtu da Olatz akaso? Baina astuna da ama izatearen karga. Zamara ohitu egin da, edo ohitu egiten omen da, eta Olatz errudun sentitzen da karga hori astunegi sumatzen duenean. Sikiera segundo batez zama gainetik kentzerik balego!

Adibidez, botilaz nahastu eta uraren ordez xanpainaren freskoa eztarrian behera sentitu, burbuilak sudurrean gora, zangoak arin eta burua arinago. 

Telefonoak dar-dar egin dio txabusinaren patrikan. Hozkailua itxi eta deiari erantzun dio.

—Entzun al duzu, Olatz? Ikaragarria izan da! Ikaragarria! 

—Amaitu du kartzelakoa?

—Bai. Gaia emandako bertsoetan… tira, ez da gaizki aritu. Baina gai-jartzaileak zama hitzari abesteko esan dionean? Oilo-ipurdia jartzen zait pentsatuta bakarrik, Olatz! Bat-batean halakorik asmatu daitekeenik ere! Publikoa erotu egin da, izugarria izan da! Lier, Lier! Amatxo da telefonoan, esaiozu zer moduz abestu duen aitatxok.

—Aitatxo txapeldun! —entzun du Olatzek Lierren ahots alaia telefonoaren bestaldean, eta gero deia moztu egin da.

 

Zer zamari buruz aritu ote da Mikel? CrossFitean altxatzen dituenez gain, ez baitaki bere senarrak benetako kargak zer diren. Bertsolari leinu bateko laugarren katebegia izateak suposatu dion abantailari zama deituko zion kabroiak? Edo puntako bertsolari, irakasle funtzionario, senar fidel eta aita eredugarri izatea beretzat zama dela sinetsarazi nahi izan dio publikoari? Ez zen ba Mikel beste norbaiten azalean jarriko publikoa poltsikoratu eta halako txalo zaparrada jasotzeko? Ahizparen esaldiaz gogoratu da Olatz: “Bat-batean halakorik asmatu daitekeenik ere”. Ez, ez zen horretarako kapaza izango. Berriro ez. “Behin engainatu duenak berriro ere engainatuko du”, gogoratu du Mikel bera esaten, ahizpari bikotekide ohiak adarrak jarri zizkionean.

Sofan eseri da berriro ere Olatz, magalean ordenagailua duela orain, sabel puztuaren azpian. Interneten Txapelketako finala bilatu eta sartu da streamingeko saiora. Rewind botoiari sakatu eta, atzekoz aurrera, ikusi du Mikel aulkitik altxatzen, publikoaren txaloak entzuten, bertsoak abesten: hirugarrena, bigarrena, lehenengoa. Jarraian, pentsakor, mikroaren aurrean, gai-jartzailea gaia ematen ari den bitartean. Gero, Mikel mikrofonoaren aurrean tente, isilik, begiak umel, publikoaren txalo zaparrada luzea entzuten. Mikel bertsoa abesten gero, eta pentsakor berriro ere. Azkenik, gaia entzuten, gai-jartzailea berriro ere gaia ematen ari den bitartean. Playari sakatu dio Olatzek: “Hauxe hitza, Mikel, bederatziko txikian bertsoa osatzeko: zama. Mikel, zama da bederatziko txikian bertsoa osatzeko hitza”. Pentsakor dago Mikel, baina ez da ari bertsoa asmatzen. Bai baitaki Olatzek Mikel abestear den bertsoa jada asmatuta dagoena. 

Urteak daramatza koaderno batean bertsoak idatzi eta idatzi. Lier oheratu orduko ekiten dio lanketari: bere buruari gaia jarri, bertsoa osatu, errima hau beste harengatik ordeztu, sinonimoak hiztegian bilatu. Alferrikako lan gehiegi egiten duela esaten dio bikotekideak, baina gauero egiten du bere koadernoan saiotxoa Olatzek, egindako lana noizbait probetxuzkoa izango dela konbentzituta. Bertsoa osorik entzun duenean, ordenagailuaren tapa itxi du. Probetxuzkoa izan da azkenean Olatzek eginiko lana; Mikelentzat behinik behin. 

“Behin engainatu duenak berriro ere engainatuko du”, esan ditu Olatzek bere senarraren hitzak, ondoan entzuteko inor ez duen arren. Gauza berbera egin zion duela lau urteko finalean. Orduan ere kartzelako lanean, Olatzek bere koadernoan zirriborratutako bertsoak egokitu ahal izan zituen Mikelek. Ez zen zaila izan: ama izan zen orduan bederatziko txikian bertsoa osatzeko emandako hitza, eta hamaika bertso zituen Olatzek idatzita jaio berri zen Lierrentzat. Kritikariek miresmenez goraipatu zuten bertsoa, zaleek buruz ikasi zuten. Mikelen esanetan, aldiz, txapeletik urrundu zuen bertsoa izan zen. Gau hartan, etxeratzean, sutan hartu zuen Olatzek. Lapurreta egin zion, bere bertsoa ostu zion. Minduta erantzun zion Mikelek, Olatz bera ere nolabait taula gainean egoteko modua zela azalduz, seme jaioberriaren amari omenaldia egiteko era ezin politagoa, bere ustez. Lier txikia negarrez hasi zen. Olatzek titia emanez lasaitu nahi izan zuen; Mikelek Olatzi, berriz, gehiago halakorik ez zuela egingo esanez.

 

Ordenagailua alde batera utzi eta buruz ondo dakien telefonoa markatu du Olatzek mugikorraren pantailan.

—Entzun duzu Mikel abesten?

—Badakizu ez naizela bertsozalea. Bertsolariak aldiz… —telefonoaren bestaldeko hitzetan irribarrea sumatu du Olatzek.

—Kabroi alaen horrek berriro ostu dit bertsoa.

—Finalean? Berriro?

—Badakit: abisatu zenidan, esan zenidan koadernoa gordetzeko, baina ez nuen uste…

—Olatz, han egon izan bazina, ez zen ausartuko.

—Ozta-ozta zutitzen naiz sofatik eta… nola jasango nuen egun osoa oholtza gainean?

—Haurdunaldia ez zenean, titia zen… Ez dakit nola moldatzen den zure senar hori, baina txapeletik urrun egon zaitezen konbentzitzen zaitu beti.

Olatzi telefonoa dardarka hasi zaio. Pantailari begiratu dio: zorion mezuak ilaran. Lehen dama deitu dionik ere bada. Jarraian, deiak bata bestearen atzetik.

—Olatz? Hor jarraitzen duzu? —esan dio telefonoz bestaldeko gizonezko ahotsak.

—Etorriko zinateke nire bila lehenbailehen?

—Zer ba? Badator haurra? —larritu da gizona.

—Ez da hori. Txikia oraindik eroso dago —esan du Olatzek sabela ferekatuz—. Ez zaitu oraingoz aita egingo. Baina hemendik irten beharra daukat.

—Hamar minutu barru hor naiz.

Erraz altxatu da Olatz oraingoan sofatik, bat-batean karga handi bat gainetik kendu izan balu bezala. Sukaldera joan, xanpaina hozkailutik atera eta ospitalera eramateko prest daukan poltsan sartu du. Ez ditu gaur probatuko burbuila frantsesak, ez askatuko sabeleko zama. Ez du gaur txapelik jantziko, baina garaipenaren zaporea dastatzen hasia da mingainaren puntan.

Zama Zama Zama Zama Zama Zama Zama Zama Zama