Pandemia parekidea

Pandemia parekidea –

Uxue Alberdi Estibaritzek Pikara Magazinen.


 

Bertsozale Elkarteak kaleraturiko datuen arabera, azken bi urteak inoizko parekideenak izan dira bertso-plazan. Berritasuna ez dagokio emakumeen parte-hartzea hazteari, gizonena urritzeari baino.

 

Pandemia parekidea
Miren Agur Meabe idazlea eta Uxue Alberdi, Maialen Lujanbio eta Ane Labaka bertsolariak Lasarteko bertso-saio literarioan. / Argazkia: Mendi Urruzuno.

 

“Parte-hartze ia parekidea bat-bateko bertso-jardunean”. Ez genuen asko usteko pandemiak titular hori utziko zigunik. Bada, bai. Bertsozale Elkarteak 2021. urteko bertso-plazaren analisia egin berri du eta hainbat datu eman du argitara. Baldintza sozial eta kreatibo tamalgarrien garaian, 2021a historiako urterik onena izan da genero-berdintasunari dagokionez. Plazako zirkuituan emakumezko eta gizonezko bertsolarien parte-hartzea ia parekidea izan da, % 52 gizonezkoena eta % 48 emakumezkoena, BEk egin duen plazaren erradiografiak erakusten duenez. 2019an, proportzio hori % 64koa eta % 36koa izan zen.

Lehen begi-kolpean, balirudike emakumeen parte-hartzea hazi egin dela, baina datuei arretaz begiratuta, aldaketa esanguratsua beste bat da: gizonen parte-hartzeak egin du behera. Zergatik? Pandemia betean festa-giroko saioak desagertu egin zirelako eta saio horiek, batik bat, gizonek egiten zituztelako.

2021eko datuak xeheago azalduta, bereizketa hau egin du BEk: “Jaialdietan % 51,5 izan dira gizonezko bertsolariak eta % 48,5 emakumezkoak; bat-bateko saio berezietan % 70,5 emakumezko bertsolariak eta % 29,5 gizonezkoak; plaza librean, % 57,1 gizonezkoak eta % 42,9 emakumezkoak eta lagunartekoetan, %66 gizonezkoak eta %34 emakumezkoak”.

Bertso-saio berezien zakuan sartzen dira, adibidez, Ez da kasualitatea saio musikatu feministak, nabarmen gora egin dutenak 2021ean. 2019an, 98 Ez da kasualitatea egin ziren eta 2021ean, 122. Berezien artekoak dira intentzio feministako beste hainbat ere: Orainmenean, bertso-saio literarioak, Testurak, Nahita egin dugu eta abar.

Bertso-saio moten izendapena esanguratsua eta garrantzitsua da. Libreko saioak gai-jartzailerik gabe egiten direnak dira, normalean bi bertsolariren artekoak. Lagunarteko deitu ohi zaie otordu-jirako saioei (bertso-bazkari eta afariei) eta bertso-poteoei. Horiek ere bi bertsolariren artean egin ohi dira eta, maiz, gauez. Jaialdiak oholtzako saioak dira, bertsolari-kopuruz ugariagoak, gai-jartzailearekin egiten direnak areto, frontoi eta antzokietan. Berezitzat hartzen dira hibridotzat jotako bertso-formatuak: musikatuak, bertso-tramak, saio literarioak…

Pandemiaren aurretik, libreko eta lagunarteko saioetan zen handiena parte-hartze arrakala. Festari, jan-edanari, dibertsioari eta gauari loturiko saioetan zegoen emakume gutxien. Aldiz, saio instituzionalizatuetan, jaialdietan eta berezietan (alegia, emakumeok propio sorturikoetan) orekatzera egiten zuen balantzak.

Aspaldi esan zuen Oihana Iguaranek bertso-saioen izendapen hori arazotsua izan daitekeela, libreko eta otordu-jirako saioak naturalizatu (“bertsolaritza normala”) eta bestelako saio batzuk -tartean emakume bertsolarien biziraupenerako ezinbestekoak direnak- berezi izendatzen dituelako. Horrek sakondu egin dezake “benetako bertsolaritzaren” eta “bertsolaritza urardotuaren” arteko bereizketa, baita “bertsolari-bertsolarien” eta “bertsolari espezializatuen” artekoa ere, izendapenak ezinbestean azpigenero kontsideratzen baititu saio bereziak, berezia dena ezin denez norma izan. Horretaz gain, azalera dakar nork egin behar duen ahalegin bikoitza, “plaza naturala” aski ez eta “plaza bereziari” jaten emanez.

Bertsolari emakumeok sortu egin behar izan ditugu gizonek “naturalki” jaso eta konpartitu dituzten hainbat errealitate: guretzako bertso-saioak eta bertso-eskolak, guretzako publikoa, gure neurriko gaiak, ikuspuntuak eta harremanak, umore bat geuretzakoa. Paradoxa dirudi, baina gutako askorentzat saio berezi horiek dira, hain zuzen, lagunarteko saioak.

Zergatik da bertso-poteo bat (tabernaz tabernako libreko bertso-saio musikatu bat) lagunartekoa eta Ez da kasualitatea bat berezia? Zergatik Orainmenean bat berezia eta sagardo dastaketaren jirako bertso-saioa lagunartekoa? Bertsoaren eta normaltasunaren zein ikuspegi barnebiltzen dugu saio-mota bakoitzaren izendapenean?

Deiturak deitura, ukaezina da pandemia garaian, jaialdiek (2019an 270 izan ziren eta 2021ean 372) eta saio berezi deituok egin dutela gora eta otordu-bueltako eta libreko zirkuituak izan direla gehien apaldu direnak (2019an, 753 egin ziren; 2021ean, 200). Otordu-jirako saioak antolatzeko ohitura zuten zenbait agentek bertan behera utzi dituzte urteroko saioak; beste zenbaitek, bestelako formatuak bilatu dituzte: jaialdierakoak, osasun-neurriak errespetatuz egin zitezkeenak. Desoreka pandemikoak ekarri du genero-oreka plazara. Murrizketek handitu egin dute emakumeen parte-hartzearen proportzioa plazan. Nolatan?

Badirudi, saioak zenbat eta formalagoak (eta txintxoagoak) izan, parekideagoak izan ohi direla. “Espontaneitateak” (bat-batekotasunak?) eta festak maskulinizatu egiten dute plaza, zergatik-eta normaltasuna, gaua eta parranda gizonenak direlako. Pandemia-aroan kontuz antolatu behar izan dira kultur ekintzak, zorrotzak izan dira osasun-baldintzak, etxeratze-aginduak eta ordutegi-mugak izan ditugu, zaildu egin da antolakuntza, elkar zaintzeak dakarren lanaren kargu egin gara eta, horrek guztiak, ekarri du gaua eta antolatzaile espontaneoak ia desagertzea. Saio gehienak udaletatik edo erakundeetatik antolatu dira bertso-eskolen eta tokiko mugimenduen ekinari esker. Ez dira “ezer ez eta festa”rako garaiak izan. Bertsoaren bat-batekotasunaren, informalitatearen, moldagarritasunaren eta bizitasunaren parte handi bat kimatu egin behar izan da eta, hara non, kimatze horretan nabarmendu diren emakumeen ahotsak, proportzioan: zaintzaren, zintzotasunaren, egokitasunaren eta neurritasunaren plazan.

“Datuetara ekarri ezin den errealitate bat galdu da”, aipatzen dute zenbait bertsolarik ikerketak kaleraturiko zenbakiak interpretatzean. “Bertsotan egiteko kode bat” eta “bertsoaz gozatzeko modu oso zabal bat” bolada batez errotik moztu direla diote. Hala da. Baina ezin dugu ahaztu kode horretan, bertsoaz gozatzeko modu horretan falta zirela, batik bat, emakumeak. “Bertsolari-profil batek” sufritu du gehien galera, diote, eta zehaztu behar genuke profil horren baldintza ia sine qua non-a dela gizonezko izatea. Libreko eta lagunarteko saioak parra-parra egiten zituzten bertsolari ia denak dira gizonak.

Nik ere uste dut bertsolaritza espontaneoa, librekoa, otordu-jirakoa, gertukoa berreskuratzeko lan egin behar dela, jaialdiek ez dutela bertsolaritza bere posibilitate guztietan biltzen, sustatzen, erakusten; bertsolari gazteen plazaratzerako ezinbestekoak direla saio informalak, behar ditugula kalea, taberna, gaztetxea, sagardotegia. Alabaina, berreskurapenari modu feministan ekin behar genioke, espontaneitatea, festa, jan-edana eta naturaltasuna denontzako sagardoa emango duten upelak izan daitezen. Hemendik aurrera ere zaintzaz eta osasunaz hitz egin beharko dugu, ordu-txikiek, orain arte “bertsolari bizimoduaz” ulertu denak eta espazio maskulinizatuek plazatik egozten dituzten gorputzez. Pandemia aroko ordutegiekin arnasa hartu dugun bertsolariez eta entzuleez. Loa berreskuratu dugunoz. Osterantzean, tranpa da, pandemia aurreko garaian ere galtzen baitzen datuetara ekar zitekeen arren ekartzen ez zen errealitate bat: zirkuitu horretan sartzen ez ziren emakumeena eta sartzen zirenen bizi-baldintzena.

Festarik egin ezin zenean aritu gara emakumeak, proportzioan, gehien. Horrek ez du esan nahi ahots-kopurua ugaritu denik eta plazan kantatu duten emakumeen kopuruak gora egin duenik. Aztertu egin behar litzateke ahotsen ugaritasunaren aldetik nola eragin duen pandemiak. Esango nuke, ahots berririk apenas agertu dela, gazteen ahotsak muteatu egin direla eta lehendik egonkortutako bertsolarien artean banatu dela, batik bat, plaza menostua.

Festa desagertu den garaian aritu dira gizonak, proportzioan, gutxien. Zer pentsa eman behar liguke, eta ohartu zenbateraino dagoen gizon-herri bihurtuta festaren esparrua; alegia, pandemia iritsi den arte nor falta zen non.

Arretaz begiratzekoa izango da hemendik aurrerako eboluzioa. Plaza “normaltzen” den heinean zer gertatuko den genero-desberdinkeriarekin, nola egituratuko diren lagunarteak, zeri deituko diogun libertatea eta zeri bertsoa. Segi dezagun kantari.

Pandemia parekidea Pandemia parekidea Pandemia parekidea Pandemia parekidea Pandemia parekidea Pandemia parekidea Pandemia parekidea