Pisuzko arrazoiak

Pisuzko arrazoiak –

Jon Martinek BERRIAn.


 

Jon Martin (Oiartzun, 1981) gazte hasi zen bertsotan eta ibilbide luzea du bertsogintzan. Zenbait txapelketatan (bat-batean nahi idatziz) nabarmendu izan da; lorpenik sonatuena 2003ko Gipuzkoako Txapelketan txapeldunorde geratu izana da. Azken lau Txapelketa Nagusitan, 2005etik hona, finalerdietaraino ailegatu da. 

 

Doinua: Hogeigarren urtera III

 

 

Afaria irentsi dut
hasi eta buka
zaintzen zebilen aitak
hala behartuta.
Komunean sartu naiz
Youtube piztuta
(ondoren datorrena
nahi nuke ezkuta):
Lehoi baten ahoan
buruan sartuta
fede berri batean
belaunikatuta
lehoi baten ahoan
buruan sartuta
zerbait beharko nuen
sakrifikatu ta…

 

Botaka egitean
nire hatz zurbila
ez zikintzeko sartu
dut hortz eskuila.
Gordeka egiten dut
hainbat sentadila,
zira jantzita korri
egiten abila.
Akordeoia(re)n teklak
diren sei kostila
jotzen tripazorrien
abesti isila
Akordeoia(re)n teklak
diren sei kostila
inoiz helduko ez den
nota baten bila.

 

Lehen maiz bisitatzen
nuen goxodenda;
gero, gutxitu nuen
ohiko merienda.
Oraindik jausi gabe
begitako benda,
familiko gutxik ez
ninduten lausenga.
Galtzen hastean nire
kiloen zerrenda
«Ez duela axola?»
erraz esaten da…
Galtzen hastean nire
kiloen zerrenda
Hasieran guztiak
poztu zineten ba…

 

Abantailak zituen
argaldu beharrak.
Hala berretsi zidan
zuen irrifarrak.
Tentuz aukeraturik
arropa zabarrak
aisa disimulatzen
nituen bularrak.
Agertu zirenean
lehenengo negarrak
(zuloa ikusteko
gai ziren bakarrak)…
Agertu zirenean
lehenengo negarrak
zenbat markatzen zuen
baskularen marrak?

 

Giltzapean pasako
ditut hamaika gau
baskulak esan arte
“54”.
Dieta behartuak
bere hortan dirau,
baina nire barruak
egin nahi du barau.
Gizarteak du hainbat
kanon eta arau
haiek betetzekotan
goseak hilko nau!
Gizarteak du hainbat
kanon eta arau
zein ondo kabituko
den eskeletu hau!

 

Modeloak bihurtu
dituzte zenbaki
zenbat neurtu behar
duten erabaki
non jarri silikona
eta non ebaki
ta neska bat bihurtzen
da haragi zati.
Gaitza gizartearen
erroan izaki
gaixotu egiten gaitu
indibidualki
gaitza gizartearen
erroan izaki
soilik izan gaitezke
jale edo jaki.

 

Pisuzko arrazoiak

Pisuzko arrazoiak