«Publiko aurrean pizten zaidana da gehien faltan sumatzen dudana»

«Publiko aurrean pizten zaidana da gehien faltan sumatzen dudana»-

Amagoia Mujika Telleriaren artikulua, Naiz.eus-en.


Duela zazpi urte utzi zuen plaza, benetan zer egin nahi zuen sentitu beharra zuelako. Duela bizpahiru urte plaza besterik ez omen dauka buruan eta bueltatzea zer izango litzatekeen pentsatzen jarraitzea baino osasungarriagoa iruditu zaio bueltatzea.

«Publiko aurrean pizten zaidana da gehien faltan sumatzen dudana»

 

Erratzun bizi da, lasai, «aspertuta». Azken bizpahiru urteetan ezer ez zaiola gertatzen sentitzen omen du. Duela zazpi urte utzi zuen bertsogintzaren jira, akaso «gauza gehiegi» gertatzen zitzaizkiolako. Azken plazaren detaileak ez ditu zehatz jasoak, baina buruan dauka eszena. «Oroitzen naiz lekuaz, Bizkaiko herri bat zen, gogoratzen dut norekin kantatu nuen… Azken agurra kantatzera joan nintzen mikrofonora, baina ez nuen azken agurrik bota. Oroitzen naiz taxian joan nintzela eta joatea bakarrik bertso saioagatik irabazi nuena baino gehiago kostatu zitzaidala. Eta gero bueltatu egin behar, noski…». Gau hartan, «saio askotan bezala», dirurik ez zuen irabazi.

Utzi egin zuen. Baina, azken urteotan, bertsogintza besterik ez omen dauka buruan. Une oro berriz bueltatzea zer izango litzatekeen pentsatzen egon beharrean, bueltatzea erabaki du.

Zergatik utzi zenuen bertsogintza?

Uste dut bi arrazoi nagusi izan zirela. Batetik, uste dut, bertsolaria baino gehiago, ezaguna bihurtu nintzela. Ez ziren proportzionalak inondik inora nire saioetara etortzen zen jende kopurua eta hortik kanpo nik egiten nuen edozer gauzak hartzen zuen oihartzuna. Bestetik, hamabost urte nituela hasi nintzen bertsotan eta ez nuen beste deus egina. Sentitzen nuen eskubidea nuela aukeratzeko zer egin nahi nuen. Umea nintzela hartutako erabaki baten mende bizi beharrean, aukeratzeko eskubidea nuela sentitzen nuen.

Pertsonaia handiegia bihurtu zen pertsonarentzat.

Nik desberdin ikusten ditut Silveiraren kontua eta nire bizitza. Bertsolaritzan eman nituen azken urteetan nagusiki, etengabe Silveiraren paper horretan bizi beharra sentitzen nuen eta horrek dezente nekatu ninduen.

Azkenekoz hitz egin genuenean esan zenidan egunero tximiniako sua piztu eta zaintzen zenuela, eta hori zela ordura arte zure bizitzan izandako diziplina edo errutina zorrotzena. Eta, orain?

Erratzun bizitzen jarraitzen dut, baina orain baserrian. Egunero sua piztu eta zaintzearena erabat barneratuta daukat. Hortik aurrera, beste diziplina edo errutina batzuk betetzea zailagoa da. Naturari lasaitasunez erreparatuta konturatzen naiz zenbat gauza uzten ditugun ikasteke eta bizitzeke gauza batera bakarrik gaudenean. Ez naiz eta ez naiz izango tipo diziplinatu eta ordenatua, baina badakit gauza batzuk ahalegina eta sakrifizioa eskatzen dutela. Hortik aurrera, zuk aukeratzen duzu gauza horiek egin nahi dituzun edo ez.

Baserrian eta baratzean irudikatu behar zaitugu orduan…

Nahi duenak baratzean irudika nazake, baina, komikietan bezala, hodei batean nire pentsamendua irudikatu behar du. Eta, hor, publikoa ikusten dut bertsoaren zain. Hori da gertatu zaidana. Beste gauza batzuk deskubritu ditudan neurrian, konturatu naiz benetan egin nahi dudana bertsotan egitea dela.

Testuingurua aldatu arren, zeure buruan bertsoak jarraitzen du. Utzi zenuen toki berean?

Ez toki berean, gehiago hamabost urte nituenean eta bertsotan hasi nintzenean zegoen tokian, orduko uste eta nahi berdintsuekin; funtzio bat izatearen nahia, hitzak ematen dizkigun aukerak baliatzeko nahia, jendeari pentsaraztea edo “despentsaraztea”… Horren hutsunea sumatzen dut. Badira bizpahiru urte sentitzen dudala ez zaidala gertatzen ezer, ez zaidalako gertatzen aipatu dizudan hori.

Plaza astintzeko gogoa sumatzen dizut.

Bai, horrela esan daiteke.

Jendaurreko bertigo gozagarri hori, oholtzan zure ahotsa entzunaraztea… Lehen oso gustuko zenuen eta pentsatzekoa da horren falta duzula.

Bai. Egoera horietan, aldatu egiten da arrazoitzeko modua, izaera, ideiak osatzeko modua… Faltan sumatzen dut egoera horretan nagoenean nire buruak funtzionatzeko duen manera. Bizpahiru saio egin nituen ekaina bukaeran eta uztaila hasieran eta sentsazio horiek izan ditut berriz. Astero geratzen naiz hemen, bertso eskolan, bertsotan egiteko, baina oso-oso desberdina da. Bertsolari bera oso desberdina da publiko aurrean edo bere intimitatean.

Publiko aurrean pizten zaidana da gehien faltan sumatzen dudana.

«Sentitzen nuen eskubidea nuela aukeratzeko zer egin nahi nuen. Umea nintzela hartutako erabaki baten mende bizi beharrean, aukeratzeko eskubidea nuela sentitzen nuen»

«Publiko aurrean pizten zaidana da gehien faltan sumatzen dudana»

 

Dagoeneko hasia zara beraz plazan.

Urtarrilean egin nuen saioren bat eta nire asmoa martxoaren amaieran hastea zen. Baina itxialdia etorri zen eta dena bertan behera geratu zen. Ekainaren 26an hasi nintzen.

Konspirazio hipotesietan beste bat hori orduan: Xabier Silveirak plazara bueltatu behar zuen eta eragotzi beharra zegoen.

[kar-kar-kar] Izan ahal da, hainbeste txorakeria entzun ditugu… Pentsa, birus bat dela ere esan dute!

Egia da Xabier Silveira oholtzan dagoenean normalean gauzak gertatzen direla.

Bai, baina oholtza azpian nagoenean ere bai. Baina oholtza gainean gertatzen direnean badirudi denoi gertatu zaizkigula, komunitatean, eta ez niri bakarrik.

Nola sentitu zara berriz jendaurrean bertsotan?

Ongi. Hainbeste denbora bertsotan egin gabe zaudenean, gauza txiki pila bat ahaztu egiten dira. Inoiz ez zitzaidan pasatu bertsotan ari naizela beste gauza batzuetan pentsatzen hastea; adibidez, zurekin kantuan ari denak zergatik ez ote duen topatzen lan bat eta plazako “marroia” utzi… Horrelako gauzak pasatu zaizkit burutik, lehen inoiz pasatzen ez zitzaidana. Baina pentsatzen dut normala dela, buruak ematen dituen bueltak direla. Baina, gainontzean, banekien gutxi gorabehera zer sentituko nuen eta horrela izan da.

Gaur egungo munduan ezin da erre eta horrek kezkatzen ninduen. Asko erretzen jarraitzen dut, baina izan ditudan saioetan ez zait batere kostatu ez erretzea. Harrituta nago. Pozik nago horregatik, beldur pixka bat ematen zidalako.

Horretan Andoni Egañaren antza duzu.

Baina nik nahiko nuke Egañaren antza izan beste gauza batzuetan. Miresten dut, bertsolari bezala sekulakoa iruditzen zait. Pixka bat ezagutzeko zortea izan dut eta egunero irakurtzen dut bere iritzi zutabea. Izugarria iruditzen zait arlo guztietan.

Bertsotan egitea zer da, bizikletan ibiltzea bezala? Ez da ahazten?

Bertsotan egitea ez da ahazten, baina noiz frenatu behar den, noiz askatu behar diren frenoak, zein abiada den egokiena, zein den bide onena… Hori guztia pixka bat ahazten da edo, gutxienez, zalantzaz eta konfiantza gutxirekin hartzen dira erabaki horiek. Baina bertsotan egitea ez da ahazten.

Nola bueltatzen da bat plazara? Zein ate jo behar dira?

Galdera horixe egiten nion nik nire buruari. Elizondon egindako saio batean bueltatu nintzen. Hori zen lehen pausoa. Gero, gerokoak, inguruko saioetan parte hartu eta plazan irabazi plazarako buelta. Baina gauzak nola diren, tartean EITBko “Gure kasa” programatik deitu zidaten, “Aspaldiko” izeneko tartean parte hartzeko. Arraroa iruditu zitzaidan, dagoeneko ez naiz sentitzen albiste. Justu aipatu nien plazara bueltatzeko asmoa nuela eta horixe aipatu nuen telebista saioan. Bide motzena hori zela iruditu zitzaidan. Horrela jakin zuen jendeak plazara bueltatu nahi nuela. Kasualitatea aipatuko nuke, baina ez dut kasualitateetan sinisten. Lehen ere askotan gertatzen zitzaidan, nik nahi gabe gauzak parean gertatzen zitzaizkidan. Eta, orain, horrelaxe gertatu da.

Eta justu plazara bueltatzea erabaki duzu ezohiko uda honetan, inoiz baino plaza gutxiago daudenean.

Bai, horrela gertatu da. Bertso eskolan, Erratzun, hirukotea elkartzen gara; Alazne Untxalo, Aitor Larreta eta hirurok. Aurtengoa ez da uda normala eta oso saio gutxi daude. Bere egunean Jokin Uranga eta Fredi Paiarekin egin genuen “Zaharrak berri xou” haren antzeko zerbait prestatzen ari gara bertso eskolan. Formatu itxiko saio batzuk egitea da asmoa, plazak egin ahal izateko. Elkarteek, udaletxeek eta erakundeek apenas daukaten gaitasunik ezer antolatzeko. Gu saioak egin ahal izateko modu bat prestatzen ari gara.

«Bertso saioak kultur zikloak betetzeko antolatzen diren neurrian, gero eta grisagoak dira, ez zuri eta ez beltz. Politak dira»

«Publiko aurrean pizten zaidana da gehien faltan sumatzen dudana»

 

Utzi zenuena eta oraingoa plaza desberdinak dira?

Duela zazpi urteko plaza eta oraingoa desberdinak dira. Lantzen diren gaiak desberdinak dira eta gero eta zailagoa da belaunaldi desberdinak ikustea oholtza berean. Oso esanguratsua da Gipuzkoan eta Bizkaian 25 urtetik beherako zenbat bertsolari dauden ikustea eta haien izenak ez jakitea ere. Estilo eta bertsokera bereko bertsolari mordoa dago eta apenas dagoen kontrako ahotsik. Nire ustez gaur egungo planteamenduak eta gaiak ez datoz bat bizi dugun garaiarekin eta eraman beharko genukeen garapenarekin.

Euskal gatazkari apenas kantatzen zaio.

Kalean bukatu delako. Gatazkari presoak geratzen zaizkio. Apenas kantatzen da horri buruz eta hori bezala beste gauza asko daude, gai sozialak adibidez. Bertso saioak kultur zikloak betetzeko antolatzen diren neurrian, gero eta grisagoak dira, ez zuri eta ez beltz. Politak dira. Eta saio bat hornidura izateko bideratzea ez da zaila, horretarako daude gai jartzaileak.

Marra gorriak gero eta nabarmenagoak dira bertsolaritzan, sare sozialen garai honetan. Ez dakit horrek beldurrik ematen ote dizun…

Pentsatzen dut beldur pixka bat ematen didala, duela astebete inguru Facebookeko kontua itxi nuelako. Sareak erabiltzen baldin badituzu, hor gertatzen dena errealitate bihurtu daiteke. Ez badituzu erabiltzen, ez baduzu irakurtzen zuri buruz sareetan esaten dena, desagertu egiten dira. Urte hauetan erabili ditut, pentsatuz iritzia zabaltzeko plataforma izan zitezkeela. Hemen Erratzun erabat bakartuta nago eta pentsatzen nuen sareei esker gertatzen denaren berri izango nuela. Aspaldi samar konturatu nintzen hori ez zela gertatzen ari, ez direlako horretarako tresna. Baina lotu egiten zaituztenez, kostatu egiten da sare sozialetatik askatzea. Gainera, zerbait galduko duzun beldur horregatik begiratzen eta begiratzen jarraitzen duzu, inoiz gertatuko ez den horren zain. Facebook, Twitter, Instagram… oso errima politak dira eta bertsoak betetzeko ederki daude, baina agian bada ordua esaten hasteko guztiok gure kontuak itxi eta desagerrarazi egin beharko genituzkeela, denok dakigulako zertarako diren.

Ez zaitut irudikatzen postureoko argazkiak Instagramen zintzilikatzen.

Gaur egun gazteak hor bizi dira, baina kalera atera eta ez dutelako aukera hoberik topatzen. Baina badaude aukerak jendea zuri begira jartzeko eta ez zure argazkiari begira. Gustatzen zaizuna jendeak zuri begiratzea bada, plazera kalean dago, eta ez argazkian.

Azkenaldian sare sozialen bitartez iritsi zaizkigu Maradonaren bideo zelebreak. Beti zurekin gogoratzen naiz Maradona ikustean. 2008an kaleratu zenuen «Maradona, barrilete kosmikoa» liburua. Futbolaria ere asko miresten duzu.

[kar-kar-kar] Nik oraindik ez dut bere bide guztia egin, azken hilabeteetan agertzen diren bideotan porru eginda dago eta. Uste dut nik oraindik beste buelta bat egin dezakedala.

Duela egun gutxi ikusi nuen berriro ere berari buruzko lau kapitulutako dokumental bikain bat. Nik neuk behintzat ez dut aldatuko Maradonari buruz dudan iritzia Antena3 edota Tele5 telebista kateek erakusten dizkidaten minutu bateko bideoak tarteko. Irudi horiek ez ditu grabatu Maradonari lagundu nahi dion norbaitek eta bakoitzak bere etxean nahi duena egiten du. Telebistak zein behar dauka guri erakusteko Maradona oso gaizki dagoela? Pentsatzen genuena despentsatzea nahi dute eta nik ez dut amore emango horretan.

Plazetan ikusiko zaitugu. Akaso txapelketan?

Helbururik ez daukat. 2021ean izango da Nafarroakoa eta ez dut parte hartuko eta, ondorioz, ezta hurrengo Euskal Herrikoan ere. Baina presarik ez daukadanez, uste dut berriz aterako naizela txapelketan. Desafioekin beste saiakera bat egingo dut.

«Publiko aurrean pizten zaidana da gehien faltan sumatzen dudana»-
«Publiko aurrean pizten zaidana da gehien faltan sumatzen dudana»-
«Publiko aurrean pizten zaidana da gehien faltan sumatzen dudana»-
«Publiko aurrean pizten zaidana da gehien faltan sumatzen dudana»-
«Publiko aurrean pizten zaidana da gehien faltan sumatzen dudana»-