Euskal kronika beltza, zortzikotan helarazia

Euskal kronika beltza, zortzikotan helarazia-

Amaia Igartua Aristondok egin artikulutik, Berrian.


Krimenen inguruko bertsoek arrakasta izan zuten Euskal Herrian, batez ere XIX. mendearen bigarren zatian. Horietako batzuk heldu dira, bertso paperen edota ahozko transmisioaren bitartez. Lehen Mundu Gerraren garaian eten zen tradizioa.

Euskal kronika beltza, zortzikotan helarazia
Jean Etchepareren urkaberako kantetako bat, Frantziako Liburutegi Nazionalean kontserbatua.

“Gai gutxi daude gizakiarengan krimenak bezainbesteko zirrara eragiten dutenak: arterako lehengai unibertsala izan da.”

Paradoxikoa iruditu dezakeen arren, gai gutxi daude gizakiarengan krimenak bezainbesteko zirrara eragiten dutenak. Arterako lehengai unibertsala izanda, Euskal Herrian ere eskaini izan zaizkio zenbait sorkuntza, hainbat moldetan. Bereziki aipagarria da bertsolaritzan izandako tokia, modalitate konkretua eta guzti izan baitzuten krimenen inguruko bertsoek: konplaintak edo urkaberako kantak. Gaur egunera halako 50 heldu dira, bertso paperen bidez eta ahoz iritsitakoak batuta. Gutxi, egin zirenen kopurua kontuan izanda, Patri Urkizu idazlearen hitzetan: «Krimenei eta hiltzaileen zigorrei buruz moldatutako bertsoak oso ugariak ziren».

Bertso papera da urkaberako kanten hedapenaren eragileetako bat. Beñat Hach kazetariak dioenez, «bertso papera indartsu zegoenean egindako krimenak» dira bereziki iritsi direnak. Krimenen inguruko bertsogileek, norbaiti heriotza zigorra ezartzen zitzaion bakoitzean, kriminalaren larruan jarri eta haren ahotsetik abesten zituzten egindakoak eta haien zergatiak. Garai batzuetan, autoritateen laguntza ere jaso izan zuten, Hachen arabera: «Poliziak eta epaile askok informazioa ematen zioten bertsoa egin behar zuenari».

Paper horiek saldu egiten ziren gero, eta buruz ikasi eta ahoz helarazten zirenean izaten zuten bertsoek arrakasta, bertso paperen tirada xumea izaten baitzen. Esaterako, Azpeitiko 1893ko Lore Jokoetan, 200 ale baino ez ziren inprimatu. Urkizuren ustez, ahozko ikuskizuna zen arrakasta izaten zuena: «Ez dut uste irakurzaletasuna hain zabaldurik zegoenik».

Zehazki, XIX. mendearen bigarren erdian izan zuten bertsook zabalkunde nabarmenena, eta Iparraldean izan ziren entzutetsuen, bereziki. Aurretik ere egon ziren, halere, Urkizuk argi uzten duenez, eta bi adibide gogorarazi ditu idazleak: «Bereterretxeren khantorea XV. mendeko kanta hunkigarrienetakoa da, eta krimen batez mintzo zaigu. Halaber, Bordaxuriren 1815eko bertsoak zirraragarriak dira». Alabaina, urrezko garaia ia 40 urte geroago hasi zen, 1851n, Anton Abbadiak antolatutako Lore Jokoen eta Koplarien guduen eskutik. Hegoaldean ere izan zen bertso makabrorik garai horretan, baina, kazetaritza jada zabaldua zegoenez, hedabideek argitaratutakoen bertsioak izaten ziren; batzuetan, hedabideek publikatutako kroniken itzulpena, bertsoaren moldera egokitua. Patxi Erauzkinek, adibidez, modu horretan ondu zituen Eibarko hilketaren inguruko koplak: Donostiako La Voz de Guipúzcoa egunkarian irakurritakoak euskarara eman eta neurrira doitu zituen.

Baina herrietara hedabideak apenas heltzen ziren garaietan, bertso paperak berak ordezkatzen zituen egunkariak. «Beste mota bateko hedabide bat» zen bertso papera, Hachen hitzetan, kantu bakar batek krimenaren inguruko informazio guztia baitzekarren; garaiko «ezaugarri soziologikoek» garrantzia areagotu zioten: «Ez zegoen hedabiderik, eta euskarazkoak are beranduago heldu ziren; beraz, elebakarrek bertso paperen edukien bidez bakarrik izaten zuten gertatutako gauza askoren berri».

 

Egoera horren ondorioz, helburu informatiboa gailendu zen hasieran, baina beste hainbat gauzatarako ere baliatzen zituzten bertsolariek kopla horiek. Hachek uste du azalpen bat aurkitzeko xedea ere izan zezaketela kantuek: «Zergatik izan den pertsona bat krimen bat egiteko gai, horren atzean zer dagoen… zalantza horiek guztiak argitzeko interesa ere egon liteke bertso horien atzean». Urkizuk, berriz, Bordaxuriren bertsoetan «gizarte kritika nabari ageri» dela ohartarazi du, eta 1851. urteko Laur urtheko haur baten martirioa bertso paperaren bukaera hautatu du adibide gisa. Hauexek dira idazlearen ustez «eskarmentua hedatu nahi» zuen bertso sortaren azken ahapaldiak: «Paper horiek galdu gabe ongi gordetzen badira/ Gure mendeko etsenplutzat berak askiko dira». Izan ere, Orixek zioenez, delitua baino garrantzitsuagoa zen kondenatuak krimenaren inguruan egiten zuen hausnarketa, eta horrek eragiten zion damua, biak ala biak bertsoetan argi islatuak.

Izenez bereiziak izan ziren bertso hauek formalki ere izan zuten berezitasunik. Urkizu: «Elkarrizketa dramatikoak, harridurazko esanak eta metaforak izaten zituzten bertsoek, baina beste hornimenduetatik ez dira eskas».

Gaiztakerien eskribauak

Krimenen inguruko bertso asko idatzi izan dira Euskal Herrian, eta koplari batzuek haietako hainbat idatzi zituzten, ia konplaintetan espezializatu arte. Krimen bati baino gehiagori buruz idatzi zutenen artean daude Piarres Topet Etxahun barkoxtarra eta Patxi Erauzkin zaldibiarra; baina, zalantzarik gabe, Jean Etxeparek landu zuen gehien modalitate hau. Krimenen inguruko ahapaldiek entzute handien izandako garaian bizi izan zen, 1846an jaioa baitzen, Donapaleun (Nafarroa Beherea), eta 1891n hil, Baionan. Eduki zuen bizitza motzean bertso paper ugari idatzi zituen, bai frantsesez, baita euskaraz ere, eta euskaraz sortutako hamahiru bertso paper heldu dira gaur egunera. Bertsoz zein hitz lauz idatzi zituen krimenen inguruko gorabeherak, eta handik hona ibili zen, Euskal Herritik kanpo ere bidaiatu baitzuen. Haren bertso paperak hainbat tokitan argitaratzea lortu zuen XIX. mendeko 70eko eta 80ko hamarkadetan; besteak beste, Orthezen, Pauen, Baionan, Akizen eta Foixen eman zituen argitara bere kantuak.

Krimenaren inguruko bertsoek XIX. mendearen bigarren partean izan zituzten koplari emankorrenak, bai, baina ugaritze hori azkar baretu zen, hurrengo mendeak tradizioaren etena ekarri baitzuen. Bertso papera urkaberako kanten akuilu izan zen moduan, Hachek paperon esanguraren galerari egozten dio etena: «Bertso paperak zuen funtzio hori galdu zuenean, bertso mota hori egiteko ohiturarekin ere beste horrenbeste gertatu zen». Kazetariak eta idazleak bat egiten dute mugarria ezartzerako orduan: hain zuzen, Lehen Mundu Gerran geratu zen bertan behera Hachentzat «herri kultura eta tradizio» batetik datorren kantatzeko modua.

Geroztik, bertso horiek ez dute berreskuratu behin euskal kulturan izandako tokia, eta gaur egungo bertsolaritzan esangura gutxi dute, Hachen hitzei erreparatuta: «XX. mendeko azken txanpan edo XXI. mendeko lehenengo urteetan hemen egondako ez dakit zenbat krimeni jarriko zizkieten bertsoak, baina esango nuke ohitura galdu egin dela».

Euskal kronika beltza, zortzikotan helarazia-
Euskal kronika beltza, zortzikotan helarazia-
Euskal kronika beltza, zortzikotan helarazia-