Sustrai Colina: “Lanketa guztiak abiatzen dira pertsona gisa zaren horretatik”

“Lanketa guztiak abiatzen dira pertsona gisa zaren horretatik” –

Joanes Etxebarriak Ipar Euskal Herriko Hitzan.


 

Sustrai Colina Bertsolari Txapelketa Nagusiko finalista izan da azken bost aldietan. Aurten, finalerdien lehen itzuliko saioa irabazi du, eta bihar Baionan kantatuko du, bigarren itzulian. Gogo «handiz» ariko da.

 

“Lanketa guztiak abiatzen dira pertsona gisa zaren horretatik”

 

Bertsolari Txapelketa Nagusiko finalean 2001ean sartu zen lehen aldiz Sustrai Colina (Urruña, 1982). Beste lau final jokatu ditu geroztik. Aurtengo txapelketan, finalaurrekoen lehen itzulian, lehen postua erdietsi zuen. Bigarren itzulia Baionako Laugan jokatuko du, bihar, 17:00etan.

Gaztetik hasi zinen Bertsolari Txapelketa Nagusian. Zer garaitan heldu zaizu txapelketa hau?

Uste dut orain duela 21 urte kantatu nuela lehen finalean; geroztik, nahi ala ez, gehiago ala gutxiago, bizitza markatuz joan zaidan zerbait da Txapelketa Nagusia, aldi oro eskatu baitit lan egin beharra, aitzinekoa hobetu nahia. Nire bertsolari bizitzan pauso bat aitzina emateko aitzakia ere izan da. Aldiro halako inarrosaldi bat ekarri dit. Pertsonak ere bagara, eta, batzuetan, zure bizitza pertsonalak beste lehentasun batzuk jartzen dizkizu, eta kemen handiagoa edo txikiagoa ematen dizu Txapelketa Nagusi baten ahaleginari aurre egiteko. Horiek erranda, berrogei urterekin harrapatzen nau, pandemia bat pasatu berri, esperientzia pixka batekin, eta gogo eta gose handiarekin. Azken urteetan, oso gustura nabil plazan; iruditzen zait gero eta hurbilago nagoela bertsotan ukitu nahi nituzkeen gauzak ukitzetik, eta horrek motibatzen nau lan gehiago egiteko.

Batzuek txapelketan deskubritzen dituzte belaunaldi berriak. Zuretzat ere berriak dira?

Gazteetan ere, bereiziko nituzke belaunaldiak: Alaia [Martin], Nerea [Elustondo], Oihana [Iguaran], Julio [Soto], Saioa Alkaiza…; belaunaldi hori gurekin dabil plazetan astero-astero. Horien iritsiera uste dut aurrekoan ere antzeman zela, baina plazetan aspaldi gertatua zen. Alde horretatik, txapelketak notario lana baizik ez du egin: ebidentea zen egoera bat instalatu du. Gero, bada benetan gaztea den belaunaldi bat, agian berriagoa dena: Joanes Illarregi eta Aitor Bizkarra…; 25 urtez azpiko jende hori bada berriagoa plazan, nahiz eta badabilen. Txapelketan bai, salto handi bat ematen ari dira publikoari begira, baita bertso mailaren aldetik ere. Lehen itzuliaren ondoren, Joanes Illarregi finaleko postuetan dago, eta, bigarren itzulia hasi berritan, Aitor Bizkarrak aukera izugarria du borroka horretan egoteko. Holako emaitzak dituzten bertsolarien defentsa ez da egin beharrik.

Azken finaletan egon zinen. Maila horretako gazteak ikusteak presioa eragiten dizu?

Niretzat motibazio bat da. Belaunaldi batek ikusteko modu bat, gauzak egiteko modu bat ekartzen du. Haien kezkak, haien bertsoa ulertzeko moduak, eta batzuetan zuretzat baliagarriak diren gakoak atzematen dituzu haiengan. Bestalde, uste dut beren mundua, ideologia eta bizipenak ekartzen dituztela, eta horrek aukera paregabea ematen dizu konektatua egoteko munduari eta datorrenari. Askotan erraten da transmisioa goitik beherakoa dela, baina nik uste dut transmisioa behetik gorakoa ere badela, eta gazteagoek guri ere gauza asko erakusten dizkigutela. Niretzat sekulako motibazioa eta, nonbait, ohore puntu bat ere bada jende horrekin oholtzan egotea. Xantza badugu atzetik ostikoak jotzeko prest datozen belaunaldiak datozelako; uste dut hobeak egiten gaituela bertsolari bezala eta pertsona bezala.

Lanketa feministaren fruituak agerikoak dira bertsolaritzan ere. Gizon batzuen bertsoetan ere agerikoa izan da. Zuk lanketa berezi bat egin duzu?

Jakina! Hitz egiten da bertsoaz, baina esango nuke bizitzako kontu bat dela. Nik emakume batzuk baditut ondoan, eta saiatzen naiz haiengandik ikasten eta haien kezkak zeintzuk diren ikusten. Horren arabera ere, nire jarrerak eta egin moldeak berrikusten saiatzen naiz. Ez da bertsolari baten zeregina bakarrik; gizon guztien edo gehienen obligazioa dela esanen nuke. Irrigarria iruditzen zait, beste alde batetik: ematen du iraultzailea dela bakarkako lan batzuetan gizonezko batzuek negarrari buruz kantatzea. Hori berrikuntzatzat hartzen bada, nire ustez erakusten du zein urrun geunden eta nondik abiatzen garen, eta zein zurruna eta zein estankoa izan den bertsolaritza edo gizontasuna ulertzeko manera. Baina lanketa guztiak abiatzen dira pertsona gisa zaren horretatik, edo izan nahi duzun pertsona horretatik, edo zure baitan dituzun korapilo horietatik. Munduan gizonekin soilik bizi ez naizen heinean, noski, feminismoak zer pentsatu handia ematen dit, aurrera egiteko tresnak ematen dizkidan bezala.

“Lanketa guztiak abiatzen dira pertsona gisa zaren horretatik” “Lanketa guztiak abiatzen dira pertsona gisa zaren horretatik” “Lanketa guztiak abiatzen dira pertsona gisa zaren horretatik” “Lanketa guztiak abiatzen dira pertsona gisa zaren horretatik”