Txapelketaren disko-liburua

2018-03-08

Txapelketaren disko-liburua –

Kulturklik ataritik hartutako edukia.


Euskal Herriko Bertsozale Elkarteak antolatutako Txapelketa Nagusiari buruzko lan mardula: 492 orrialdeko liburua eta CDa. Txapelketaren dokumentazio lan biribila da, eta hainbat edukiz osatuta dago.
Txapelketaren disko-liburua
Alde batetik, txapelketako 14 saioei buruzko kronikak eta saio bakoitzetik hautatutako bertsoak transkribatuta ageri dira liburuan. Irakurri ez ezik, bertsoak entzun ere ahal izango dira, hautatutako bertsoaldi guztien audioak daudelako entzungai erantsitako CDan; zaleen gozamenerako ia 200 bertsoaldi batu dituzte, hau da, 700dik gora bertso. Horrez gain, doinuen azterketa eta partiturak ere badaude. Hori guztia txapelketan jasotako argazki dotorez jantzita.
 
Adituen analisiak tartean
 
Bestalde, hainbat adituk talaia ezberdinetik behatu dute txapelketa, eta beraiek idatzitako iritzi eta analisiak ere jaso dituzte liburuan: Uxue Alberdi bertsolari eta idazlea, Harkaitz Cano idazlea, Karin Barber antropologoa edota Endika Gutierrez “Invert” raperoak beren ekarpena egin dute.
 
Informazio orokorra ere topatuko du irakurleak: bertsolari parte-hartzaileak, sailkapena, historia…
 
Non erosi
 
Lan hau Euskal Herriko Bertsozale Elkarteak ondu du, eta eskuragarri dago Lanku Kultur Zerbitzuen atarian (www.lanku.eus) zein Bertsozale Elkarteak Amasa-Villabonan duen egoitzan. Salneurri arrunta 30 eurokoa da —6 euroko bidalketa gastuak gehitu behar zaizkio erosketa Internetez eginez gero—, 25 eurokoa Bertsozale Elkarteko bazkideentzat.
 
Lanaren fitxa teknikoa [PDF – 241 KB]
Txapelketaren disko-liburua