Uni-bertso berria. Itziar Ituño Martinez

Uni-bertso berria Itziar Ituño Martinez –

Bertsozale.eus-en webgunean.


Bertsolaritzaz idazteko eskatu didate oraingo honetan. Hasi baino lehenago argi utzi gura nuke ez naizela bertso munduan jakintsuena, ezta bertsolari txapelketa final guztietara joaten den jarraitzaile fidel eta sutsu horietakoa ere. Final batzuetan izana naiz eta itzel disfrutatu dut, baina beti ez dut aukerarik izan, dudan aktore ofizio honekin. Eta, gainera, aitortu beharra daukat, gehiago maite izan dudala beti bertso-afarien giro lasai, zirikatzaile eta dibertigarria, konpetizioen adrenalina eta nerbioak baino.

Uni-bertso berria Itziar Ituño Martinez

Hau dena baina, orainaldia da, ez baitut beti harreman bera izan bertsolaritzarekin.

Iraganera salto egingo dut, gazte garaira, nire bizitzan euskararen presentzia anekdotikoa zenekora; euskara hezkuntzako A ereduko ikasgai soil bat zeneko hartara. Garai hartan oso ondo nekien zein zen neure identitatea, baina aita eta ama moduan ez nintzen euskalduna. Euskaltzalea bai, hori etxekook beti! Benito, Laboa, Pantxoa eta Peio… entzuten ziren geure etxean, eta R5ean bolumen osoan. Eta nik, txikitan, buruz nekizkien kanta horiek denak, nahiz eta askotan zer esaten nuen ez jakin.

Ekitaldi askotan izana naiz gurasoekin, edota kuadrillako lagunekin, non zeremoniala edo errepikakorra zen estruktura: txalaparta hasieran, bertsolari bat edo bi, berbaldia eta kanta edo dantzaren bat amaitzeko. Hura izan zen nire lehenengo kontaktu zuzena bertsolaritzarekin. Ulertu barik, jokoa deszifratu barik, kanta hutsa, errima eta sonoritate hutsa; ezertaz enteratu barik.

Erdal kuadrilla zen geurea; oraindik eta bertsoen aurrean sortzen zen solemnitatea errespetatzen genuen, ulertzen genuen, argi geratzen zitzaigulako zerbait inportantea gertatzen ari zela, eta fenomenoa ulertzen zuen jendeak pasio handiz bizitzen zuela. Kutxakorra zen sentimendu hori. Gogoan dut azken puntuak saiatzen ginela errepikatzen girotik kanpo ez gelditzeko, batzuetan trakets, edo erdizka, eta neuri pertsonalki, gustatzen zitzaidala dinamika: bertsoen soinua, kantatzeko era berezi hori… Baina ideiarik ez nuen zer zen zortziko txikia, ez handia, ez… baina espektakuluaz disfrutatzen nuen, oso luzea ez zen bitartean. Luzatuz gero, geure artean ahapeka hasten ginen hitz egiten, eskolan eguneko gaia ondo ulertzen ez zenuenean bezala.

19 urterekin, baina, AEKn izena eman eta euskara ikasten hasi nintzenean, bai; orduan hasi nintzen bertsolaritza zen unibertsoaren misterioa argitzen. Orduan hasi nintzaion fenomenoari neurria hartzen benetan: bertsoak ulertzen, bromak harrapatzen, aldarrikapenekin bat egiten, emozioetan sartzen, batzuetan oilo ipurdia jartzeraino. Prozesu bat izan zen, euskararekin batera etorri zen prozesua. Orduan hasi nintzen oholtza gainean zeuden pertsonek egindako esfortzu mentala apreziatzen, eta euren buruen argitasuna eta azkartasuna miresten.

Garai hartan, emakume gutxi zegoen oraindik oholtzetan. Gizonezkoak ziren nagusi jardueran, eta egia da neska gazteok ez genuela erreferente edo abatar askorik zentzu horretan. Baina denbora joan zen hutsune onartezin hura konpontzen eta gauzak bere lekuan jartzen. Denbora eta emakume bertsolariak! Eurek irabazi zuten bataila hura, eta gaur egun paregabea da emakumeen jarduera bertsolaritzan. 2009an emakume batek irabazi zuen estreinakoz Euskal Herriko Bertsolari Txapelketa: Maialen Lujanbiok. Ni han izan nintzelako dakit. Mugarri historikoa izan ei zen. 2009an! A ze gezur galanta euskal matriarkatuarena!

Zorionez, bertsolaritza, gizartea bezala, aldatzen eta egokitzen joan da garai berrietara. Bizi-bizirik dago herriaren ondasun kultural-identitario bezala, eta orain lehen baino era osoagoan jarraituko du geure bidea argitzen, geure historiaren garapenean.

Uni-bertso berria Itziar Ituño Martinez  Uni-bertso berria Itziar Ituño Martinez