Urriaren 2an hasiko da 2021eko Nafarroako Bertsolari Txapelketa, Izaban

Urriaren 2an hasiko da 2021eko Nafarroako Bertsolari Txapelketa –

Bertsozale Elkartearen ataritik.


 

29 bertsolarik eman dute izena, eta behin aurre-kanporaketak igarota, 24 izango dira Nafar Pirinioan abiatuko den ibilbidean. Guztira, lau final-laurden, hiru finalaurreko eta finalak osatuko dute txapelketa. Iruñeko Anaitasunan jokatuko da finala, azaroaren 28an.
 
Urriaren 2an hasiko da 2021eko Nafarroako Bertsolari Txapelketa
 
 

Uste baino beranduago dator 2021eko Nafarroako Bertsolari Txapelketa, 45.ena. Urte hasieran izan behar zena pandemiak atzeratu zuen, eta udazkenera ekarri. Bitartean, hankaz gora jarri zaigu bizitza, eta bizitzarekin, bertsolaritza. Izurriak erabat moteldu du bertso plaza, eta agerian utzi du kulturgintzaren hauskortasuna. Eta beraz, txapelketak bultzada ere izan nahi du, plazak berriz indartzen joan daitezen, eta aldarri, bertsogintzaren eta kultur sorkuntzaren defentsan. Kultura, erantzukizunez, segurua da.

Urriaren 2an abiatuko da beraz 2021eko Nafarroako Bertsolari Txapelketa, Izaban, eta azaroaren 28an bukatuko da, Iruñeko finalean. Guztira, zortzi saio izango dira, beste horrenbeste herrietan: Izaba, Tafalla, Zangoza, Doneztebe, Altsasu, Berriozar, Leitza eta Iruñea; lau final-laurden, hiru finalaurreko eta finala. 29 bertsolarik eman dute aurten izena, eta pasa den ekainean jokatutako aurre-kanporaketen ondotik, 24 izango dira Izaban hasiko den bidean. Horietatik zortzi iritsiko dira Anaitasunako finalera, eta bakar batek jantziko du txapela. Harekin batera, dena den, hurrengo Bertsolari Txapelketa Nagusirako beste lau ordezkari nafarrak hautatzeko ere balioko du txapelketak.

Bi hilabetez, Nafarroaren berdeak, horiak eta gorriak zeharkatuko ditu 2021eko Nafarroako Bertsolari Txapelketak. Bide bat bertsoarena, euskara Nafarroan barrena barreiatzeko, mila kolore eta mila Nafarroa diren Nafarroa honetan. Hain zuzen ere, bere egitasmoa Nafarroa osora hedatzeko ahaleginean urrats berri bat emango du oraingoan Nafarroako Bertsozale Elkarteak: bi herrik -Izabak eta Zangozak- lehen aldiz jasoko dute txapelketako saio bat.

Hamaika lagunen ahaleginaren fruitu da txapelketa, sarean antolatzen dena, eta bertsolaritzaren ekosistema batzen duena. Bertsolariekin batera, epaileek, gai-jartzailek, antolatzaileek eta hamarnaka laguntzaileek eginen dute posible egitasmoa.

Urteak joan urteak etorri, Nafarroako euskal kulturaren ekitaldi garrantzitsua bihurtu da Nafarroako Bertsolari Txapelketa. Baina ez da bat-bateko lorea, urtean zehar egiten den lan isilaren fruitu baizik, eta bertsolaritza transmititzeko egindako lan eskergaren ondorio zuzena. Gozatu eta gozarazteko unea iritsi da. Iritsi da 2021eko Nafarroako Bertsolari Txapelketa.

 

Urriaren 2an hasiko da 2021eko Nafarroako Bertsolari Txapelketa

Urriaren 2an hasiko da 2021eko Nafarroako Bertsolari Txapelketa Urriaren 2an hasiko da 2021eko Nafarroako Bertsolari Txapelketa