Errebelatutako p(h)otoak

2021-09-17

Errebelatutako p(h)otoak –

Testua eta bertsoak: Jon Martin

Argazkiak: Jon Martin

 

 

Errebelatutako p(h)otoakHilabetean behin Bertsolari aldizkariaren blogean argitaratu diren argazkien eta bertsoen bilduma bat da honakoa. Bertsoa pentsatzeko argazki bat hartzea ez da berria. Norberak ateratzen dituen argazkien atzean bizipen asko dago eta, zenbaitetan, ikusten duenak zer irakurriko duen jakitea ez da erraza. Bertsoek argazki horien atzean zegoena bistaratzen edo berridazten zuten. Batzuetan argazkia eta testua aski dira photoa ulertzeko. Beste zenbaitetan testuinguruak testuak adinako garrantzia du. Argazki bakoitza hautatu izanaren motiboa jakin nahi duen irakurleak kortxete arteko zenbakien azalpena irakurri beharko du.

Hainbat photo joan dira 2016tik hona. Autoreak, 31 eskutik hartu, eta aldizkarian txertatuz emango dio amaiera bidaia honi.

 


 

Argazkilaritza zaletasun izan dut txikitatik. Denbora askoan aurrezten jardun ostean erosi nuen nire lehen kamera txukuna. Karretedun kamera haietan argazki bakoitza preziatua zen, prezio bat ordaindu beharra baitzegoen klik bakoitzarengatik. Une egokiaren zain pasatu beharreko segundo horiek edertasuna gehitzen zioten jardunari. Distantzia fokala kalkulatu, diafragmaren irekidurarekin jolastu… Emaitza ez zegoen asmatzerik harik eta egia errebelatzen zen arte. Zenbat dezepzio eta zenbat harrotasun lehen argazki horietan!

Argazkilaritza digitalak irauli egin zuen aparatuen erabilera. Argazkiak pantailatxoan ikusten hasi ziren unetik berehalakotasuna gehitu zitzaion jardunari eta emozioa gutxitu. Argazkilari baldarroi bigarren aukera, eta hirugarrena, eman zizkigun. Duela bi hamarkada, argazki txukunik egin nahi zuenak kamera handi samarra eramatea ia derrigorra zuen. Kamera handia, ordea, nabarmenegia da lapurrentzat; eta objektiboa helburu duen pertsonarentzat ere bai askotan. Horregatik maite dut India. Han, argazkiak egin diezaizkieten gustatzen zaio jende askori. Jendetzaren erdian hautatuak, bereziak, sentituko dira akaso. Ez dute, behintzat, guk maiz sentitu ohi dugun mesfidantzaren arrastorik.

Argazki onenak, ordea, oharkabean hartuak izan ohi dira; lapurtuak. Erretratatutako pertsonak kamera bere objektibotik kanpo duenean, bere keinu naturalekin diharduenean hartutakoak. Edo, justu, kameraren presentziaz ohartu berritan eskaintzen duen irribarre konplizearen unean hartuak. Horretarako lagun ona izan nuen nire Panasonic zaharra. 300 milimetroko teleobjektiboak urrunetik hurbiltzea ahalbidetzen zidan eta, atzealdeko pantaila jiragarriari esker, ez zirudien argazkirik egiten nenbilenik. Horri esker leku turistikoetan ez nuen argazkien trukean limosna eskean zetozen indiarren uholderik izaten. Ezta argazki sesio profesionalen batean lipar bat lapurtzeko arazorik ere [1].

Kamera hobeak izan ditut, baina ez dut harekin izan nuen esperientziara hurbiltzerik lortu sekula. Besteak beste, egunero poltsan daramadalako orain kamera. Orduan neramana baino askoz hobea eta askoz finagoa.

 

Panpin bihurtu zaituzte

pentsamenduz biluzturik

pintura, biziz husturik;

ponpoxa eta ilustre,

punta-puntako biluzte.

Zure indar isildua

soinekoak fosildua

sumendi baten gisara

indar kontrolaezin bat da

zelofanetan bildua.

 

Zure begiek, polita,

jada ez dute -ez dira-

garai bateko distira.

Eguneroko botika:

gora joateko goitika.

Jantzita, baina biluzik;

irriz, bai, baina ez pozik;

bizi, ereduen gisan.

Denek nahi dute zu izan;

denek nahi dute, zuk ezik.

 

Errebelatutako p(h)otoak

 

 

Photoek jada eginda zegoen lan bati bigarren bizitza bat ematea ahalbidetu zidaten. Bigarren aukera horretan neurriei eta errimei leku berezia eskaini nien. Bat-batean oso gutxitan erabili izan den dezima neurrian idatzitako bertsoak maiz hautatu izan ditut modalitate honetarako. Idatzizko zenbat eta eredu gehiago izan ahozkorako lagundu dezakeelakoan. Sinetsita nago errima gurutzatuak erabiltzeak ate berriak irekiko lizkiokeela bertsolaritzari. Mamiaren eta azalaren arteko borroka zaharrean bistan da mamiaren aldeko hautua egin duela bat-bateko bertsogintzak, eta guztiz ados nago bide horrekin, baina uste dut esploratzeko geratzen direla zenbait aukera bai neurri aldetik eta bai hoskidetasun aldetik ere. Halako pieza laburrek ahalbidetzen dute hizkuntza bihurritzea [2].

 

Egur, metal eta harri

eraikuntza transzendental

harri, egur eta metal,

josi, soldeatu, jarri

bat bestearen egarri:

metal harri eta egur.

Metala jaten duen ur,

egurra jan duen pipi,

harria hausten, poliki.

Denak denboraren beldur.

 

Ohola, xafla, adreilua

gama, delta, beta, alfa

adreilua, ohola, xafla

finkatu ta kriseilua

piztea da kontseilua

argitu dadin etxola:

xafla, adreilua, ohola,

suaren txinpartak entzun

zer mendera dezakezun

neurtu ezazu hola.

 

Errebelatutako p(h)otoak

 

 

Bertsotan hizkuntza behartzearen ariketen artean badut bat bereziki tiratzen nauena. Hitzak hautsi eta oin gisa erabiltzea jostagarria iruditzen zait. Uste dut bat-batean ere egin daitekeen zerbait dela, baina bereziki zaila iruditzen zait, kontra-intuitiboa da bertsolariontzat. Enkabalgamenduak ez dira asko erabiltzen bertsolaritzan eta niri maistratasun keinuak iruditzen zaizkit. Rapean erabiltzen dira halako baliabideak eta unibertso berri bat irekiko liokete bertsolariok erabiltzen dugun errima sistemari. Gure lehengaia zabala baina mugatua da eta jokorako pieza gehiago jarriko genituzke mahai gainean modu horretan.

Ez dut uste, hala ere, entzuleak atseginez hartuko lukeenik halako hitzen ebakidura bat. Ez behintzat lehenengo entzunaldietan. Bat-batean egiteko gai ez naiz sentitzen oraindik, eta ez dut uste horretarako egokiera sortuko zaidanik, baina idatziz egina utzi nahi izan nuen; trebeagoa eta ausartagoa den norbaitek helduko dio, akaso, mango heldu honi [3].

 

Probatu duzun urtsuena da

aukeratxo bat eman, go-

zo-gozo daude eta zukutsu

nahi baduzu eraman go-

sea daukazun momenturako.

Ez al duzu antzeman go-

gotsu nagoen arren musurik

ez dizudala emango.

 

Bihotzik jada ez daukat, beraz,

bular baten lehengusu

dudan frutari heldu zaiozu

eta emaiozu musu.

Behin birramonak ereindakoa

sendirako nahi zaitu zu

amak zaindua, ta nik bildua

zuk gozatu nahi al duzu?

 

Nikhilek hala erantzun dio:

-Ekar ezan, arren, ekar.

Gero ebaki egin du fruta

bere erdigunean zehar

eta bi zati banatu ditu

-kasta sistema lehertzear-

ta elkarrekin irentsi dute

ezin zutelako elkar.

 

Errebelatutako p(h)otoak

 

 

Photo honetan bezala, beste askotan ere istorioak kontatu ditut. Irudia abiapuntu hartu eta irudikatutako gidoi batean zentratzen saiatu naiz. Jendarteak onartzen ez dituen desioak aitzakia ederra izan dira maiz bertsoak jartzeko. Honako argazkiak Sri Lankako Kandy hirian hartutakoak dira. Sri Dalada Maligawan gordetzen dute Budaren hagina dena, omen. Urtean, astebetez, errelikia hori urrez apaindutako elefante baten gainean jarri eta desfilatu egiten dute bertakoek. Paparra bistan eta suaren argitan, hipnotizatzailea da hango jende-pasa [4] [5] [6].

 

Sugarren beroz izerdi gaziz

estalitako gorputzen

desioz hiltzen baldin bazinen

pasio haren erruz zen.

Elkar maitatzen duzue, baina

zaila da elkar ikutzen

jakinda zuen jerdarteak ez

duela ikusten zuzen…

Zerk izutzen du zaren guztia?

Zerk sutzen? Eta zerk zu-tzen?

Sarri ez dugu aldamenean

daukaguna ezagutzen…

 

Oraintxe bertan begiaz keinu

egin diozu Jamali,

nahi zenioke papar gaineko

mihisea desestali,

mingaina aho barruan sartu,

bilakatu animali,

bere beroan hauspotu eta

zure beroan kiskali

nahiko zenuke, ta begirada

haizea hartzera bidali;

baina gogoak erre dituzu

eta antortxa itzali.

 

Errebelatutako p(h)otoak

 

O, su, amaieraren

atea zara zu

errautsen memoria

idatzi ezazu.

Pila batean mila

oztopo dituzu

bilakatu itzazu

udaburuko su.

 

Azti batek esana

nire belarrian:

“malkoak beti badu

leku bat irrian”.

Lekua egin dezan

zaharrak berrian

erre nazazu goxo

eta neurrian.

 

Datorren sasoirako

erdi-prestatuak

kaleak daude gorriz

koloreztatuak.

Ez itzazu ahaztu

aurten eskatuak

ta eraman itzazu

kezka keztatuak.

 

 

Errebelatutako p(h)otoak

 

 

Buda gisara egin nizuen

horrenbeste hitzaspertu.

Esan nizuen: “Lasai ibili,

baina ez guztiz alfertu.

Inork okerrik egin badizu

ez betirako ankertu;

saiatu zaitez bera ulertzen

ura ez dadin uhertu,

eta ulertu duzun unean

zure burua aztertu.

Zure burua ezagutzean,

liburuetan ikertu.

Bilatu gauza denen egia

eta besteei agertu.

Oinazeari babesa eman

ta itsusia edertu.

Bilatu gauzen isiltasuna

(beste zentzuen kontzertu)

tolestu zaitez zure baitara

ta altxatzean suspertu.

Eguzkiaren indarra jaso

dena denean desertu,

euri azpian egizu dantza

ez baldin badu atertu.

Lortu ogia, gurtu ongia

eta ekintzatan zertu.

Eros daitezkeen alaitasunak

berpentsatu ta baztertu”.

Ta gurtu egin nahi ninduzuen,

irakaspenak eskertu.

Argiak piztu, urrez apaindu,

handikeriatik gertu.

Argi azaldu nizuen, baina

ez zenidaten ulertu.

 

Errebelatutako p(h)otoak

 

Asiako argazkiek Asiako istorioak eskatzen dituzte, baina, askotan, hango irudiak hemengo gertaerekin lotzen saiatu naiz. 2020ko apirilean, birusaz babesteko etxean ixoaldian geundela, lanera joatera derrigortu zuten jende asko. Distantzia soziala ez da bat eta bera Asian eta Europan, eta Myanmarreko harri sakratuetako bat ikusteko erabili genuen garraiobideaz gogoratu nintzen. Neurria tema izan badut, errima are temago. Hiru silabako oinak, sekula aurrez errimatu gabekoak, puzzle batean sartzea izan da maiz egin dudan ariketa [7].

 

Batzuk ERTEan eta

besteak EREan

batzuk eraldaturik

giza-aberean…

Argi geratu zaigu

laneko xedean

denak ez goazela

autobus berean.

 

Begiratuz aurtengo

urteko datuak

diruak ta bizitzak

dira kontrakuak.

Zeinen hauskorrak diren

gure kontaktuak

eta zeinen mardulak

gure kontratuak

 

***Kotxe txoferdunetan

zabiltzate zuek

ez zaituztete izutzen

besteen izuek.

Ikusten egitate

zipriztin batzuek

uzten al dizuete

luna tindatuek?

 

Errebelatutako p(h)otoak

 

Garraiobideetako argazkiak mugatuak dira eta argiztapen eskasa izan ohi dute. Baina, askotan, bidaiariak ordu-hil asko izaten ditu horietan, eta ez dira jolasteko une txarrak izaten. Egokiagoak dira testuak idazteko, argazkitarako baino.

Hala ere, batzuetan, ale ederrak ateratzen dira. Asiako kaleak argiz, usainez eta zarataz gainezka izaten dira, eta hori deskribatzen duten bertsoak ere idatzi izan ditut [8], Esnesaltzailearen doinuan. Argazkian idatzita dauden elementuak sartzea lortzen da tarteka.

Zenbat garraiobide, hainbat photo argitaratu ditut urteotan [9] [10] [11] [12].

 

Lantokitik etxera

dihoaz gizonak

astinduz klaxonak

ez dira joaten

ziren bezain onak.

Etxean itxarongo

die zorionak…

berdina ote dio

itxaron dionak?

Batzutan pasiloak

ez dira bionak.

 

Piztu-itzali-piztu

autoaren ertzak

laranjak ta beltzak

berdeak baietzak ta

gorriak ezetzak.

Loa gertu samar ta

urruti ametsak.

Etxerako bidea

hartu du jendetzak.

Lekurik bai al dago

maitasunarentzat?

 

Unibertsala haien

bizitzen joskera

iluntze aldera;

gaur ere ez dira nahi

bezain goiz atera

[(auto banatan), baina

guztiak batera]

bulegoko atetik

etxeko atera

inor behartu gabe

gelditu ote da?

 

 

 

 

Noizbait kolonia izandakotik

barkuz umil-umil datoz.

Politikoek jende uholde

bat nahi lukete hil datoz.

Ez dut pentsatu nahi inork hartzen

duenik inor hilda poz,

baina jadanik hiru itsaso

bete ditugu hildakoz.

 

Hesiek, geldi. Txarrantxek, urra.

Zakur lerdetsuek, kozka.

Haiei kritikan, batzuk isilik,

eta hizketan mordoxka.

Kosta behar zaie kostara heltzea.

Kosta, kosta a(ha)la kosta.

Noizbait lapurtu genien hura

reklamatzera datoz-ta.

 

 

 

Ez du ahaztuko lehengo urteko

martxoak hemeretzia:

tren baten hotsa, ta bera jende

askon presak irentsia,

irristada bat, oihu andana,

izterrean min ertsia…

Gero, ezer ez. Gero klinikan

hanka baten ausentzia.

Datorkiguna onartzea da

fedearen esentzia,

baina zein jainkok aukeratzen du

norbere penitentzia?

 

Nork erakutsi dio topatzen

oreka bat herrenean?

Nork bilatzen du kanpoan? Eta

nork norbere barrenean?

Nork jaisten ditu eskilaraok

modurik baldarrenean?

Nor itzultzen da berriz minera

haren urteurrenean?

Bidaia bana daukagu hanka

lapurtu zigun trenean.

Dena aldatzen da galera bat

ospatzen hasten denean.

 

 

 

Kalkutan taxi gidari zara.

Klaxona da pasahitza.

Behingoagatik turista batzuk

harrapatu bazenitza…

Bezeroek noiz eskua altxa

beti begira zabiltza;

ta, bat-batean, agertu zaizu…

erreakzio bortitza!

Bolante kolpez salbatu duzu

amona baten bizitza.

 

Baina ordaina edukiko du

dama hori saihestuak.

Zuhaitz bat erdiz erdi jo duzu.

Hain dira kale estuak!

Buruan kolpe izugarri bat.

Kapotatik ke belztuak.

Garezurraren xafla gotorrak

barurrantza tolestuak.

Ohartu zara zeinenak diren

heriotzaren eskuak.

 

 

 

Lurra daukazu oinetan.

Ez da ez txarra, ez ona.

Zu zara hara ta hona

ibiltzen dena bidetan,

garraiatzeko lanetan

bizitza utzi ohi duna.

Oin basamortu. Oin duna.

Galdetu zure oina den

zapaltzen duzun lurraren

parte bihurtzen zaituna.

 

Haur zela ez zen eskola

nahi zuen adina izan

ta geroztik asto gisan

egin izan du nahiko lan.

Begiraiozu oin zolan

ta esango dizu ze lan

zenbat urtez eta zelan

burutu dituen makur.

Zola zulatua bihur

ote daiteke artelan?

 

 

 

Gehien jorratutako gaietako bat generoarena izan da. Bizi nintzen etxetik gertu festa giroa sumatu eta atera nuen argazkia, eta nire argazki gogokoena bihurtu zen sakrifikatu berri zuten arkumea larrutzen zuten bitartean begiratzen zidan [13] Bengaluruko neskarena.

Batzuetan, aurreikusitako keinu bati esker ateratako argazkiak dira [14]. Bestetan, turistarik apenas heltzen zen Sri Lankako bus geltokiko denda honetan bezala, erretratatuak berak eskatuta ateratakoak [15].

 

Gurasoek, hitzen bidez,

esan didate: “estali”,

“noiz ta norekin ibili,

ta ahal bada norekin ez”,

“ahula zara”, “egin ihes”,

“bihurtu zaitez bikote”…

Ta galdetu nahi nioke

orain nire buruari:

Gauzok nire anari

esan ote dizkiote?

Onbeharraren kaiolan

hezia, hazi ez nendin.

Ta etxetik kanpo, berdin…

Lehenengoa naiz eskolan;

izango al dut nahiko lan?

Esaidazu, andereño.

Begiak aldatzeraino

heldu nahi nukeen arren maiz

jende askorentzat ez naiz

haragi zati bat baino.

 

 

 

Aitak, kalera joateko

jantzi zizun diadema

ile bihurria dena

mendean edukitzeko

(kontrolpean sentitzeko

basatia dena berez).

Orraziak, irri trebez,

nahi luke domatzeko gai;

baina ileak ez du nahi,

eta haizeak ere ez.

 

Babesek balaztatuta

abiatu zinen zutik.

Beti besteen eskutik

joateaz nazkatuta,

hasi zinen, askatuta,

korrika egiten irriz.

Kezka gabe bideko harriz

muturkatzeko. Hain trebe!

Erori bazina ere

jaikiko zinake berriz.

 

Ta, ostutako askatasun

urteei erreparatu,

lotsatu ginen; ohartuz

zenbat lapurtu genizun.

Ta bertan topa gintzazun

atzera begiratzean,

bidaia abiatzean

ez genizun ezer esan;

aurrera egin zenezan

kokatu ginen atzean.

 

 

Arrotz baten eskuak

zure izter bitan.

Zu, panikoan, geldi

eta izerditan.

Nahiz azkarrena izan

ohi zinen erbitan

bera azkarragoa

izan zen erditan.

Ja ez zaude seguru

izan zinenik han;

oroitzeko gertatu

zen txikiegitan…

Baina ikusteko zer

pasa zen egitan

beste iris bat sortu

zitzaizun begitan.

 

Kostata egindako

zure aitortzaren

inguruan sortu zen

zalantza hotzaren

minak umilatuta

ez zaude pozarren.

Gaur amorrua duzu,

beldurra, lotsa lehen.

Behin bortizki lurra jo

zuen okotzaren

ondorioz puskatu

zenuen hortzaren

ordezko protesia

nahiz eta hotza den

zure orbainei esker

dakizu nor zaren.

 

 

Iparra eta hegoaren arteko talka gogorra da batzuetan. Teorikoki existitzen dela dakiguna muturren aurrean jartzen zaigu tarteka, eta burdinazko barra batek hortzetan bezala kolpatzen gaitu. Klaseen arteko ezberdintasunak hemen baino handiagoak eta finkoagoak dira Asiako leku gehienetan; lan baldintzak, penagarriak; eta haur izateko eskubiderik izan ez duten pertsona asko [19] izan ditu aurrean nire kamerak. Kapitalismoaren paradoxak [17] topatzea ez da zaila izan, eta desesperatuki ihesi abiatu direnak ez dira gutxi [21]. Turismoa diru iturri nagusi bihurtzeak zer desoreka sortzen dituen ikusi ahal izan dut, eta tradizioa turisten sosak eskuratzeko nola erabiltzen den ikusteak amorrarazi nau [18]. Miseriaren dokumentazioari dagokionez, gogoan ditut, bereziki, umezurztegiak [20] eta errepideak asfaltatzeko bere eskuak baino erabiltzen ez zituen emakume hura [16].

 

Mundu honek eraiki

du piramidea

zu izan ez zaitezen

nire lankidea

(aurretik ezartzeko

gure lanbidea).

Norberak egiten du

norbere bidea?

Zurea egiteko

egizu nirea.

 

Batzuek oinazerik

gabeko oinarriz

jaio gintuzten eta

beste batzuk, berriz,

eskuarki arriskuz;

eta esku-harriz

bere bide sortzen

darraite egarriz

galipota beroa

eskuekin jarriz.

 

 

 

 

Gaurko ez ezik biharko

ere arrantzatzen badu

bihar lakura, ondradu,

ez du etorri beharko.

Ta, demagun, etzirako

haina biltzea gaur bertan

edo saltzea dendetan…

motor bat jartzeko baltsan.

Zerbait hasi da balantzan

bere beharren orekan.

 

Hainbeste hasi zen saltzen,

-aberastu zen zeharo-

saltzen zen baino gehiago

hasi baitzen arrantzatzen,

arraindegiak zabaltzen

arriska zaitez, arriska!

Doa (ez daukana bista)

amildegirantza zuzen.

Lakura arraiz hustu zen;

ta jendez, haien herrixka.

 

 

 

Dena posesioan nahi

lukeen sistemaren aurka

batzuk bere desioa

murriztea dute hauta.

Gutxien behar duenak

oso gutxirekin mauka

daukala esan izan du

zenbait jendek alarauka.

Desoreka mantentzeko

era ere bada hau ta…

Zilegi da bihurtzea

neurrien argonauta

gutxien behar duenak

nahikoa baldin badauka.

 

Gaur egun ia guztia

eskuratu badaiteke

gehiegi itxaron gabe

ta erlatiboki merke;

zeinek hartuko du bere

barrunbeetan aterpe?

Zeinek konpartituko du

katilukada bete te?

Nork berotuko du ura

ia bihurtu arte ke?

Hutsuneak onartzetik

asko ikasi liteke…

Hutsik dagoen basoa

besterik ezin da bete.

 

 

 

Pobre jaio ninduten

(esku xamurretan)

hautsa beste ondasunik

gabeko lurretan.

Salmentan jardungo naiz

eskola urtetan

errukia erabiliz

edo gezurretan

asko sakondu gabe

nire beldurretan.

Nork lotu dizkit sokak

eskumuturretan?

 

Badakizu turisten

kontura bazkaltzen

kartera zabaltzeko

ezpainak zabaltzen.

Besarkada beharrak

jolasez estaltzen,

baina inuzentzia

hasi zinen galtzen

galdetu baitzizuten

tartean ez al zen

tamaina errealeko

titererik saltzen.

 

 

Lau urte dituzu, baina

askorentzat jada zaharra;

hargatik gaur estu-estu

lotu duzu irribarra.

Atetik pasa orduko

emaztea ta senarra

zu izateko lehena.

Zu izateko bakarra.

Umezurztegi honetan

dena da irregularra

ta sarri nahasten zaizkizu

heltzean ilunabarra

joateko desioa

ta pazientzia beharra…

Noizbait Peter Pani ere

irtengo zaio bizarra.

 

Geneek lotu gabeko

arreba eta anaiak.

Zaharregi jaio ginen

pezeratako arraiak.

Atea zeharkatzear

dauzkazu gurasogaiak

ta larrituta estutu

egin zaizkizu erraiak.

Goxotasunaren bila

hemendik atera nahiak

besteak bihurtu ditu

irribarredun etsaiak.

Orain oroitzen dituzu

ta dirudite alaiak

joateak beldur pixkat

ematen zizun garaiak.

 

Behin hona etorri ziren

zure anaia biltzera

geroztiz haren oroimen

bakarra duzu bisera.

Hargatik, sartu orduko

-arau denak gorabehera-

joan zara “amatxo”-ren

izterra besarkatzera.

Hari eskutik helduta

egin duzu ibilera,

baina haur txikiago bat

hartuta joan da bera.

Aldentzen direla ikusiz

atean gelditu zara

galdetuz galdu al duzun

zure azkenengo aukera.

 

 

Iparrera heltzeko

milaka legoa

alboetan hegatsak

atzean hegoa.

Zailtasunak itoko

luke gehiengoa,

baina da sendiaren

apustu sendoa…

Lehenengo beso bat,

gero hurrengoa,

hura jaitsi ondoren,

berriz lehenengoa…

Lehenengo beso bat

gero hurrengoa,

ta bitartean lurra

gerturatzen doa.

 

Odiseak, gupidaz,

balerik balekar

bere ondoan arnas

ez al lezake har?

Haurrak ta itsasoak

eusten dute elkar

hondoak ez du hezur

gehiagorik behar…

Igeri jarraitzen du

itsasoan zehar

oztopo litzateke

egitea negar

igeri jarraitzen du

itsasoan zehar

beti igeri eta

beti itotzear.

 

 

Instituzio boteredunak gai interesgarria dira bertsotarako. Bereziki interesatzen zait Indiako espiritualitatea, baina halako jendarte batek botere harreman oso hierarkiko bat ere onartzen du. Fedearen aitzakian ia edozer justifikatzen da zenbait lurraldetan. Etxean jateko aski izango ez duten beldur monje bidaltzen dituzte seme-alabak hiritar askok [22]. Miserian bizitzeak are otzanago bihurtzen ditu asko, eta badirudi, zenbaitetan, ez dutela horren kontzientziarik [23].

 

Erlijioak ez ezik, indar militarraren erabilerak ere baldintzatu du herri askoren historia [25] [26].

 

Polizia eta militarrak ere protagonista dira zenbait lurraldetara egindako bidaietan: Sri Lankako iparraldean, adibidez. Asiako poliziekin kontuz ibili beharra dago. Oso soldata baxua dute, eta haietako batzuk ohituta daude sobornoen bitartez soldata osagarri bat sortzera. Horregatik, edozein kontroletatik libratzea lasaigarri da bidaiari zarenean, dolaribiltari bat baikara askoren begietara [24].

 

Fedea kontrol bada,

kontrola botere,

boterea ordena

ta ordena lege,

legea diru bada

ta dirua fede;

fedea kontrolatzen

duena errege.

Gure aiten ta amen

karmaren mesede.

Oilategira nola,

halaxe gu ere;

garraiatu gintuzten

behin giza-abere.

Norbera gara, baina

ez gara norbere.

 

Familiari esan

beharra adio

sei urteko haurrontzat

ze sufrikario…

Gure buru soildu ta

gure murmurio

sorbaldatik beherako

zintzilikario.

Fedeak bai omen du

hainbat misterio…

Nahiz ez nukeen nahiko

Buda, arerio,

sistema honi ongi

irizten badio

errezatzeak ez du

askorik balio.

 

 

Erlijioak jokatu gaitu.

Arma bat da zer datorken.

Gure oraingo sufrimendua

omen da biharko lorpen.

Leher bazeneza, lur bazenio,

lor bazeniezaioken…

sarri egiten baino gehiago

erakutsi du egoten.

Orainaldiko sufrimendua

gerorako itxaropen

zenbati joan zaion bizitza

uneari itxaroten…

 

Fedeak asko, isil-isilik,

mantendu du miserian

ta nor den horren onuraduna

geratzen da agerian.

Nahiz ez sinestsi hiruki baten

barruan dagon begian

gezur guztitan dago egi bat,

eta gezur bat egian.

Naufragatuta baldin bazaude

itsasoaren erdian

erreza zazu tarteka, baina

segi zazu igerian.

 

 

Geldi zaitzake, gogaitu,

(hark uniforme bat baitu)

jaitsiarazi, galderaz ito,

jazarri, epaitu.

Gaurkoan ez da etsaitu

ta esan dizu “jarraitu”.

Oraingoan zu libratu izanak

lasaitzen al zaitu?

 

Zuzentasunaren gida

haien eskutan jarri da

ta nork asmatu du erabiltzen

indarra neurrira?

Gris, urdin, berde-oliba…

noizbait itzuliko dira.

Etorkizunak jarriko zaitu

atzera begira.

 

 

Elefante gaixoa

txikia zenean

kate batekin lotu

zuten zuhaitz mehean;

alferrik jarduten zen

joateko planean

behar haina indar ez

zuen, aidanean.

Nahiz indarrak aldatu

denborak, joanean;

ez zen berriz saiatu

lehengo afanean.

Iraganak iltzatzen

gaitu orainean

eta lotuko gaitu

etorkizunean.

 

Zernahi heltzeko tronpa

ahalguztiduna,

armadura gotorra,

azala iluna,

edozer oroitzeko

kapaz den garuna,

txikia zen garaiko

oroimen astuna.

Elefante bat al da

herri euskalduna

historiak adina

hamarkadaduna?

Utopia bihurtzen

da askatasuna

zaintzailetzat hartzean

nagusi duguna.

 

 

Nahiz ta begiak ametsez bete

izan gara juzkatuak,

busetik irtenaraziak ta

trenean ikuskatuak,

pertsegituak, torturatuak,

zapalduak, puskatuak,

borrokarako heziak edo

jaiotzez disgustatuak.

Errepresioz lau burutako

famili hirustatuak.

Herriminezko kanten sortzaile,

maitasunez sustatuak.

Munduko herri zapaldu oro

doaz elkartuz patuak;

noizbait arrazoi izango duten

kartografo frustratuak.

 

 

Edukian eta moldean bilatu daiteke edertasuna. Myanmarreko arrantzale honek [30] eta Sri Lankako emakume honek [31] eskainitako argazkiek bertsoetan testua kokatzeko moduarekin jolastera eraman ninduten. Bertsoa batez ere hori baita, jolasa.

Hala ere, bertsoak idazteak beti balio izan dit zauriak sendatzeko, eta oinazea azal barrutik kanporantz ateratzearen ondorio dira zenbait Photo. Bertsogintzan oso ohituta gaude publikoak entzun nahi lukeena aurreikustera, eta ez dakit halako bertsoek zer sentiarazten dioten irakurleari. Pentsatu nahi dut irakurleak berrinterpretatu egingo dituela, zentzu berri bat eman. Hiru dolu behintzat papereratu ditut Photoen bidez. Bi pertsonaren urruntzea kontatzen duten bi ale dira [28] eta [29]. Honako bertsoak, berriz, Jon Barberena hil zen egunean idatzi zitzaizkidan [27].

 

Hitzen maitalea hintzen,

goxoa eta epela;

bestea tratatzen huen

hire poemak bezela.

Ez hintzen argi nahietan

desegingo huan kandela

nahiago nikek pentsatu

itzali egin haizela.

 

Kantatu huen bizitza.

Izan hintzen haren parte.

Bele beltzaren kantuak

bihurtu zian, txolarte.

Zilarrezko hegakadek

baharamate aparte.

Luma beltz bat erori zaik.

Inork ez zekik noiz arte…

 

 

 

Pozez janzten den tristura,

ez dago tristeagorik.

Ez daukalako hondorik

beherantza doa aingura.

Sortutako gezur hura

inork ez zezan akuila

ozendu zenuen buila

ez entzuteko gehienbat…

Lehertu aurretik zenbat

puztu daiteke burbuila?

 

Zuk burbuila puztu ahala

hark hustu zintuen airez;

nahiz ta hasieran nahi ez

findu zitzaizun azala

burbuila bati bezala.

Jada, arrakalatua

zegoen zure patua

eta hustu zinen guziz

zure burua ikusiz

burbuilak harrapatua.

 

 

Ilunak beldur ez zaitzan, sarri

ez dut argirik itzali,

beso artean estutu zaitut,

manta potoloz estali;

baina jolasten ikasi ahala

gure beldurrak, irauli:

gaur gordeketan jolastu gara

eta ez zara itzuli.

 

Zu, ispilua; ispilua, zu.

Biak begira elkarri.

Beste aldera igaro zara

ta ezin zaitut ekarri.

Zauria egin baino lehenago

ezin da tirita jarri.

Joateko etorri bazinen ere

joana beti mingarri.

 

Mila markoka askatu ditut

mareak eraman ditzan

gerora ere ase ditzazun

mila ta bat beharrizan.

Nire zati bat ematen dizut

itsas izar baten gisan.

Hartzazu, eta egizu zure;

eta zoriontsu izan.

 

 

Aukerarik ez zuten

izan zenbait semek

aiten lana hartzea

baino ez zutenek.

Geroztik, dituztela

badakigu denek

irribar samurrenak

eskurik latzenek.

 

Ez zenuen inor zain

izan nahi hondartzan

itsasoak urruti

bazinderamatzan.

Beti portu ezberdin

batean arrantzan.

Bazenekartzan, baina

ez zeneramatzan.

 

 

 

 

Eskutan dituzunak

hiru ibai dira:

Eskuineko ibaia

erdirantza jira,

eta ezkerrekoa

ekarri erdira;

prozesua hasteko,

berriz, eskuinera…

Gauerdiko garia

osatzen ari da

zein momentutan lotu

didazu begira?

 

Zure ilean gora

badator barkua

sorbaldan topatu du

labainkor, arkua

kostata gainditu du

zure bordatua

laster topatuko du

zer abordatua…

betiko geratu naiz

-horra hor, datua-

zure irribarrean

txirikordatua.

 

Errebelatutako p(h)otoak Errebelatutako p(h)otoak Errebelatutako p(h)otoak Errebelatutako p(h)otoak Errebelatutako p(h)otoak Errebelatutako p(h)otoak Errebelatutako p(h)otoak Errebelatutako p(h)otoak Errebelatutako p(h)otoak Errebelatutako p(h)otoak 
Errebelatutako p(h)otoak Errebelatutako p(h)otoak Errebelatutako p(h)otoak Errebelatutako p(h)otoak Errebelatutako p(h)otoak Errebelatutako p(h)otoak Errebelatutako p(h)otoak Errebelatutako p(h)otoak Errebelatutako p(h)otoak Errebelatutako p(h)otoak 
Errebelatutako p(h)otoak Errebelatutako p(h)otoak Errebelatutako p(h)otoak Errebelatutako p(h)otoak Errebelatutako p(h)otoak Errebelatutako p(h)otoak Errebelatutako p(h)otoak Errebelatutako p(h)otoak Errebelatutako p(h)otoak Errebelatutako p(h)otoak 
Errebelatutako p(h)otoak Errebelatutako p(h)otoak Errebelatutako p(h)otoak Errebelatutako p(h)otoak Errebelatutako p(h)otoak Errebelatutako p(h)otoak Errebelatutako p(h)otoak Errebelatutako p(h)otoak Errebelatutako p(h)otoak Errebelatutako p(h)otoak 
Errebelatutako p(h)otoak Errebelatutako p(h)otoak Errebelatutako p(h)otoak Errebelatutako p(h)otoak Errebelatutako p(h)otoak Errebelatutako p(h)otoak Errebelatutako p(h)otoak Errebelatutako p(h)otoak Errebelatutako p(h)otoak Errebelatutako p(h)otoak 
Errebelatutako p(h)otoak Errebelatutako p(h)otoak Errebelatutako p(h)otoak Errebelatutako p(h)otoak Errebelatutako p(h)otoak Errebelatutako p(h)otoak Errebelatutako p(h)otoak Errebelatutako p(h)otoak Errebelatutako p(h)otoak Errebelatutako p(h)otoak